Jaiegunetan gozatzeko planak

Ekitaldi ugari antolatzen dira Aste Santuko oporretan Euskal Herrian: urrunegi joan nahi ez dutenek edo bertara etortzen direnek zer egin ugari izango dute egunotan. Kulturarekin lotutako ekitaldiak dira gehienak: Sarako Biltzarra, Xiru jaialdia, Bilboko Basquefest jaialdia...

Xiru jaialdia Gotaine-Irabarnen. Amaren Alabak taldeak Zauriak Lore gaualdian abestuko du. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Aste Santuko oporrak Euskal Herrian igaro behar dituztenak zorteko daude. Izan ere, ekitaldi ugari antolatu dituzte ia lurralde guztietan egunotarako. Gastronomiarekin, ondarearekin eta, batez ere, kulturarekin lotu dituzte, nork bere gustukoena aukera dezan.

ARABA

Gasteiz sakon ezagutzeko hamaika modu



Kolore guztietako bisita gidatuak prestatu dituzte Gasteizen hiria sakonago ezagutu nahi dutenentzat. Erdi Aroko hirigunea ezagutzeko aukera emango du batek, Gasteizko «hoberena» erakutsiko du beste batek, hiriko kondairak ezagutaraziko dituzte beste baten bidez, naturak eta hiriak bat nola egiten duten ezagutuko dute beste batean, hirigune historikoaren «sekretuak» haizatuko dituzte beste batean... Gaurtik hasita astelehenera bitarte, hiria sakon ezagutzeko aukera izango da, beraz. Bisita gidatuak eskainiko dituzte, era berean, Arte Ederren Museoak eta Bibat museoak.

Horrez gain, Lan Berri eskulangileen azoka egingo dute astelehenera arte; azoka ez ezik, hainbat tailer ere prestatu dituzte swinga dantzatzen ikasteko eta xaboiak, madalenak eta bestelakoak egiten ikasteko. Gasteiz On dendari elkarteak eta hainbat lokalek ere egitarau bereziak osatu dituzte egunotarako.

Noiz: Gaurtik astelehenera arte.

Non: Gasteizko kaleetan.

Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/

BIZKAIA

Basquefest Bilbon



Gaurtik igandera arte Bilbo «euskal kulturaren hiriburua» izateko asmoz, Basquefest antolatu dute, 200dik gora proposamenekin. Gastronomia, musika, dantza, antzerki eta kirol erakustaldiak izango dira, baita kaleko animazioa ere. Thierry Biskariren Manez eta Kobreak taldeak estreinatuko du jaialdia gaur, Azkuna zentroan; Ruper Ordorikak eta Xabi Solanok ere euren lan berriak estreinatuko dituzte jaialdian bertan. Hiru agertoki berri gehitu dizkiete iazko hamalauei, San Anton zubia, Berreginen Museoa eta Erriberako merkatua. Kafe Antzokiak ere egitarau propioa izango du, Basquefest Rock City, eta Kaskezur eta Lukiek taldeek kontzertua eskainiko dute, besteak beste.

Noiz: Gaurtik igandera.

Non: Bilboko hainbat gunetan.

Informazio gehiago: http://basquefest.com/

Eskutartie azoka Bilbon



Eskutartie eskulangileen azoka egingo dute egunotan, gainera, Bilboko Areatzan, gaurtik apirilaren 8ra bitartean. Zortzigarren urtez antolatu du Arbaso eskulangileen elkarteak Udaberriko Eskulangileen Azoka. Saltokiez gain, lanbideen erakustaldiak, haurrentzako tailerrak, zozketak eta «beste hainbat sorpresa» izango dira.

Noiz: Gaurtik apirilaren 8ra.

Non: Bilboko Areatzan.

Informazio gehiago: http://eskutartie.blogspot.com

GIPUZKOA

Zerbeza feria Zarautzen



Diru premiak asetzeko hasi ziren zerbeza feria egiten Zarautzen, eta urteroko azoka bihurtu da dagoeneko: gaurtik astelehenera bitartean egingo dute Zarauzko zerbeza feria, Munoa plazan. Nazioarteko hainbat zerbeza probatzeko aukera izango dute hara joaten direnek, baita Alemaniako ohiko jakiak dastatzeko ere.

Noiz: Gaurtik astelehenera arte.

Non: Zarauzko Munoa plazan.

Informazio gehiago: http://www.garagardoazoka.info/

Naturarekin harmonian parketxeetan



Gipuzkoako lau natura parkeek egitarau berezia prestatu dute Aste Santuko oporretarako, nork bere parketxean. Era askotako planak eskainiko dituzte: familian egitekoak, bakarka, naturarekin lotutakoak, kultur ondarea ezagutzeko antolatutakoak... Pagoetako natur parkean (Aia) Agorregiko burdinola martxan jarriko dute; Aiako harriko parkean, Arditurriko (Oiartzun) meatze gunea bisitatzeko aukera izango da; Ataunen, Aralarkoan, Barandiaran museoa eta hango errota eta zerrategi hidraulikoa ezagutzeko aukera emangodute, talo tailerren aitzakian;Aizkorri-Aratzeko parkean, azkenik, Zegamako Anduetza parketxean, familientzako orientazio ibilbidea eta Jaten den egurrik ba al dago? saioa eskainiko dituzte.

Noiz: Aste Santuko eta Pazko asteko egunetan.

Non: Gipuzkoako parketxeetan.

Informazio gehiago: https://www.parketxesarea.org/

LAPURDI

Xingar azoka Baionan



Urtero bezala, xingarraren azoka egingo dute Baionan: bihartik igandera bitartean izango da, merkatu plazan. Xingarraz gain, Irulegiko ardoa, Iratiko gazta, Ezpeletako piperrak eta Biarnoko gatza ere aurkituko dituzte bisitariek, besteak beste. Gainera, haurrentzako tailerrak, esku pilota eta trinket partidak eta peñen arteko tortilla lehiaketa egingo dituzte egunotan.

Noiz: Bihartik igandera.

Non: Baionako Roland Barthes zelaigunean eta merkatuan.

Informazio gehiago: http://www.bayonne-tourisme.com

Idazleen biltzarra Saran



Iaz egin bezala, aurten ere bi egun izango ditu Sarako Idazleen Biltzarrak 35. aldian: igandean eta astelehenean egingo dute, Sarako kiroldegian. 120 idazle, 25 argitaletxe eta hamabost elkarte iragarri dituzten aurtengo azokarako, baina, horrez gain, hitzaldiak emango dituzte kanpoko karpan eta haurrentzako txoko berezia izango da, besteak beste. Auxtin Zamora eta Jean-Claude Larronde sarituko dituzte aurten —astelehenean egingo dute sari banaketa, 12:30ean—; Zamora olerkaria da, eta Hatsa poesia egitasmoaren eramailea; Larronde, berriz, historialaria da.

Noiz: Igandean eta astelehenean.

Non: Sarako kiroldegian.

Informazio gehiago: https://otsare.jimdo.com/

NAFARROA

Bolant eguna Luzaiden



Urtero bezala, Bolant eguna egingo dute Luzaiden igandean: dantzan emango dute eguna txapel gorria, espartinak, ator eta praka zuriak, eta koloretako zintak bizkarrean hartuta. Karrikaburu etxearen atarian hasiko diradantzan; ondoren, ohiko bisita egingo dute Arnegin, Pekotxeara itzuli aurretik. Santiago plazan arituko dira eguerdian, baita arratsaldean ere. Herri afariaren ostean, gaupasa egiteko aukera izango da Holako taldearekin.

Noiz: Igandean.

Non: Luzaideko kaleetan.

Informazio gehiago: http://luzaidekobolantak.blogspot.com

ZUBEROA

Xiru jaialdiaGotaine-Irabarnen



Musikari eta sorkuntzari eskainitako Xiru jaialdia egingo dute Gotaine-Irabarnen ostiraletik igandera. Zauriak Lore gaualdia egingo dute etzi Gotaineko elizan: kontzertua eskainiko dute Argentinako Caronni ahizpek, Amaren Alabak eta Maider Bedaxagarrek, 21:00etatik aurrera. Ekitaldiz betetako egitaraua osatu dute larunbaterako: besteak beste, Koldobika Jauregik Pareta obra aurkeztuko du Irabarnen, arratsaldean, eta Barbau Hamalau ikuskizuna emango dute gauean Gotainen; Dominika Rekaltek, Cie Paralleles hip hop abeslariek, Suak taldeak eta Xiberoko aktoreek parte hartuko dute, beste batzuen artean.

Igandean, Gotainen, pilota partida izango da goizean, baita dantzariak ere, Mixel Arotze eta Jean Mixel Bedaxagar abeslari direla. Bazkalostean, Oteizaren haria eskainiko du Mug Mus laborategiak, musika, dantza eta bertsoak uztartuz.

Noiz: Ostiraletik igandera.

Non: Gotaine-Irabarnen eta Maulen.

Informazio gehiago: http://www.soule-xiberoa.fr/eu/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.