Zientziaren hesia apurtzen

Claude Cohen-Tannoudji eta Juan Ignacio Cirac fisika kuantikoko ikerlariak Bilbon izan dira DIPCk antolatutako jardunaldian. Han, DBHko ikasleekin egon dira, zientziaren inguruko aurreiritziak apurtzeko eta esparru interesgarria izan daitekeela erakusteko.

3 MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS, ESKUBID.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bere garaian ni ere zuen lekuan egon nintzen, zer egin ez nekiela, eta inoiz ere halako lorpenak izango nituenik ere pentsatzera iritsi gabe». Juan Ignacio Cirac fisikariak agertoki baten gainetik bota zizkien hitzok ikasle talde bati, atzo. Ondoan zuen Claude Cohen-Tannoudji fisikako Nobel sariduna, eta hezkuntza prozesuan zientziarekiko harra sortzeko beharraren inguruan hitz egin zuen: «Ezinbestekoa da Bigarren Hezkuntzan gazteek zientziarako interesa sorraraziko dien irakasle bat izatea. Nik unibertsitatean izan nuen, eta ordutik ezin izan dut alde batera utzi». Fisika kuantikoaren esparruan izen garrantzitsuak dira biak, aurkikuntza azpimarragarrien erantzule. Eta hori izan zen atzo haien helburua: gazteak zientziara gerturatzen saiatzea. «Gazteek askotan uste dute zientzia esparru oso zaila dela, eta hesi hori apurtu beharra dago», zioen Amaia Arregi Donostia International Physics Centerreko arduradunak. Horregatik jarri zituzten ikasleak fisikako bi izen ospetsu horiei galdezka.

Ez ziren galdera gutxi izan, gainera. 44 ikastetxetatik joandako berrehun ikasle eta irakasle inguruk galdera biografiko, tekniko eta orokorrak egin zizkieten bi fisikariei. «Aparteko aukera da maila honetako zientzialariekin egon ahal izatea eta ikustea haiek ere bere garaian gure egoera berean egon zirela. Etorkizunean zer egingo dudan ez dakidan arren, interes handiz ari naiz entzuten jardunaldi hau», zioen Paula Agirregabiria Erandioko Ategorri institutuko ikasleak, Cohen-Tannoudji fisikariarekin argazkia atera berritan. Izan ere, atzoko jardunaldietan ikasleek aukera izan zuten goi mailako zientzialari horiekin berbetan egoteko, baita aurrez aurre ere. «Beharrezkoa da hori, ikus dezaten oso gertuko pertsonak direla», Arregiren hitzetan. Eta hori lortu nahi zuten ikasleek eurek ere: gertutasuna.

Hain zuzen, galderen artean ugariak izan ziren biografikoak: zientziara jauzi zergatik egin zuten edo aurkikuntza bat egin zutenean zer sentitu zuten. Erantzunak ere halakoxeak izan ziren. Cirac: «Zerbait aurkitzen duzunean, 'eureka!' ezagun hori egiten duzu; lasterketa bat irabazi izan bazenu bezala izan ohi da. Horren ondoren jakin ahal duzu zure ekarpen horrek erabilerarik izan ote dezakeen edo iraultzailea izango ote den ala ez». Antzeko erantzuna eman zion galderari Cohen-Tannoudjik ere: «Zerbait ikertzen edo behatzen saiatzen zarenean, aurkikuntza bat egin duzula uste baduzu, lehenengo inguruko jendearekin hitz egiten duzu ikusi berri duzunari buruz. Hala baieztatzen denean poz handia ematen dizu, baina ondoren ez duzu sekula jakiten zertarako erabiliko ote den zure aurkikuntza hori».

Nobel sariaren jabe den fisikari frantsesak laser izpiekin atomoak geratzea lortu zuen 1960ko hamarkadan, baina ordura arte sekula lortu ez zen moduan: tenperatura hotzean. Ondotik iritsi dira haren ekarpen horren emaitzak, eta hitzaldira joan ziren ikasleei azaldu zien besteak beste erloju atomikoak egiteko dela baliagarria. «Orain, laserra atomo horien propietateak aldatzeko erabiltzen ari gara». Beraz, erabilera horiek sustatu dituen aurkikuntza egiteagatik pozik dagoela onartu zuen. Ciracek, berriz, ordenagailu kuantiko bat eraikitzeko bidea topatu du, baina oraindik ez du emaitzarik jaso. «Ez dugu aurkikuntza patentatu ere egin, patente horrek iraungitze data bat duelako eta badakigulako denbora tarte horretan ere ez dela ordenagailu kuantikorik egingo». Erabilera izan edo ez, biek azpimarratu dute ikerketan ez zaiola horri begiratu behar.

Irtenbideak zientziatik

Eta hori bera da, bi fisikarien ustez, zientziak izan ditzakeen arazoetako bat: ez duela berehalako erabilerarik. «Politikariek oso ikuspegi mugatua daukate; hauteskundeei begira bizi dira. Horregatik, askotan zientzian inbertitzea diru galera dela uste izaten dute», Ciracen esanetan. Urrunago joan da Cohen-Tannoudji: «Ideia ona izango litzateke politikariak denboraldi batez laborategi batean sartuta egotea, era horretan jakingo bailukete zein den bertan lan egiteko erritmoa eta ditugun beharrak». Era horretan lortuko litzateke, hein batean, munduko arazoei aurre egitea. «Etorkizuneko arazoak gosea, energia, osasuna eta fundamentalismoa izango dira, eta horien artean gehienak hirugarren munduan izango dira ziurrenik». Horregatik, arazo horiei aurre egiteko hezkuntzak gero eta garrantzi handiagoa izan beharko lukeela nabarmendu du. Hezkuntza eta zientzia. Atzo egin zituen adierazpen horiek etorkizuneko zientzialarien aurrean egin zituen, eta ohar hori utzi zuen haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.