Mas ere Tolosan

Hasi dira Tolosako inauteriak. Mozorroak, txantxak eta umoreak hartuko dituzte herriko kaleak datorren asteartera bitartean. Artur Mas Kataluniako presidente ohiak ez ditu galdu nahi izan aurtengo festak: txupinazoan izan da.

1 JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Tolosa
2016ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kolore guztietako oihalak eta puxikak daude egunotan Tolosako plazako balkoietatik zintzilik (Gipuzkoa). Nabari da zerbait badutela ospatzeko. Oihuak entzuten ziren atzo goizean inguru hartan. Urduri. Festak hasi aurreko egonezina zen nagusi. Besarkadak eta aspaldi ikusi gabeko lagunei egindako agurrak ere baziren tartean. Alai. Txarangaren hotsek lagunduta. Ostegun gizen eguna zuten atzo, eta izan gizen edo argal, guztiak bildu ziren herriko plazara inauteriei hasiera ematera.

Festak hasi arren, atzoko egunez ez ziren mozorrotu tolosarrak. Txilabak zituzten soinean, kuadrillaka banatuta, kolore berekoak. Laskorain ikastolako 11 urteko neskatoek jantzi gorri bat zeramaten soinean. Kristalik gabeko betaurreko jostariak ere jarri zituzten bakarren batzuek buru gainean. Atzokoa egun berezia zenik ezin izan zuten ukatu. Ikastolatik ohi baino lehenago atera ziren txupinazora joateko, eta, egunak agintzen zuen moduan, txistorra janda zeuden ordurako. Emozioa kabitzeko lekurik ez zuten barrenean. Bata Asterixez mozorrotuko dela datozen egunetan, bestea txarangaren atzetik ibiliko dela dantzan...

Seriotik gutxi izan zuen atzoko egunak. Urtero egin ohi dute txupinazoan antzerki moduko bat, eta atzo ere izan zen udaletxeko balkoian zer ikusia. Kataluniar erara ekin zioten festari. Kabi Alai elkarteko konpartsak casteller-ak eta Artur Mas gonbidatu zituen pregoira. Salou Kataluniatik independizatzeko eskatu zioten presidente ohiari, eta Euskal Herriaren parte izan behar duela aldarrikatu. Bitartean, jende artean casteller-ek giza dorrea osatu zuten, ikurrina eta Kataluniako bandera inguruan zituztela. Balantza bat baino gehiago egin zituzten bat bestearen gainean jartzerakoan; eskerrak hezur haragizko partaideen ordez panpinak erabili zituzten.

Saltsarik falta ez zela, Gure Kaiola elkarteko kideek jaurti zuten suziria. Kabi Alai konpartsakoek inauterizale kuttuna izendatzen dute urtero txupinazorako, eta, aurten, elkarte gastronomiko hori aukeratu dute, ibilbide luzeena duelako. «Tolosako zaharrena, umoretsuena eta alaiena da, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu», nabarmendu zuten. Elkarteko bazkide guztiak gizonezkoak dira, eta ostegun gizen egunez ez dituzte emakumeak onartzen afaritan. Arartekora iritsi berri den kasu batek eztabaida piztu zuen, hain justu, herenegun. Dena den, elkarteko kideek gogoan izan zituzten emakumeak saria jasotzean: «Eskerrak gure emazte guztiei, lan asko egin dutelako gurekin».

Eguerdia iristean jaurti zuten suziria udaletxeko balkoitik. Eztanda entzutearekin bat agertu ziren plazara sugepaperak bazter guztietatik. Eta baita gozoki uholdeak ere. Festei hasiera emanda, alde zaharreko kaleetan barrena desagertu zen jendea. Txaranga nora joango, jendea haren atzetik zebilen. Haurtxoren batek atera zion probetxua momentu horri. Jendea joan ahala, lurrean gelditu ziren gozokiak jasotzen hasi zen banaka-banaka.

Tabernetan pilatu ziren herritarrak segidan, tragoa eskatuta txistorra dohainik ematen baitzuten. Zuritoa eskuan eta ahoa beteta zebiltzan gehienak. Baten bati galtzak ere zikindu zitzaizkion txorizoarekin, istripuz. Hala ere, umoreari eutsi beharko; egun luzea baitzuten aurretik.

Despistaturen bat atzo ballet dantzariz jantzita zebilen arren, tolosar gehienek datozen egunetarako gordeko dituzte mozorroak. Hasi besterik ez dira egin inauteriak, oraindik sei eguneko festa baitute aurrean. Baina ospakizunak abian, egina dago ganbarako trapuei astindu bat emateko deia. Irudimena lagun, ea nork harritzen duen ondokoa gehien. Horixe baita inauterien funtsa. Maskarekin edo gabe, ondokoari barrea eragitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.