Gerrek markatutako zubia

Mende bat igaro da Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubia eraiki zutenetik. Bi herrien bilakaera ekonomiko eta sozialaren isla izan zen, eta bien arteko harremanak sendotzeko azpiegitura. Hiru gerren arrastoa jasan zuen, eta, egun, eskualdeko ikurretako bat da.

Zubiaren 100. urteurrenaren karietara, irailean, Bitamine faktoriak eta Irungo Udalak antolatutako artisten bilkuran egindako artelanetako bat. BITAMINE FAKTORIA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Egun oinezkoak eta bizikletak baino ez dira ikusten Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen Etorbidearen zubi zaharretik joan-etorrian. 100 urteko zubia, ordea, pasabide bat baino gehiago da. Haren zutarri eta barandek hiru gerren arrastoak jasan dituzte, eta frankistek eta naziek jazarritako herritarren ihesaren lekuko izan zen. Zubia, gainera, itxita egon zen, Nazio Batuen Erakundeak Francori ezarritako blokeoagatik. Hendaiako eta Irungo herritarren harreman sozial eta ekonomikoen erakusle eta ikur ere bada.

Cipriano Larrañagak, Irungo alkateak, proposatu zion 1902. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiari zubia eraikitzea. «Hasieratik argi utzi zion kostua udalak berak hartuko zuela», azaldu du Xabier Kerexeta historialariak. Artean, herri batetik bestera joateko bi aukera baino ez zeuden: gabarraz edo trenez. «Behobian bazegoen zubi bat, baina urruti geratzen zen Irungo erdigunetik», gaineratu du Aitor Puche historialariak.

Espainiako Gobernuari eskatu behar izan zion baimena udalak, zehazki Gerra Ministerioari. Espainiako armada, ordea, aurka agertu zen. «Frantziako tropen inbasioaren beldur ziren, eta handik gerraren bat iritsiko ote zen. Garai hartako hainbat eraikinekin gauza bera gertatu zen».

Negoziazioak gogorrak izan ziren. Baina, azkenerako, egitasmoa onartu egin zuen Gerra Ministerioak. Hori bai, Espainiako armadak proiektuaren diseinuan parte hartu zuen. Hala, zubiaren lau zutarrietan hutsune moduko batzuk utzi zituzten, behar izanez gero zubia lehertzeko lehergailuak jartzeko. Hutsune horiek oraindik ere mantentzen dira. «Kasu honetan, gainera, aduana bat ere jarri behar zen, eta trabak izan ziren horretan. 1918ra arte ez zuten jarri».

Zubia, berez, 1915eko azaroaren 15ean inauguratu zuten oinezkoentzat, eta hurrengo urtean ibilgailuentzat. Hasieran, aurreikusi zuten lanek 300.000 pezeta (1.800 euro) kostatzea. Azkenerako, ordea, 400.000 (2.400 euro) kostatu ziren. Garai hartan udal batentzat kostu handia zen halako inbertsio bat bere gain hartzea. Hala, joan-etorrikoengatik kobratzen hasi zen, gastuei aurre egiteko. Oinezkoek bost zentimo ordaindu behar zituzten bidaiako, bizikletek 15 eta autoek 50. Shisero-ek egiten zuten lan hori. «Gerora, Irungo Udalak zubiaren zati bat Hendaiakoari eman zion. Zerbait sinboliko izan zen, eta batez ere gastuak partekatzeko, zubiaren mantentze lanak eta konponketak garestiak zirelako», berretsi du Jose Ramon Vegak. Hark ere ondo ezagutu zituen zubiaren lehen urteak. Makina bat aldiz igaro zen handik.

Kerexetaren ustez, «bizitasun handia» eman zien Iruni eta Hendaiari Etorbidearen zubia eraikitzeak. «Agerian uzten zuen bi herrietako ekonomiaren bilakaera. Izan ere, merkataritza gero eta indar handiagoa hartzen ari zen pixkanaka, eta garraiobideen garapenaren aldaketa ere erakusten zuen, errepideko ibilgailuak indar handia hartzen ari baitziren, eta ibaia oztopo bat zen horretarako».

Puchek gaineratu duenez, zubia eraikitzeak «nabarmen» hobetu zituen bi herrien arteko komunikazioak, eta, horri lotuta, ugaritu egin ziren harremanak.«Jendeak lanera joateko edo erosketak egitera joateko erabiltzen zuen, batez ere, zubia. Ni, adibidez, oso txikia nintzen, baina oso gogoan dut txokolatea erostera joaten ginela. Izan ere, gerra garaian hemen errazionatua zegoen», gogoratu du Vegak.

Nicolas Agirre historiazaleak nabarmendu du gerrek baldintzatu zutela zubiaren egunerokoa. Hala berretsi dute beste hirurek ere. Pairatu zuen aurrenekoa Lehen Mundu Gerra izan zen. «Irungo herritarrek asko lagundu zieten Hendaiakoei, batez ere janaria eramanda. Ia egunero eramaten zuten hara ogia, zubia baliatuz». Agirrek ondo ezagutu zuen zubia, handik behin baino gehiagotan igaro baitzen, eta bere familiak handik ihes egin baitzuen. Lehen urte haietan ohikoa izaten zen kontrabandoa egitea. «Kontrabandoa arrunta zen: jakiak, arropa, makinentzako pieza txikiak...», argitu du Agirrek. Batez ere emakumeek egiten zuten. Trapitxera deitzen zieten emakume haiei. Tropek ere Irunen egiten zituzten erosketak, Kerexetak zehaztutakoaren arabera: «Horien artean, aipagarrienetakoa ardoa izaten zen. Irudiak badira, Urdanibia plaza ardo upelez beteta». Borrokatzeko, soldadu askok edan egiten zuten.

Behin Lehen Mundu Gerra amaituta, egoera lasaitu egin zen. Baina lasaitasunak gutxi iraun zuen. 1936ko gerra hasi zen. Urte horretako abuztuan, Francoren tropak Irun inguratzen ari ziren, eta gerra giroa nabaria zen. «Jendea oso izutua zegoen, eta zubitik Hendaiara alde egiten hasi zen», esan du Agirrek. Hilabete horretako abuztuaren 28an, ihesaldiak masiboak izaten hasi ziren. Askok iparraldeko eta Frantziako herrietan aurkitu zuten babesa, eta ohikoa izaten zen jaiegun eta asteburuetan ihes egindakoak zubira bertaratzea, urrutira bazen ere senideak ikusteko. «Beldurra eta kezka handia izan arren, ihesaldiak duintasun eta ordena handiarekin egin ziren». Ihes egin zuten gehienak ezkertiarrak eta errepublikanoak ziren.

Bigarren Mundu Gerran, haatik, kontrakoa gertatu zen. Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herritar askok Irunera iritsita topatzen zuten babesa, nazien atzaparretatik ihesi. «Gehiago izan ziren, dena den, Frantziatik etorritakoak. Bitxia da, baina kasu honetan ihes egindakoak judu aberatsak ziren. Adibidez, Rothschild familiakoak. Irunen bitxiak saltzen zituzten, eta lortutako diruarekin Portugalera alde egiten zuten. Zubian bertan saltzen zituzten bitxiak».

Urte gogorrak izan ziren Bigarren Mundu Gerrakoak. Naziak 1940ko ekainaren 27an iritsi ziren zubiaren Hendaiako aldera. Urte hartan, eta zubian bertan, Gestapok frankisten esku utzi zituen Lluis Companys Kataluniako presidentea, eta Francisco Cruz Salido eta Julian Zuazagotia sozialistak. «Hirurak fusilatu egin zituzten; Companys, Bartzelonan, eta beste biak Madrilen».

Okupazioak 1944 arte iraun zuen. Orduan, Nazio Batuen Erakundeak Francoren aurkako blokeoa abiatu zuen. Hala, muga itxi zuten, 1948 arte. «Blokeoa erabatekoa zen». 1948. urtean Nazio Batuen Erakundearen jarrera samurtu egin zen, eta pixkanaka muga zabaltzen hasi zen. «Ikaragarrizko pozarekin hartu genuen. Urteetan ikusi ez genituen senideak ikusteko aukera izan genuen», esan du Agirrek.

Artean, eta muga itxita zegoenez, klandestinitatean baino ezin zen pasatu batetik bestera. «Hendaiara ihes egindako irundar bat baino gehiago San Martzial egun bezperan ezkutuan pasatzen zen Irunera, alardean desfilatzeko». Itsasoz egiten zuten, dena den. «Askorentzat oso erraza zen, ibaia oso ondo ezagutzen zutelako. Dena den, izan zen baten bat itota hil zena, edo tirokatu egin zutena». Ekonomikoki ere oso garrantzitsua izan zen muga zabaltzea, berriro ere merkataritza jarduera indarra hartzen hasi zelako. «Aduanan eskualdeko jende askok egiten zuen lan».

Hala, pixkanaka normaltasuna berreskuratzen hasi zen, eta hurrengo urteetan handik igarotzen zen jende ezagunagatik zen albiste zubia. Tartean, handik igaro zen, besteak beste, Orson Welles aktorea.

1963an udalak joan-etorriengatik kobratzeari utzi zion. «Francoren ministro bat handik pasatu, eta, kobratu egingo ziotela jakin zuenean, uko egin zion ordaintzeari. Madrilek kobratu egiten zela jakin zuen hala, eta udalari eskatu zion kentzeko. Trukean, San Antongo presaren urak Irunera iristeko obrak ordaindu zituen Madrilek, eta, horri esker, ur zerbitzu normalizatua iritsi zen Irunera».

Zubiaren gainbehera

1966an Santiago zubia eraiki zuten. «Zubi hori handiagoa eta sendoagoa zen». Hala, ibilgailuak hara bideratu zituzten, eta Etorbidekoa garrantzia galtzen hasi zen. «Zalantzak zeuden Etorbidekoa horrenbesteko ibilgailuren joan-etorria jasateko gai izango ote zen», gaineratu du Vegak.

Egun, oinezkoentzat dago egokituta zubi zaharra, eta bi herrientzat ikur bat da: «Bi herrien harremanen ikurra da, eta hala izan behar du etorkizunean ere», uste du Puchek. Agirrek haren edertasuna defendatu du: «Jendeak osteratxo gehiago egin beharko lituzke, Behobiako eta Biriatuko sekulako ikuspegiak baitaude». Aurten, errefuxiatuei egindako omenaldi baten lekuko ere izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.