Errautsak harrotu ditu

Hildakoen errautsak kanpoan botatzea edo etxean gordetzea debekaturik dutela gogorarazi die Eliza katolikoak bere jarraitzaileei. Horrekin batera, errautsak banatzea ere galarazi egin du. Geroz eta zabalduago dagoen praktika bat izanda, eztabaida piztu da. Bestalde, 'hildakoen negozioan' eragina izan du erabakiak.

Iker Tubia.
2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hauts zara eta hauts bihurtuko zara» (Hasiera 3, 19). Baina hauts horrekin zer egin, horrek buruhaustea ekar diezaioke baten bati. Batez ere, kristaua baldin bada. Azken urteetan aldatu egin da heriotzarekiko ikuspegia. Geroz eta gehiago dira gorpua lurperatu beharrean errausketaren alde egiten dutenak. Hiriburuetan oso argia da joera aldaketa, baina joera bera da herri tradizionaletan ere, nahiz eta aldaketa motelago gertatu. Hala ere, errautsek askotan ez dute hilerrian edo eliza batetako kolunbarioan bukatzen. Itsasoan, mendian, hildakoaren sagastietan... toki sinbolikoetan uzten dituzte askok. Beste batzuek etxean gordetzen dituzte, edota familiako kideen artean banatu. Eliza konturatu da joerez, eta kristauei ohartarazi hori ez dela egin behar.

Fedearen Doktrinarako Kongregazioak onartu duen dokumentuak dioenez, katolikoek ezin dituzte haien senideen errautsak kanpoan bota, ezta etxean gorde ere. Toki sakratu batean egon behar dute. Era berean, ezin dira errautsak banatu. Lurperatzeetan eta errausketetan «Elizaren aurkako praktikak» antzeman dituzte, eta horri aurre egin nahian onartu dute Ad resurgendum cum Christo deitutako dokumentua. Aita Santuak martxoan onartu bazuen ere, orain ezagutarazi dute, hildakoen egunaren inguruetan.

Berria zabaldu, eta berehala izan du erantzunik. Batzuek harridura adierazi dute sare sozialetan, beste batzuek uste dute Elizak, bizitza ez ezik, heriotza ere kontrolatu nahi duela. Horixe adierazi zuen Angel Errok BERRIA egunkarian: «Nire ustez, heriotzarainoko gorputzaren kontrola da gehienbat aldarrikatu nahi dutena». Onintza Enbeitak ere gaiari heldu zion berripaper berean, eta hedabide batzuek Elizaren hitza legetzat hartu izana kritikatu. Errautsen aferak eman du zer esanik beste hedabideetako zutabe eta albisteetan ere.

Elizaren ingurukoek, berriz, ez dute polemika ulertzen. «Dokumentu horrek ez du ezer berririk esaten, lehendik Elizak horri buruz zuen irakaspena errepikatu besterik», esan du Unai Manterola Donostiako Elizbarrutiko liturgia gaietarako arduradunak. Izan ere, dokumentu horrek 1963an onartutakoa ordezkatzen du. Helburuari dagokionez, hildakoekiko errespetua aipatu du Koldo Apeztegi Donostiako Artzain Onaren katedraleko apaizak: «Instrukzio horrek gogorarazi nahi du maite ditugun pertsonei errespetua zor diegula, eta errautsak airera botatzea ez da... Hilak lurpera, biziak mahaira? Badaude horiek uzteko toki sakratuak».

Hark ere ez du ulertzen zergatik sortu den polemika. «Ez dugu ezin eginik inposatzen ere. Errausketa geroz eta gehiago egiten da; hemen [Artzain Onean] eskatu dituzten elizkizunetan, erdia baino gehiago erraustu egiten dituzte. Baina, nire ustez, toki sakratu bat toki duinagoa da». Kristautasunak piztueran sinesten du; ez inkarnazioan edo gorpuak lurrarekin bat egitean. Hala azaldu du Manterolak: «Ezaugarri gisa, lurrean uzten ditugu hildakoak piztueraren zain gauden itxaropen horren ezaugarri. Ezaugarriak fedeari laguntzen dio».

Eliza ohartu da errausketak lurperatzeei gailentzen ari zaizkiela. Horren adierazgarri izan liteke Iruñea, esaterako. Aurten,1.529 errausketa egin dira, eta 474 gorpu hilobiratu. Hau da, hiru laurden baino gehiago dira errausketak. 2006. urtea izan zen lurperatzeak errausketen gainetik egon ziren azkenengo urtea. Santos Iribarren Creaciones siglo XXI enpresaren kudeatzailea da, hildakoen hainbat boutique kudeatzen dituena. «Herrietan egoera ezberdina da, baina herririk tradizionaletan ere, errausketa ailegatzen ari da. Adibidez, Erriberan, %25-30ean daude», azaldu du.

Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren artean bada alderik. Lapurdiko kostaldeak Miarritzen du gorpuak errausteko tokia. Han, urtean, eremuko 1.000-1.100 gorpu hartzen dituzte; hau da, %30. Beraz, polikiago igotzen ari da errausketa kopurua. Hego Euskal Herrian egoera azkarrago aldatu da, eta probintzia guzietan gorpuen erdiak baino gehiago erraustu egiten dira.

Errautsen gordelekuak

Ohiturak aldatu zirela jakitun ekin zion Iribarrenek hilen negozioari. «Negozio eta zerbitzu berriak sortu dira». Hala, denetarik aurkitu liteke Iruñean duen dendan. Errautsen zati bat gordetzeko bitxiak, diseinuzko ontziak, ontzi biodegradagarriak, koloretako kolunbarioak... Errautsak mendian uztea geroz eta zabalduago dagoela jakitun, zelulosa hedatuarekin egindako ontziak prestatu dituzte; adibidez, zuhaitzen ehundura dutenak.

Errautsak gordetzeko bitxiak arrakasta handia izaten ari direla aipatu du Iribarrenek. «Hiru litroko ontzi edo oroigarria bainosinbolikoagoa da. Gainera, familia askok haien artean banatzen dituzte errautsak, nahiz eta orain Aita Santuak debekatu duen». Badira hautsak osorik gordetzeko modu bereziak; adibidez, liburuak. «Apalategian utz daiteke, eta oharkabean igaro liteke». Koloretako kolunbarioak zabaltzen ari dira orain, eta saria jaso dute horregatik: «Aldaketen zantzu bat da. Hala ere, alor honetan ezin duzu bat-batean eta errotik aldatu. Familiak oso tradizionalak dira heriotzari dagozkion gaietan».

Hamaika aukera daude senide bat hiltzean haren errautsak kudeatzeko. Askok, nahiago dute naturan utzi. Elizaren erabakiak hedabideetara salto egin eta berehala hausnarketa utzi zuen Luistxo Fernandezek Twitterren. «Tira, familiako azken bi katolikoentzat (gure gurasoak) berandu dator araua». 30 urte dira haien ama zendu zela, eta horma hilobi batean sartu zuten haren gorpua. Aita hildakoan, erraustea erabaki zuten, eta, horma hilobiaren alokairua ez zutenez berritu, amaren gorpuzkiak ere erraustu zituzten. Errautsen zati bat etxean dute.

«Gurasoak biak batera toki batean izateko egin genuen, eta,gero, horma hobi batean sartuz gero epe bat duzu, berritu behar da, ahaztu egiten duzu... eta buruhauste bat da», azaldu du Fernandezek. Hark ez dio zentzu handirik ikusten Elizaren erabakiari. «Ni ez naiz sinestuna, baina gurasoak baziren, baina ez dut uste honek asko kezkatuko zituenik, jakingo balute. Egoera honek esan nahi du ez dutela lurperatze katolikoa izan? Ez dut ulertzen zer zentzu duen».

Galdera hori eginen zion bere buruari hainbatek. Zer gertatzen da errautsak nonbaiten utzi dituzten katolikoekin? «Argi utzi behar da: bere aita edo amona itsasora bota duena lasai egon dadila, ez du zalantzan jartzen gure fedea eta itxaropena», esan duManterolak. «Agian dokumentu horri pedagogia hori falta zaio». Apeztegik errautsak etxean dituztenen kasua aipatu du. «Batzuk harrituko ziren. Ezin direla errautsak etxean gorde? Tira, hori araua da, bakoitzak nahi duena egin dezake, ez gara luparekin ikertzen ibiliko».

Ekonomia ere harrotu du

Elizaren arauak aldaketak ekarri ditu haren barruan ere. Apeztegik azaldu du azaroan kolunbario bat paratu zutela Artzain Onaren katedralean, errausketaren aldekoek haien senideak uzteko toki sakratu bat izan zezaten. Horrek, baina, badu kostu bat, eta epemuga: 15-20 urterako aloka liteke tokia. Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren dokumentuaren berri izan, eta berehala sutan izan du telefonoa Iribarrenek. «Lehen kosta egiten zitzaidan elizetan sartzea, eta orain deitu egiten didate. Egun hauetakoa ikaragarria izan da, zerbitzu horren beharra dutela konturatu dira», esan du. Aipatu duenez, Iparraldean zailagoa izan da. Baionako elizetan kolunbario bat jartzea ezinezkotzat jotzen zuen orain arte, Baionara joan izan denean ezezkoa jaso duelako.

Elizaren erabakiaren atzeannegozioa dagoela diote batzuek. Iribarrenek dio kolunbario batekin dirua aise egin litekeela. Hildako bakoitzeko 1.500 eta 2.000 euro artean eskatu ohi dute —30 urterako izaten dira alokairuak—, eta, beraz, berehala berreskuratzen da inbertsioa. Manterolak ez ditu begi onez ikusi hainbat tokitan ikusi dituen kritikak. «Negozioa egiteko atera dutela esatea txorakeria bat da, hilerri gehienak udalen esku daudelako».

Errausketa gailentzen ari da Euskal Herrian, eta errautsak nonbaiten uztea merkeagoa da. Gainera, ez da legez kanpokoa. Oraingoz ez, behinik behin. Euskal Herri osoan posible da errautsak naturan uztea, ez aitzitik eremu publikoan: parkeetan, kaleetan, lorategietan... Ipar Euskal Herrian itsasontzi bat hartu eta errautsak itsasoan zabaltzeko, alkateari baimena eskatu behar zaio. Toki pribatu batean zabaltzeko, berriz, jabearen eta prefetaren oniritzia behar da. Hegoaldean, kontuan hartu behar dira tokian tokiko ordenantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.