Euskara eta lurra elkargune

Errigorako kidea da Xabier Gojenola lekeitiarra; kontsumitzailea Erruki Ezkurra basaburuarra, eta ekoizlea Imanol Ibero oibartarra. Nekazaritzaren eta hizkuntzaren arteko zubiak batzen ditu, eta kontsumo eredu berriak erdigunean jartzeko beharra ikusten dute.

Iruñeko Piparrika hiri baratzean elkartu dira Xabier Gojenola, Erruki Ezkurra eta Imanol Ibero. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Errigorako egitasmoak 2012an du jatorria. Zazpiak Bat erakundea Iparraldean euskararen ofizialtasunaren aldeko kanpainak egiten ari zelarik, Nafarroako hegoaldean arazo berak zeudela ondorioztatu zuen. Hortaz, euskara eta nekazaritza lotu, eta gerora Errigora izango zenaren lehenengo urratsak egiteari ekin zion. Xabier Gojenola lekeitiarra hastapen horien lekuko izan zen. «Erriberako bi ekoizlerekin kutxa bat egin genuen, eta bildutako dirua Argia ikastolara zuzendu genuen. Oso baliabide gutxirekin egin genuen kanpaina hura; kartel bakarra genuen, eta egitasmoak ez zuen izenik». 1.600 saski saldu zituzten,eta Argia ikastolak 31.000 euro jaso zituen.

Arrakasta ikusita, hausnarketa prozesua abiatzea erabaki zuten. Ekoizle gehiago bilatu eta egitasmoaren forma juridikoa eta izena erabaki zituzten. Hurrengo udaberrian 9.000 saski saldu eta 112.000 euro banatu zituzten eskualdearen euskalgintzarako. Urteekin egitasmoa haziz joan da. Iazko udazkeneko kanpainan 14.000 familiak erosi zituzten otzarak; eta aurtengo udaberrikoan, 86.500 litro olio eta 208.000 kontserba pote banatu dituzte.

Imanol Ibero Errigoran parte hartzen duten 25 ekoizleetako bat da. Nafarroako jatorri izena duen Mendiko ardo ekologikoa ekoizten du, Oibarren (Nafarroa). 2013ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan, Errigorako hainbat kidek egitasmoan sartzeko proposamena egin zieten hari eta haren senideei, eta haiek onartu zuten. «Ez geneukan argi nora gindoazen, baina ideia polita iruditu zitzaigun. Gure produktuak plaza berri batera zabaltzeko aukera egokia zela pentsatu genuen, gure enpresa txikia baita». Lau kanpainatan parte hartu dute.

Erriberako ekonomian lehen sektoreak garrantzi handia daukan arren, nekazari eta abeltzain txikien egoera zaila da, oibartarrak azaldu duenez. Industriarekin ezin lehiatzea da arazo nagusia. «Gure produktuak merkatu lehiakor honetatik at saltzeko bideak bilatu behar ditugu, eta ez daukagu baliabiderik». Horri aurre egiteko, Errigoraren moduko egitasmoak bultzada garrantzitsua izaten dira haientzat. «Gure salmentek modu nabarmenean egin dute gora proiektuko kide garenetik; honek gure urte osoko produkzioan pisu handia du». Aurten lau upategi erabiliko dituzte ardoaren eskariari aurre egiteko, eta bi, ozpinarentzat.

Bestalde, euren produkzioa Euskal Herriko milaka etxetan ezagutarazteko erakusleihoa dela azaldu du. «Azoketara goazenean, jendeak Errigorari esker ezagutzen gaituela esaten digu». Zilegitasuna lortzeko bidea ere bada, haren ustez: «Ekoizle txikiak garela, modu jasangarrian produzitzen dugula eta langileak modu duinean bizi garela mahaigaineratu egiten duen zigilua da».

Erruki Ezkurra Nafarroako mendi aldeko herri txiki batekoa da, Arraratsekoa; eta gizarteak lurrarekin duen desloturak kezkatzen du. Errigorako egiaren berri izan zuenean, zeharo asmatu zutela pentsatu zuen. «Produktuak kontsumitzen hastea derrigorrezkoa iruditu zitzaidan. Ardoa, orburua, kardua probatu nituenean konturatu nintzen ahaztuta nuela Nafarroan halako kalitatezko elikagaiak genituela». Bestalde, beharrezkoa den kontsumo eredua bultzatzeko eta horren kontzientzia hartzeko baliagarria iruditu zitzaion. «Errigorak gogorarazi zidan hemen ditugun lur sailek garai batean izugarrizko subiranotasuna ematen zigutela nafarroi; eta nekazari eta abeltzain txikiak gure ekonomian ezinbestekoak direla».

Euskararen arnasgune

Errigorak hainbat eskualdetako ekoizleak eta kontsumitzaileak euskararen inguruan biltzea lortu du; hizkuntza osasuntsu ez dagoen toki batean arnasgune bilakatu da. Izan ere, saskiekin biltzen duten diruaren %25 eskualdea euskalduntzeko erabiltzen dute. Horrez gain, kanpainetako ekitaldietan eta auzolanetan euskara sustatzen dute; saskietako produktuen etiketa guztiak euskaraz idatziak daude; egitasmoan parte hartzen duten ekoizleek euren webguneak ele bitan jartzeko konpromisoa hartu dute...

Iberoren irudiko, Errigorak eskaintzen duen bidea egokia izan daiteke enpresaren munduan euskara normalizatzeko. Ekoizleei, galdua zegoen «euskal plaza» berreskuratzeko parada eskaini die: «Ikasi dugu garrantzitsua dela tokiko komunitateari, gure betiko produktuak, gure betiko hizkuntzan zabaltzea». Bide beretik, Nafarroako ekoizle askok ingelesa lehenesten dute, eta horren aurrean «txipa aldatzea» ezinbestekoa da, haren ustez. «Enpresa batek euskara erabiltzeko hautua egiten duen unean, inguruko bizilagunek ere hautu hori egin behar izaten dute, eta honela hizkuntza zabalduz doa. Pauso txikiak baina sendoak dira, orain arte egon diren aurreiritziak iraultzeko baliagarriak».

Auzolanean zubiak eraiki

Errigorak auzolana du oinarri. Laguntzaile sare indartsu bat sortu du Euskal Herri osoan, eta urtero jende mordoa mobilizatzen du: kanpaina sasoian 700 banaketa gune ezartzen dituzte, 200 herritan, eta horietako bakoitzean bizpahiru arduradun daude.

Ezkurra urtero aritzen da laguntzaile moduan, eta garai batean haren eskualdeko sarearen arduraduna izan zen. Auzolanak bizilagunen eta herrien arteko zubi txikiak eraikitzeko baliagarria dela uste du: «Egun batean aspaldi ikusi ez duzun bizilagun batekin topo egiten duzu, eta olioa ekoizten duela esaten dizu… Bada, Errigorari esker berriro elkartuko zarete, eta kontaktuan jarraituko duzue».

Errigoraren funtsa zubiak sortzea da, hain zuzen ere. Euskararen eta lurraren artean, kontsumitzaile eta ekoizleen artean, Erriberaren eta Euskal Herriko gainontzeko tokien artean... Horregatik, aurtengo ikasturtea zubigintzaren kontzeptuan oinarrituko da; eta era berean, udazkeneko kanpainaren leloa Herrilana da. «Herrilan hitzak esan nahi du auzolan ariketa erraldoi bat dela, interes ezberdinetako jendea biltzen duena, askotarikoa», azaldu du Gojenolak. Herrilanak «ahalduntzea» dakarrela gaineratu du.

Iragan asteburuan auzolan erraldoia egin zuten Ablitasen (Nafarroa), lau egunez. Toki, adin eta arlo anitzeko ehunka boluntario gerturatu ziren herri kooperatiban ipini zuten karpara, eta milaka saski prestatu zituzten. Sentsazio oso positiboarekin joan zirela esan du Errigorako kideak. Egitasmoan parte hartzen duten 25 ekoizleak batu ziren, eta sortzen ari diren aukera berriei buruz hausnartu zuten. «Ekoizleen artean aniztasun handia dago; oso esperientzia ezberdinetatik datoz, eta denak egitasmo berean elkartuta egoteak indar handia erakusten du», adierazi du.

Hirugarren auzolana izan da aurtengoa, eta herri askotako lagunen artean harremanak sendotzen ari dira dagoeneko. Gauza bitxiak gertatzen ari direla dio Gojenolak: «Auzolana eta gero, Lodosako ikastolako ikasleek galdetzen zuten ea zergatik zegoen Oñatiko [Gipuzkoa] jendea haiekin kutxak biltzen. Zerbait mugitzen ari denaren seinale». Orain, zerrendak betetzeko unea da; azaroaren 14an amaituko da saskiak eskatzeko epea.

Ate berriak zeharkatzera

Ikasturte honetan, Errigorako kideen artean elkarlan ereduei buruzko hausnarketa egingo dute. Ekoizleei dagokienez, antolatzeko beharra sumatzen dutela azaldu Iberok: «Gure artean elkartasun dinamika bat abiatu beharko genuke, gure produktuak modu kolektiboan Euskal Herriko txoko guztietan kokatzeko gaitasun hori bermatzeko. Gu guztiok batzea jauzi polita litzateke». Kontsumitzaileen kasuan, gakoa kontzientziak piztea da, Ezkurraren ustez: «Gogoratu behar dugu bertatik bertako produktuak erosten ditugunean, kalitatezko jakiak eskuratzeaz gain, bidezko kontsumo ereduak sustatzen ari garela».

Aurrera begira ate mordoa irekirik dituzte, egitasmoaren filosofiarekin bat datozen egitasmoak etengabe sortzen ari baitira: «Dirua banka etika batean sar genezake, edo ekoizleei eska geniezaieke energia berriztagarrietako kooperatibatan bazkidetzea...», proposatu du Gojenolak. Urrats batzuk egin dituzte dagoeneko: iazko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainan, produktu ekologikoak eskaini zituzten, lehen aldiz. Hori erronka handia eta aurrerapauso sendoa izan zela adierazi dute Errigorako lagunek.

Jendearen eskaera anitz ere jasotzen dituzte Errigoran: gero eta saltoki txiki eta jantoki gehiago ari dira Erriberako jakiak eskuratu nahian; eta badira gabonsari moduan saski zuri edo beltzak banatzen dituzten enpresak. Orain, ibilbidean sortzen ari diren baldintzak kudeatzen jakitea da erronka nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.