Ezkutuko ondarea

Garrantzi handia izan du burdinak Euskal Herrian: 2.000 urtez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxan egon diren 345 haizeola katalogatu dituzte; Lapurdin eta Nafarroa Beherean, 74 bildu dituzte, eta izango dira gehiago.

Berreraikitzea. Fernando Hierrok egindako ilustrazioa, Bilboko haizeola batena. FERNANDO HIERRO.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Zailak dira identifikatzeko. Haizeolak lur azpian daude, basoetan, gune oihantsuetan, landarediaren pean. Eta horri dokumentu idatzi falta gehitu behar zaio. Duela 2.500 urtetatik XV. mendera arte funtzionatu zuten haizeolek. 2.000 urtez martxan egon ziren, eta ez dago dokumentu bakar bat ere: jakina den guztia arkeologia lanari zor zaio. Eta, lan horri esker, Javier Franco arkeologoak gidatutako taldeak orain arte Europan beste inon aurkitu ez duten labe mota bat deskribatu dute.

Industria aurreko tailer gisa deskribatzen ditu Francok haizeolak edo jentilolak, baita agolorrak deituak ere. Labe baten bidez burdina erreduzitzen zuten: hau da, beroaren bidez mineralak banatu eta burdina garbia ateratzeko erabiltzen zituzten labeak. «Ez zuten galdatzen, garai hartan ez baitziren tenperatura altu horietara iristen», zehaztu du arkeologoak. Ekoizten zuten totxoarekin gero errementariak objektuak egiten zituen. «Gizakiaren historian oinarrizko metala izan zen; izan ere, burdinak aurreko gizarte guztiak goitik behera aldatu zituen. Aurretik, kobrea, eztainua, brontzea... urtzen ziren, eta, burdina lan egiteko zailagoa izanagatik, emaitza hobeak lortzen zituzten. Bizitzako alor guztiak aldatu zituen, nekazaritzan, armak egiteko erabiltzen hasi ziren... Plastikoaren iraultza etorri bitarte, denetan zegoen burdina, etengabe birziklatzen», azaldu du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko GIPYPAC Paisaia Kulturalen eta Ondarearen ikerketa taldeko eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia Taldeko arduraduna da Franco. Hamasei urte luze daramatza ikerketa horretan, eta, haizeolen ezjakintasuna zela batetik, eta lurpean zeudela asko suntsitzen ari zirela ohartuta bestetik, halako aztarnategi arkeologikoak babesteko proposatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Hala Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako haizeolen inbentarioa egiteko eskatu zien Jaurlaritzak. Inbentario horren haritik, guztira 345 haizeola katalogatu dituzte: Bizkaian 170, Gipuzkoan 150 eta Araban 25.

Orain arte ezagutzen zituzten aztarnategien kopurua boskoiztu dute, eta horren arrazoia haizeolak aurkitzeko segitu beharreko aztarnetan dago: «Ikerketarekin hasi ginenean, jarraitu behar ziren arrastoak orain dela 100 urte segitu behar zirenak ziren. Bi arrasto segitzen genituen hasieran: zepa eta labeen aztarnak —labeen paretak...—. Bi arrasto horiei beste batzuk gehitu dizkiegu; hala nola ur baliabideak, labe horietan erabiltzen zituzten mineral desberdinak, lekua bera...». -Ola toponimiak haizeolak topatzen laguntzen ote duen galdetuta, ezetz erantzun du Francok: arrasto horri jarraituta oso haizeola gutxi aurkitu dituzte. «Haizeola izena Goierritik heldu da. Han zuten ideia zen haizeolak mendi gainean jartzen zirela eta hauspo lana haizeak egiten zuela. Kondaira hori gutxiesteko meteorologia estazioko datuak ikertu ditugu, eta ikusi dugu gehienek ez dutela harremanik», kontatu du. Dena den, izena ez diotela aldatu nahi izan adierazi du, «horrela ezagutzen baitira euskaraz». Garrantzitsuena jendeak euren lurren edo basoen azpian ondare bat duela jakitea dela deritzo.

Labe mota desberdina

Katalogatu dituzten labeen artean bada Europan orain arte deskribatu direnen artean labe mota desberdin bat: «Gaur egun hogei bat labe mota daude zehaztuta, eta guk topatutakoak edalontzi baten forma du, aho zabaleko ontzien itxurakoa. Gainerako labeak ez bezala, goiko aldetik sartu eta ateratzen da karga, eta hori da berezi egiten duena. Deskargatzeko zaila da, baina nik uste dut Erdi Aroan izango zuten arazo tekniko bati irtenbidea emango ziola».

Ikerketarekin ez dute oraindik bukatu. Aurten, Bizkaiko haizeola zaharrenetako hiru ikertuko dituzte: erromatarren garaikoak eta Antzinaro Berantiarrekoak Diman, Galdakaon eta Artzentalesen. Horrez gain, Gipuzkoako Intxaurreta haizeola ere ikertuko du Francoren taldeak. Basagain kastroaren azpian dago haizeola hori, Anoetan. Karbono-14 probaren arabera, orain arte Kantauri mendilerroan agertu den zaharrena da, bigarren Burdin Arokoa. Horrez gain, haizeoletako langileen lana erreproduzitzen dute, arkeologia esperimentalaren bidez: «Ez zaigu perfektu ateratzen, ezta Europako beste arkeologoei ere. Burdina ateratzen dugu, baina ez da oso kalitate onekoa», aitortu du Francok. Hurrengo arkeologia esperimentalaren saio irekia urrian egingo dute; Gallartako (Bizkaia) Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan egingo dute, Burdin Jaitxo egunean.

Katalogoa zabalduz

Francoren taldeak Nafarroako Gobernuari eskaini dio haizeolen katalogoarekin jarraitzeko proposamena, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Ipar Euskal Herrian haizeolen ikerketa egin duena eta horretan jarraitzen duen arkeologoa Argitxu Beyrie da. Errobiko eta Aldudeko ibarretan egin ditu ikerketak, eta hainbat menditan topatu ditu haizeolak, guztira 74: Hazparneko Ursuian (hamar), Itsasuko Laxian (bi), Arrosa eta Baigorriko Larlan (55) eta Urepeleko Errolan eta Lindusen (zazpi). Deskribatu dituen haizeolak Burdin Arokoak eta erromatarren garaikoak dira, duela 2.300 urtetatik III. mendera artekoak.

Ikerketa 1999. urtean hasi zuen, bere tesiaren haritik, eta oraindik ere horretan segitzen du.«Toki anitz badira oraino ikertzeko; bi lurraldetan bakarrik izana naiz, eta beharrezkoa da gainontzeko lurraldea ikertzea». Hain justu, Francok egin duen inbentario lana egiten dabil. Ipar Euskal Herrian haizeolek izan zuten garrantzia nabarmendu du Beyriek: «Lehen mendeetan metal produkzioko zentro garrantzitsu bat garatu zen. Burdin Arotik eta erromatar garai guztietan urrea, dirua (zilarra), kobrea eta burdina ekoitzi ziren Itsasu mendebaldearen eta Urepele ekialdearen artean. Ikertzen ditudan haizeolak produkzio zentro handi horren parte dira». Beyrieren aburuz, Ipar Euskal Herriko antzinako meategi eta toki metalurgikoak Hego Euskal Herrikoekin harremanetan jarri behar dira: «Gipuzkoatik eta Nafarroatik biziki hurbil daude, eta produkzio talde beraren parte dira».

Haizeolen ikerketa ondare txikia zen, baina ondare handi bat bihurtu da deskribatutako kopurua kontuan hartuta. Euskal Herriko historiaren aztarnategi arkeologiko ohikoenetako bat bihurtu da. Jendeari ezagutaraztea dute orain helburu ikerlariek; EHUko arkeologoaren arabera, «burdingintza euskal senaren parte baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.