Bobinak bueltaka jarraitzen du

Pirateriak kalte handia egin zien zinema aretoei. Urte gutxiren buruan, askok itxi zituzten ateak, baina azken urteetan egonkortu egin dira. Etorkizuneko erronka Kontsumo ohitura berrietara egokitzea da, atzean gera ez daitezen. Sektorekoak baikor daude: garai onak aurreikusten dituzte.

Zinema aretora joatea esperientzia bat izatea nahi dute arduradunek. IÑIGO URIZ / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Internetek goitik behera aldatu du bizimodua, besteak beste aisialdirako aukera eta bide berriak zabaldu dituelako. Beste hainbat sektoreren moduan, zinema aretoei kosta egin zitzaien molde zaharretatik berrietara igarotzea. «Egia da zinemaren digitalizazioarekin beherakada bat izan genuela», aitortu du Alfonso Venegas Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko buruak. Egun, ordea, zinema aretoen egoera egonkortu egin dela dio.«Egia da zinema areto batzuk itxi egin direla, baina beste batzuk zabaldu dira. Ni, adibidez, sei aretoko zinema bat irekitzear nago».

Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren datuen arabera, zinemek gora egin dute Hego Euskal Herrian. 2016anbaino hiru zinema gehiago daude iaztik, eta bi areto gehiago. Hego Euskal Herrian 247 pantaila daude denera. Duela hamar urte baino 58 gutxiago; zinemek goraldi handia izan zuten XXI. mendearen hasieran; adibidez, 337 pantaila zeuden 2004. urtean. Pirateriak eta krisiak, baina, garai latzak ekarri zituen. 2007 eta 2008 urteen bitartean, Araban hemeretzi areto itxi ziren. Galera leundu egin da, baina datuek diote Hego Euskal Herrian zinema eskaintza murrizten ari dela. Azken hilabeteetan, Txingudiko (Irun, Gipuzkoa) eta Leioako (Bizkaia) merkataritza guneetako zinemak itxi egin dituzte.

Venegasen iritziz, kasu bakoitzaren xehetasunak aztertu behar dira itxieren ondorioak aztertzeko. «Arrazoi zehatzak izango dira kasu bakoitzean, baina zinema ez da arazoa». Iritziarekin bat egiten du Lidia de la Fuente Cinesa etxeko arduradunak. «Film bat pantaila handian eta soinu ekipamendu bereziarekin ikusterik bezalakorik ez dago. Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, baina konbentzituta gaude areto bateko esperientzia zinematografikoa ordezkaezina dela».

Hala, Venegasek dio zinemak errentagarriak direla: «Elkarteko sarean dauden zinemetan, behin baino gehiagotan saldu zituzten sarrera guztiak urte amaieran». Haren hitzetan, eskaintzak eragin handia du salmentetan. «Norbaitek pelikula zehatzen bat ikusi nahi duenean, zinemara etortzen da, ez da etxean gelditzen. Adibidez, estreinatu berri den Jurassic World: Fallen Kingdom ikustera jende asko hurbilduko da, ziur». De la Fuenteren ustez, zinemak errentagarriak dira. Haien salmentak bide onetik doaz, bereziki gazteei esker eta haurrik gabeko bikoteei esker. «Bi profil horiek gure salmenten erdia baino zertxobait gehiago hartzen dute. Batez beste, gure bezeroak 33 urte ditu». Cinesak Urbilgo (Usurbil, Gipuzkoa), Zubiarteko (Bilbo) eta Max Ocioko (Barakaldo, Bizkaia) merkataritza guneetako zinemak kudeatzen ditu: 6.000 eserleku.

Besaulkiak hutsik

Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren 2017ko datuei begiratuz gero, baiezta daiteke Hego Euskal Herrian murriztu egin dela ikusle kopurua. Iaz, 5,7 milioi ikusleren langa gainditu zen, baina, 2016ko kopuruekin alderatuta, puntu erdia baino gehiago gutxitu zen asistentzia. Izan ere, 2016. urtean 6,4 milioi ikusle izan ziren, hamar urte lehenago baino 1,4 milioi ikusle gutxiago. Ikusleen aldetik, 2004 izan zen urterik onena: ia 10 milioi bezero izan zituzten zinema aretoek.

Irabazietan ere errepikatu egiten da joera. 2017an, 24 milioi euro bildu zituzten Hego Euskal Herriko zinema aretoek, 2016an baino 13,4 milioi euro gutxiago. 2007an, esaterako, 41 milioi euro bildu zituzten, eta hiru urte lehenago, 48,1 miloi euro. Nafarroan, esaterako, zinema aretoek 11,5 milioi euro bildu zituzten 2004an; iaz baino %43 gehiago.

Zifrak batzuk besteekin lotuta daude. Nabarmena da 2004. urtea izan zela zinema aretoen urterik onena. Beheraldia etorri zen gero: ikusle gutxiago, sarrerak ere txikiagoak eta, ondorioz, zinema aretok askok itxi egin beharizan zuten. Venegas kexu daBEZak ito egiten dituela bizirik dirauten zinema aretoak. «Espero dut BEZa jaitsiko digutela, sektorearentzat oso kaltegarria delako. EZAE sarea osatzen duten zinemek ez zituzten prezioak igo BEZa igotzean. Enpresa modura zuzenean eragiten digu horrek», azaldu du Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko zuzendariak.

De la Fuenterentzat, berriz, teknologia da etorkizuneko erronka. «Jendeak gero eta harreman estuagoa du teknologiarekin, eta guk, zerbitzu bat eskaintzen dugun heinean, publikoaren eskakizunetara egokitu behar dugu. Gero eta indartsuago egiten dugu apustu teknologiaren eta berrikuntzen alde, ez baitago beste biderik bezeroen beharrak asetzeko».

Teknologia aldetik, zinema aretoek aurrerapauso handiak eman dituzte. Cinesa, Euskal Herrian oraindik halako aretorik ez duen arren, hasia da Isens aretoak erabiltzen. Horietan, pantaila hormatik hormara zabaltzen da, irudia 4K teknologiako kalitatean proiektatzen dute, Dolby Atmos kalitatean da soinua, eta besaulkiak handiagoak dira, ikuslea eroso egon dadin. «Azken urteetan espazioan zentratu gara. Gure helburua zinema aretoak hobetzea da, zinemara etortzea esperientzia oso bat izan dadin». Laster martxan jarriko duen zinema automatikoen proiektu batean ari da lanean Venegas. «Langilerik gabeko zinema areto bat izango da; askatasun handiagoa eman nahi zaie ikusleei. Dena sakelakoaren bidez egingo da, eta denborarekin aukera berriak agertuz joango dira». Cinesak badu sakelakoetarako aplikazioa. Bertan, bezero bakoitzak arreta pertsonalizatuagoa du, eta zuzenean egin ditzake erosketak.

Eskaintza izango da beste berritasunetako bat. «Film bat ikusi beharrean, zergatik ez ikusi opera, antzerkia edo kontzertu bat?», galdetu du de la Fuentek. Zuzenean edo aurretiaz grabatuta, munduko beste edozein txokotako ikuskizunak kalitate altuan eskaini daitezke gaur egun.

«Biziberritu edo hil», diote bi protagonistek. Aurrerapen hauekin guztiekin, baina, ziur dira zinema aretoak ez direla desagertuko. «Zinema aretora joateko esperientzia bezalakorik ez dago», dio de la Fuentek. «Itxaropentsu begiratzen diot etorkizunari. Badakit areto berriak zabalduko direla, ideia berriak agertuko. Gauza berriak txertatu behar dira, eta horretan ari gara», erantzun du Venegasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.