Emantzipatu nahi eta ezin

Krisi ekonomikoak prekaritatez blaitu ditu langileen bizitzen alor guztiak, lan baldintzek bizitza baldintzatzeraino: soldaten %40tik gora bideratu behar dute etxebizitzara, gastuak kontuan hartu gabe. Donostiako Abaraska da bestelako ereduen alde egin duten esperientzien adibide bat.

Ateak ideki kanpaina egin du Aitzinak etxebizitza eskubidearen alde. BOB EDME.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aldi baterakoak dira lan kontratuak. Soldatak duinak izatetik urrun daude. Hori da krisi ekonomikoak gazteei herentzian utzi dien ondareetako bat. Eta lanari lotutako baldintza horiek zuzenean eragiten diete, egunerokotik hasi eta epe luzerako planak ezin egin ahal izateraino. Beraz, ezegonkortasuna euren bizitzaren parte duten gazteek zein aukera dituzte gurasoen habia utzi eta bide propioa abiatzeko?

Datuek argi erakusten dituzte gazteen ezintasunak. Adierazgarriak dira, esaterako, GEB Gazteen Euskal Behatokiak 2016an ateratakoak Etxebizitza-emantzipazioaren Kostua Euskadin izeneko txostenean. Etxebizitza libre bat jabetzan hartzeko kostua 18 eta 34 urte arteko adina duen soldatapeko pertsona baten soldataren %54,9 zen; alokairuaren kasuan, %66,9. Hortxe errealitatearekin talka: bankuek diote etxebizitzara soldataren %30 baino gehiago bideratzea arriskutsua dela. GEBen arabera, soldaten %30 soilik bideratzeko, %83 igo beharko lirateke soldatek erosi nahi dutenen kasuan, eta %122,8, alokairuenean.

Belaunaldi galdua izendatu zuen Guy Standingek krisiak jotako belaunaldia, baina Felix Arrieta soziologoa ez dator bat horrekin. «Belaunaldi honek jasan behar dituen baldintzak, aurrekoen aldean, beste batzuk dira, baina lan merkatuak berak egiten du lanak beste modu batekoak izatea, eta denok bizitzaren beste perspektiba batzuk edukitzea». Ezegonkortasuna, jarraitutasunik eza eta soldata prekarioak: horiek aipatu ditu Arrietak egungo gazteen lan baldintzak deskribatzeko. Eta beste aldaketa bat, aurrekoekiko: «Belaunaldi horrek ez du bizitza osorako lanik izango». Galdera da: emantzipadaiteke norbait, baldintza horietan? «Norbaitek independizatzea kontuan hartzen du, baldin eta ikusten badu bere bizi proiektua egitea posible dela».

Alokatzea edo jabetzan hartzea. Horiexek dira gaur egun emantzipatzeko aukera nagusiak —ez bakarrak—, eta, gaur-gaurkoz, ezin da bide hori bakarrik egin. Hala uste du Joseba Bergaretxek, EGK-ko Enplegu eta Etxebizitza teknikariak: «Etxe bat erostea emantzipatzeko lehen aukera gisa pentsaezina da, are gutxiago, bakarrik egin nahi izanez gero; beti bikote bati lotuta egin behar da: zer gertatzen da bikoterik ez dutenekin, edo bakarrik bizi nahi dutenekin?». Arrieta bat dator harekin: «Etxetik ezin da norbera inolaz bakarrik joan: etxe bat erosi bikotean egin behar den zerbait da, eta, alokairua bada, normalean, lagunekin egiten da».

Aitzina gazte antolakundeak badu Etxebizitza lantaldea, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan auziak hartutako norabideak kezkatuta. «Prezioak emendatzen ari dira: kosta saturatua da, eta eraikitzen ari dira nolanahi: gure kezka nagusia da gu nola biziko garen duinki gure herrietan», azaldu du taldeko Hegoa Bañosek. Asko eraiki da, hutsik uzteko: «Gutxi gorabehera 42.000 etxe huts badira abandonatuak eta bigarren etxebizitzak direnak; etxebizitza kopuru osoaren %25 egiten du horrek».

Alokairu sozialaren eskean

Erostea «ezinezkoa» da, alokatzea oso garestia, eta, gainera, beste praktika bat gehitzen zaio horri Ipar Euskal Herrian: «Gazteok baditugu alokatzeko hamar hilabete, eta udan joan behar gara, haiek turistei alokatuta diru gehiago irabazteko». Turismoa da ardatza, batez ere Lapurdin, eta egoera «bitxiak» sortzen dira: «Hiriguneetan duzu lana, baina ezin duzu han bizi: barnealdean bizi bazara, egunero duzu bidea egiteko, eta horrek badu kostu bat, autoarena; bada kutsadura, auto metaketak...».

Ezin norbera bakarrik etxetik joan indibidualizaziorako joera egon badagoenean, ohartarazi du Arrietak. «Norberak geroz eta gehiago bakarrik bizi nahi ditu momentu horiek, baina oso zaila da egungo egoeran». Zer egin, beraz, etxebizitza politika publikoek gazteen beharrekin bat egiteko? «Uste dut, poliki-poliki mahai gainean jarri behar direla etxebizitza txikiagoak, alokairuzkoak, merkeagoak...». Hasi baino ez direla egin esan daiteke, baina hortxe ikusten dute egoera aldatzeko giltza Arrietak eta Bergaretxek: alokairu soziala. «Arazoa da gazteriaren ehuneko oso murritz batera iristen dela, eta gainera askotan izaten dela baldintzatua eta epe baterakoa soilik», ohartarazi du Arrietak.

Bañosek ere hizpide hartu ditu etxebizitza sozialak: «Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75k ukaiten ahalko luke etxebizitza soziala, eta horrek argiki erakusten du tokiko biztanleek zailtasunak dituztela, eta askotan dira gazteak, zaharrak, lan prekarioak dituztenak...». Egon badaudela dio Bañosek, baina horiek direla gutxien egiten direnak.

Arrietak zein Bergaretxek nabarmendu dute erakunde publikoek bultzatu dituzten etxebizitza politikak jabetzara bideratuak izan direla, eta horiei dagokiela pausoak ematea. «Aldaketa beharrezkoa da: ez da inoiz guztizkoa izango, baina eraldaketak poliki-poliki ematen dira, eta erakunde publikoek badute tresna bat euren esku: alokairuaren aldeko apustu garbia egin beharko lukete gazteei emantzipaziorako aukerak emateko», nabarmendu du Arrietak. Dena den, ohartarazi du ez dela hain erraza, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen garaiko egitasmo bat jarri du horren adibide: «Emantzipaziorako 200 euroren laguntzak ematen hasi zen, eta horrek ekarri zuen alokairuak 200 euro igo baino ez zirela egin».

Ardura, denena

Politikarien ardurari ez ezik, tokiko biztanleenari ere erreferentzia egin dio Bañosek. «Politikariak arrunt urrun dira gazteen errealitateari begira, baina badira tokiko bertako pertsonak ez dutenak laguntzen». Izan ere, azaldu duenez, askok saltzen dizkiete lurrak sustatzaileei edo etxeak paristarrei, «urtean bi astez erabiltzeko». Pentsaera aldatzeko beharra ere ikusten du, dena den: «Iparraldean, etxe indibidual baten ukaiteko ohitura dugu, baratze batekin... baina kontzientzia hartu beharko genuke hori ezinezkoa izanen dela, eta alternatiba batzuk sortu beharko ditugu».

Turismoaren indarrak etxebizitzak ezin eskuratzeaz gain, beste ondorio bat ere badu bertakoentzat: «Harrigarria da zenbat enplegu sortzen diren eta badiren udan sasoiko enpleguak, prekarioak, eta usutan gazteak dira horretan. Zirkulu bat da, azken finean, nahi baduzu alokatu edo erosi, ezin duzu lan prekario bat duzulako».

Eurostatek iaz emandako datuen arabera, Europako Batasuneko biztanleriaren %69,7 etxebizitza propio batean bizi zen 2015ean, guztiz ordainduta edo ordaintzeko bidean. Hau da, jabetzaren kultura indartsua da oraindik ere. «Gure gizartea gizarte familista bat da bere oinarrian, eta horren ondorio da jabetzak daukan pisu erlatibo potentea», azaldu du Arrietak. Eredu horretan familiak gizarte babeserako sare gisa duen garrantzia azpimarratu du. «Gure gurasoek, eta, lehenago aitona-amonek, badute kezka bat ondorengoei norberarena den zerbait uztekoa: kultura hori oso zabalduta dago gure artean». Hori litzateke jabetzaren kulturak duen pisuaren arrazoietako bat, haren ustez. Ez litzateke, dena den, erosketaren aldeko hautua egiteko arrazoi bakarra, Bergaretxeren ustez: «Gaur egun ez dago diferentzia handirik erostearen eta alokatzearen artean, eta, hori ikusirik, erostea lehenesten dute askok, nahiz eta baldintza ekonomikoak egokiak ez izan».

Ereduak aldatzeko lanean

Jabetza pribatuaz edo alokatzeaz harago, egon badaude bestelako aukerak, norberak bilatzen baditu. Hori da, esaterako, Abaraskaren kasua, Donostian abiatu duten etxebizitza kooperatiboen proiektua. Jabetza planteatzen dute, baina kolektiboa. Duela bi urte inguru batu ziren zenbait lagun etxebizitzaz hausnartzeko, Nahiko Arraiza Abaraskako kideak azaldu duenez. «Garai horretan esan zidaten alokairuan neukan etxea saltzeko asmoa zutela: alokairuen prezioa gora eta gora zihoala ikusten genuen, eta alternatiba bakarra etxea erostea zela».

Ez ziren eroso sentitzen, ordea, eredu horrekin, eta hara non bestelako esperientzia batzuk ezagutu zituzten: Bartzelonako La Borda eta Uruguaiko Cooperativas de Apoyo Mutuo, besteak beste. «Gaur egun dena da pribatua edo publikoa, eta Abaraska sortu genuen 'Nola nahi dugun bizi?' galderari erantzunez: badakigu ez dela erraza izango, baina geldirik gelditzea zailago egiten zaigu».

Gutxi batzuen artean hasi zena hazi egin da, eta 40 lagun inguru batu dira. Abaraska entitate juridikoa sortu dute, baina adostu dituzte, gainera, elkarrekin banatu nahi duten bizi espazio hori nolakoa izatea nahi duten: bakoitzak bere espazio intimoa izango du, eta , horrez gain, euren arteko hartu emana eta zaintza bermatzeko espazioak izango dituzte.

Instituzioekin harremanetan daude orain. Eraikinen bat berreskuratu edo berria eraiki, antzeko ikusten du Arraizak, nahiz eta eurek eraikitzen badute hasieratik izango duten gauzak nola nahi dituzten erabakitzeko aukera. «Balio batzuk kontuan hartu ahal izango ditugu: materiala ahalik eta gertukoena izatea, klimatikoki ahalik eta iraunkorrena izatea, energia eguzki plaken bidez lortzea...». Baina argi dute eredu hori gauzatzea posible badela Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.