28 urteko zigorra ezarri diote Izarren aitari, alaba hiltzen saiatzeagatik

30 urteko kartzelaldia eskatua zuten fiskalak eta akusazio partikularrak. Valentziako auzitegiak «krudeltzat» jo du Messinezisen jokabidea

Majarenasen eta Izarren aldeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. J. URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zigor gogorra jarri dio Valentziako Probintzia Auzitegiak Stylanos Messinezisi: fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko kartzelaldia zuten eskatua, eta epaileek 28 urtekoa ezarri diote. Bi delituren egiletzat jo dute: Izar alaba hiltzen saiatzea eta Sara Majarenas amari —euskal preso ohia da— lesio psikikoak eragitea. Hala, auzitegiak ontzat jo du fiskaltzaren eta akusazio partikularraren tesia: indarkeria matxista kasu bat dela, eta umearen amari min egiteko eraso ziola gizonak alabari.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta Sara Majarenas amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek —gero, etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, horien ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, biriketan eta bihotzean. Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen Valentzian ospitaleratuta.

Epaileek berretsi dute gizona alaba hiltzen saiatu zela. Izan ere, delituaren kalifikazioa aldatzeko eskatua zuen defentsako abokatuak: erasoa lesio delitutzat hartzea nahi zuen. Epaiketan, ordea, argi geratu zen «berehala hiltzeko arriskuan» izan zela haurra. Ospitaleko ordezkariek eta perituek azaldu zutenez, «oso gaizki» iritsi zen erietxera: «Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen».

Epaiak ere adierazi du erasoa «basatia» izan zela, eta nabarmendu du akusatuak berak pentsatu zuela alaba hil egin zuela, hala jakinarazi ziola segituan Majarenasen aitari telefonoz —deiaren grabazioa froga gisa aurkeztu dute—, hala aitortu ziela udaltzainei erasoaren egunean, eta horixe berretsi zuela epaiketan. Izarren aurkako erasoarekin lotuta, bi larrigarri ezarri dizkiote, senide izatea eta genero aldagaia, eta aringarri bakarra onartu diote, egindakoa aitortu izanarena.

Areago, defentsak nahasmendu psikikoen eta damuaren aringarriak eskatu izana «ulertezintzat» jo du epaimahaiak, eta oso gogor mintzatu da Messinezisi buruz. Haren jokabidea «odolzale» eta «krudel» gisa definitu du epaian: «Argi geratu da akusatua ez dagoela burutik eginda; ez du sentitzen, ezta adierazten ere, penarik edo errukirik ezerekin, bereziki besteen sufrimenduarekin; kasu honetan bere sufrimendua ere beharko luke, gainera, bere alabari labana sartu baitzion. Alaba hiltzea nahikoa ez, eta sufrimendua areagotu zien amari eta aitonari, nahita, berehala deitu baitzien [Izarri] labana sartutakoan, bere gaiztakeria asetzeko».

Espetxe zigorraz gain, urruntze agindua ere ezarri dio auzitegiak Messinezisi: 37 urtez ezin izango du alabarengana, Majarenasengana eta haien senideengana gerturatu. Izarren zaintza ere kendu dio. Epaileek, berriz, ez dute kontuan hartu akusazioak egindako beste eskaera bat: genero indarkeria desagerrarazteko hezkuntza programetan parte hartu behar izatea espetxe onurak lortzeko.

Espetxean irailetik

Irailaren 10ean eta 11n egin zituzten Messinezisen aurkako epaiketaren lehen bi saioak, Valentziako Probintzia Auzitegian, baina hirugarren saioa egin behar izan zuten joan den astean, lekuko eta peritu batzuen deklarazioen faltan. Azken saioaren atzerapenaren harira, akusatua behin-behinean espetxeratzeko eskatu zuten fiskalak eta akusazio partikularrak, auzian agertutako frogen ondorioz ihes egiteko arriskua handiagoa zela iritzita, eta epaileak onartu egin zuen. Izan ere, une hartan libre zegoen Messinezis, aurtengo otsailetik: bi urte egin zituen behin-behineko espetxealdian, eta epaileek argudiatu zuten ikerketa «gehiegi» luzatzen ari zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.