Koronabirusa

EBZ 'banku txar' bat sortzea aztertzen ari da, ordaindu gabeko maileguak biltzeko

Erakundeak uste du bankuek ez dutela nahikoa kapital koronabirusaren beste oldar bati aurre egiteko. Zorra bikoiztu egingo dela aurreikusi du

ARMANDO BABANI / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bankuetako atetik ere sartu da 2008ko krisiaren mamua, eta bulegoetan beldurtzen hasiak dira hipotekak ezin ordaindu geratuko diren herritarrak ugarituko direlako, eta bankuei zor dietena pagatu ezinik egongo direlako enpresari batzuk. Koronabirusaren krisi ekonomikoa finantza krisi bihurtzea eragotzi nahi du nola edo hala EBZ Europako Banku Zentralak, eta, horretarako, eurogunean banku txar bat sortzeko egitasmoa berreskuratu du, duela bi urte porrot egin ostean. Erakundeak uste du bankuak funtsezkoak izaten ari direla laguntza publikoak enpresetara iristeko, eta babestu egin nahi ditu.

EBZren arabera, erabat ez itzultzeko arriskua duten maileguen zorra bilioi erdi euro inguru da egun, eta uste du kopuru hori bikoiztu daitekeela koronabirusagatik. Zorrik handiena 2008ko krisiak gehien zigorturiko herrialdeetan pilatzen da, baina hori orain orokortu daitekeela ohartarazi du. Finantza egonkortasunari buruzko azken txostenean, azpimarratu zuen bankuek «galera nabarmenak» izan ditzaketela.

Asteartean, banku txarrari buruz galdetu zioten Andrea Enria EBZko ikuskatzaile nagusiari, eta esan zuen oraindik «goizegi» dela horri buruz ezer aurreratzeko, baina berak «ideia» babesten duela. «Aktibo txarrak kudeatzeko sozietateen aldekoa naiz ni: baliagarriak direla uste dut», adierazi zuen, eta 2008ko krisiaren ostean halako bankuek «arrakasta» izan zutela Espainian eta Italian. Enriak, gainera, nabar mendu zuen euroguneko bankuek oro har ez dutela nahikoa kapital epe motz-ertainean koronabirusaren bigarren oldar batek eragingo lituzkeen finantza beharrei aurre egiteko. Luis de Guindos EBZko presidenteordeari ere galdetu zioten gaiaz atzo. Banku txarren alde egin zuen, baina esan zuen EBZk ez duela lantalderik sortu eurogunean halakorik sortzeko.

Alemaniara begira

Reuters agentziaren arabera, banku txar bat diseinatzeko prestaketak azkartu egin ditu erakundeak: batetik, Europako Egonkortasun Mekanismoaren bermea lortu nahi luke, banku txarrerako abal emaile gisa jardun dezan; bestetik, Europako banku handiekin ere jarri da harremanetan, babes bila. Krisia hasi zenetik, EBZk urrats eta keinu batzuk egin dizkie bankuei. Aldi baterako murriztu ditu kapitalaren erregulazioren inguruko zenbait eskakizun, eta, kreditua enpresetara irits dadin, 400.000 milioi euro eman dizkie maileguetan, -%0,5 interes tasarekin; alegia, irabaziekin.

Baina bankuek baino gehiago estatuek izango lukete erresistentzia handiena proiektuaren inguruan; herrialde aberatsenek, bereziki. Alemaniak aurka egin du beti, baina zenbait dogma malgutzen hasi da koronabirusaren krisian, EBko kideek zorra modu bateratuan hartzea onartuz, adibidez. Dena den, egitasmoarentzat traba da oraindik euroguneak lortu ez izana banku batasuna eta gordailuak bermatzeko eskema komun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.