Albistea entzun

Eskatu dute bi jaioberrik Osakidetzan izaniko arta «arduragabea» ikertzeko

Donostiako Ospitalean bi ume txikiri, nahastuta, elikagaiak eman ordez anestesia mota bat jarri zietela jakin da. Haurretako bat hil egin zen
Donostiako Ospitaleko sarrera, artxiboko irudi batean.
Donostiako Ospitaleko sarrera, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko irailak 29

«Izugarria da». Pazienteen Defendatzailea elkarteko presidente Carmen Floresek atzo hitz horiek erabili zituen Donostiako Ospitalean gertatutakoaren inguruan ezagutu diren albisteei buruzko iritzia emateko. Zabaldu diren datuen arabera, garaia baino lehen jaiotako bi umeri eman beharreko artan akats larri bat gertatu zen erietxe horretan; zunda bidezko arta behar zuten biek, eta, bide horretatik elikagaiak eman beharrean, anestesia motaren bat eman zieten. Oker horrek ondorio larriak izan zituen: biek okerrera egin zuten, umeetako bat hil egin zen, eta besteari kalte larriak eragin dizkio emandako botikak. Pazienteen Defendatzailea elkarteak EAEko fiskal nagusiari eskatu dio ikerketa bat hasteko arta «arduragabe» hori argitzeko. Gertaeraz zabaldu den informazioaren arabera, Osakidetzak berak umetxoen familiei emandako txostenetan onartzen du jaioberriei botikak ematean egin zuten akatsa.

Hala ere, osasun zerbitzuak hedabideei ofizialki ez die deus esan atera diren informazio horien inguruan. BERRIAri esan diote pazienteen gaineko daturik ez dutela inoiz ematen, eta oraingoan ere ez dutela ezer ere adieraziko. Jazoeraren berri eman duen hedabidearen arabera, urtarrilean gertatu zen akatsa, eta zenbait aste bazituzten umeek ordurako; oso pisu gutxirekin jaioak ziren, ordea, eta arta bereziak behar zituzten; horregatik zeuden biak erietxean.

Pazienteen eskubideen kasuak lantzen dituzten hainbat elkarte eta profesionalen arabera, pazienteen %5-%10ek izaten dute ematen dizkieten botiketan errakuntzaren bat, eta, ondorioz, arazoak izaten dituzte hainbatek. Onartu dute, ordea, kasu honen «larritasuna» apartekoa dela; akats handia da, eta ondorio oso larriak eragin ditu. Umeei botikak emateko jarraitu behar ziren «protokoloak» ondo aztertu behar direla adierazi dute, eta horietan oinarrituta ikusi behar dela hanka sartzearen sorburua zein izan zen, erantzukizunak argitze aldera. «Oraindik ere ez dakigu kasu honetan haurrei eman beharreko botiken preskripzioa gaizki eginda zegoen, edo, gero, erizainek egin zuten akatsa», esplikatu zuen atzo Pazienteen Defendatzailea elkarteko ordezkariak. Hainbat hedabidek nabarmendu dutenez, umeon familiek erreklamazioak bidean dituzte jazotakoaren harira; akatsok «zuritzeko erarik» ez dagoela esan dute.

Akatsa onartzea, ezohikoa

Aporcentaje.com abokatu bulegoko ordezkaria da Jorge Fuset; espezializatuta daude osasun sisteman izandako akatsen ondoriozko auzibideetan, eta adierazi du egunean 30-40 kasuren berri izaten dutela. Onartu du, hala ere, halako «larritasuna» duten kasuak ez direla egunerokoak. Ezohikoa da, halaber, osasun sistemak berak hutsegitea onartzea: «Hori ez dugu askotan ikusten». Are, askotan, zer gertatu den argitzeko zailtasunak izaten direla esan du, historia kliniko «aseptikoak» egiten dituztela sarri osasun zerbitzuek, eta auzibideetan aurrera egiteko eragozpen handiak izaten dituztela errakuntzaren baten ondorioz kexu diren pazienteek. «Maiz, zailtasunak ere ipintzen dizkiete historiak lortu ahal izateko», adierazi du. «Onartu bada, oso argia izan beharko du; jazo den hori ezkutatzeko ezingo zen ezer egin kasu honetan».

Fusetek adierazi du biktimek, ororen gainetik, jazotakoaren nolabaiteko «onespena» nahi izaten dutela. «Eta kasu honetan, uste dugu fiskaltzak, atera diren albisteei erreparatuta, ofizioz abiatuko duela ikerketaren bat». Behin hutsegiteak egiaztatuta, osasun sistemen aseguru etxeen gain geratzen da kalte-ordainen gaineko ardura. Abokatuak adierazi du kasu honetan «ardura penalak» ere egon daitezkeela. Protokoloak zergatik ez diren ondo bete argitzera egin behar da; esan duenez, bide horretan «ardura indibidualizatuak» norenak diren argitzea zaila izaten da maiz.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. ©Raul Bogajo / Foku

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Itunpeko sare langileek apirilaren 25ean egin zuten mobilizioa ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean

Iraia Vieira Gil

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

 

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...