Albistea entzun

Zaballan hildako presoaren familia prozeduran aurkeztuko da

Senideek Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren jarrera kritikatu dute. Gorpua Aljeriara aberriratzeko baimen baten zain daude
Salhaketak antolatutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen.
Salhaketak antolatutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko martxoak 8

Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago aurreko astean Zaballako kartzelan (Araba) hildako presoaren auzia. Orain, Maleken familiak auziaren prozeduran aurkeztea erabaki du, eta epailearen esku utziko du orain arte jasotako informazioa. Azaldu dutenez, helburua da haien senidea «zer egoeratan zegoen ikertzea» eta espetxeak «behar bezalako arduraz jokatu duen jakitea». Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak izandako jarrerak eragin dien «mina» ere salatu dute: «Izugarri zaildu du dolua hastea».

Salhaketak deituta, dozenaka lagun elkartu ziren atzo Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, aurreko astean Zaballako eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzeletan hildako presoen heriotzak salatzeko. Kartzeletan hildako gehiago ez. Espetxeak apurtu lelopean, presoek bizi duten «desesperantza» salatu dute.

Maleken senideek ere parte hartu dute elkarretaratzean, eta azken egunetan bizitako esperientziaren berri eman dute. Jakinarazi dute hasieratik zailak izan direla Justizia Sailarekin izandako harremanak: «Gu izan ginen laguntza bila Justizia Sailarekin harremanetan jarri ginenak, eta ez alderantziz». Salatu dute espetxeak zalantzan jarri zuela familia gorpuaren kargu egitea bera, esanez Malek bakarrik zegoen etorkin adingabe bat zela. «Familiarik ez zuela ere esan zuten».

Are gehiago, gaztearen beilatokia hautatzeko arazoak izan zituztela azaldu dute. Kritikatu dute administrazioak berak zehaztu izana lekua, «oso garestia»: «Erakundeak gastuen zati bat bakarrik hartu zuen bere gain, eta ordaindu ahal genuen beilatoki batera eraman behar izan genuen gorpua». Polizia sekretuak bertaratu zirela salatu dute, eta familiari galdeketa egiten saiatu zirela. «[Beilatokia] zentro askotatik igarotako haurrez beteta zegoen, eta inork ez zituen ezagutzen», argitu dute.

Nabarmendu dute Justizia Sailak 5.000 euro eman dizkiola familiari. Hori, ordea, ez litzateke nahikoa hileta gastuak ordaintzeko (7.000 euro); eta, are gutxiago, ondoren gorpua aberriratzeko —beste 5.000 euro baino gehiago—.

Gorpua Aljeriara aberriratzeko prozesua «arazo burokratikoek» luzatu dute, familiaren esanetan. Senideen arabera, erakundeek Maleken pasaportea «galdu» zuten, eta lanak izan zituzten heriotza ziurtagiria eskuratzeko ere. Bi dokumentu horiek beharrezkoak dira prozesuari ekiteko. Behin horiek entregatuta, Aljeriako kontsulatuak hilotza lekualdatzeko baimena emateko zain daude.

Familiak eskerrak eman dizkie haiekin izan diren profesionalei, erakutsitako «maitasunagatik eta errespetuagatik». Baita Gasteizko komunitate musulmanari ere, gorpua aberriratzeko dirua biltzen laguntzeagatik.

Melgosa, «harrituta»

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, aferaz galdetu diote Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari. Hark adierazi du ez zuela familiaren erabakiaren berri, eta afera aztertuko dutela. Halere, «harridura» adierazi du. Sailburuak esan du presoaren amarekin egon zela aurreko astean, eta andrea «esker oneko» agertu zela Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza «espiritual eta psikologikoagatik»: «Haiekin egon gara, egun goibel horietan laguntzen. Beraz, ez dakit oso ondo zeri erantzuten dion orain salaketak».

Malekek 22 urte zituen, eta otsailaren 28an aurkitu zuten hilda, ziegan. 2020ko irailetik zegoen preso, eta ez zegoen suizidioa prebenitzeko programan, Jaurlaritzak azaldu zuenez, ez baitzuten horretarako «zantzurik» ikusi.

Senideek, baina, azaldu zuten aurrez ere saiatu zela bere buruaz beste egiten. «Espetxeko langileek diote ez zutela ezer detektatu; nik, ordea, zantzuak argi eta garbi ikusi nituen bisita batean: markak zituen gorputzean, biziki triste zegoen, eta droga kontsumoak izugarri egin zuen gora azken boladan», adierazi zuen Zuriñe Rodriguez senideak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna eskatzeko. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal Herrian Euskaraz: «Datorren legealdia ofizialtasunarena izan behar da»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartuko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio egingo ditu EHEk. Nagusia maiatzaren 13an egingo dute, Iruñean.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...