Verterreko arduradunak ikertuko dituzte lurralde antolaketaren aurkako delitu batengatik

Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileak beste delitu bategatik deitu dituzte deklaratzera, ikertu moduan. Deklarazioak atzeratu egin dituzte

Zaldibarko zabortegia, Google Earthen irudi batean. BERRIA.
inaki petxarroman
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) amiltzearen auzian beste delitu baten zantzuak ikusi ditu fiskalak, eta, horietan oinarrituta, ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Verter Recycling 2002 SM enpresako buruak eta Geyser HPC ingeniaritzako arduradun bat. Lurralde antolaketaren aurkako delituagatik ikertuko dituzte.

Hain zuzen ere, Jose Ignacio Barinaga, Miren Arrate Bilbao, Juan Etxeberria Verterreko arduradunak, eta Francisco Javier Beraza Geyser HPCkoa ikertuko dituzte. Epailearen aurrean deklaratu beharko dute, ikertu moduan, ekainaren 15ean. Lau horiei ez ezik, Verterreko legezko ordezkariari ere hartuko diote deklarazioa.

Fiskaltzak aintzat hartu du Ertzaintzak delitu hori frogatutzat emanez aurkeztu dion txostena, eta horri helduta erabaki du diligentzia horiek irekitzea.

BERRIAk otsailean argitaratu zuen Polizia Autonomikoaren ikerketa. Bertan, Krimen Gaietarako Ertzaintzaren Ingurumen Saileko arduradunek epaileari ohartarazi zioten «kriminaltasun zantzuak» ikusi zituztela «ustez delitu izaerako ekintzetan». Izan ere, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta lurralde antolaketari buruzko arauak urratu.

Eusko Jaurlaritzak eta udalak zabortegiaren jarduerarako baimendutako eremua 137.259 metro koadrokoa bazen ere, Verterrek 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen. Besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintzarako eremu bat eta baso ustiaketarako beste bat baliatu zituen, legez kanpo, Ertzaintzaren ikerketaren arabera.

Txosten hori eskuetan, fiskalak eskatu du lekuko gisa deklarazioa hartzeko Zaldibarko Udalarentzat 2010etik hona lanean aritu diren arkitektoei ere: Asier Salaberria eta Olatz Etxeberria. Bi horiei ere ekainaren 15ean hartuko die epaileak deklarazioa.

Fiskalak eskatu du argitzeko zergatik katastroan ageri den 6. poligonoko 98. lursaila zabortegiarena dela, baina ez den agertzen horri dagokion kalifikazioarekin Zaldibarko arau subsidiarioetan. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Zaldibarko Udalari lursail horren —edo antzeko aldaketarik izan duten beste batzuen— erabileraren inguruan egindako tramiteen berri emateko eskatu die fiskalak.

Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailaren 6an amildu zen. Milaka tona zaborren artean harrapatuta geratu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Azken horren gorpua ez dute topatu.

Epaileak bi auzi ireki zituen, langileen segurtasunaren aurkakoa eta ingurumenaren aurkakoa. Lehenengoa bi aldeen arteko akordio baten bidez amaitu zen, eta bigarrena instrukzio fasean dago oraindik. Zabortegia amiltzean hildako langileen eta enpresako arduradunen arteko akordioaren bidez, zuhurtziagabekeriazko hilketa ezarri zieten akusatuei, eta horri dagokion sei hilabeteko zigorra. Hortaz, ez zuten espetxera joan behar izan auzi horregatik.

Deklarazioak, atzeratuta

Letraduen grebaren ondorioz, martxoan egitekoak ziren deklarazio batzuk atzeratu egin ditu Durangoko Epaitegiak, probidentzia bidez, apirilaren 25era. Hain zuzen ere, Geyser HPC ingeniaritza enpresako bost langile deitu ditu epaileak deklaratzera egun horretarako. Urtarrilean eta otsailean egitekoak ziren beste zenbait deklarazio ere maiatzaren 25era atzeratu dituzte, greba dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.