Legebiltzarrak baztertu egin du ustelkeria salatu dutenak babestea

EAJk eta PSEk atzera bota dute Elkarrekin Podemosen proposamena. Salatzaileei legez babesa bermatzeko helburua zuen eskariak

Elkarretaratze bat Osakidetzaren iruzurra salatu zutenen alde. J. FONTANEDA /FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ez du tramiterako onartu ustelkeria salatzen dutenei babesa emateko lege proposamena. Elkarrekin Podemosek aurkeztu du; helburua zuen tresna bat abiaraztea administrazio publikoan eta sektore pribatuan «ororen ongiaren» aurkako ustelkeria salatzen dutenakbabesteko. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk lege proposamena aintzat hartzearen alde bozkatu dute; EAJk eta PSE-EEk kontra egin dute, eta PP abstenitu egin da. Ondorioz, bertan behera geratu da lege proposamena: 27 boto alde, 37 kontra, eta 8 abstentzio.

Elkarrekin Podemosek azken urteetako iruzur salaketak oinarri hartuta aurkeztu du proposamena. Cristina Makazaga legebiltzarkideak gogora ekarri ditu De Miguel auzia, Osakidetzako lan eskaintzaren afera eta Pinosolo kasua. Gogorarazi du kasu horietan iruzurra salatu zutenen kontrako «errepresaliak» egon direla. «Egoera horien berri ematen duenak sentitu behar du eskubideak babestuta dituela».

Proposamenak, besteak beste, helburu zuen bulego bat sortzea iruzur abisuak jasotzeko; legebiltzarraren ardurapean legoke, eta haren zeregina litzateke salatariak babesteko neurriak betearaztea eta salaketak ikertzeko prozedurak egitea. Horrez gain, proposamenak salatzailearen eskubideak xehatzen zituen: anonimotasuna, segurtasuna...

Batzuek besteei kritika

Elkarrekin Podemosek gobernuko bi alderdien aurka jo du proposamenari atea itxi diotelako eta ez dituztelako haien zuzenketak onartu gardentasun legearen eztabaidan. Horren harira, Larraitz Ugartek (EH Bildu) «interes falta» leporatu zien EAJri eta PSE-EEri. «Uste dugu eztabaidari bide eman behar zaiola; amaitu egin behar direla abusuak».

David Latxagak (EAJ) adierazi zuen Elkarrekin Podemosen lege proposamena «orokorregia» zela. Gogora ekarri zuen gardentasun-lege proiektuaren tramitea bidean dagoela, eta auzi horrekin lotuta dagoela; eztabaidan «gogo handiagoz» parte hartzeko eskatu zion Podemosi. Natalia Rojok (PSE-EE) ere azken lege horretan parte hartu ez izana egotzi zion Podemosi, baita «titular» bat lortu nahi izatea ere. PPk irizpide teknikoak aipatu zituen abstentzioa arrazoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.