Zegonak bere gizona jarri du Euskalteleko administrazio kontseiluan

Jose Miguel Garcia Jazzteleko buru ohiaren eskutik aldatu nahi du enpresaren estrategia. Iaz baino emaitza eskasagoekin hasi du urtea

Artetxe eta Garcia Erauzkin, apirilean, Euskaltelen batzarrean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Zegonak beste pauso bat eman du Euskaltelen kontrola hartzeko. Euskal telekomunikazio enpresaren akzioen %21 eskuratu ondoren, funts britainiarrak aldatu egin du Euskalteleko administrazio kontseiluan zuen kidea, Robert Samuelson, eta pisu handiko beste exekutibo batekin beteko du haren lekua: Jose Miguel Garciarekin. Kontseilari berria Jazztel telekomunikazio konpainia espainiarren kontseilari ordezkaria izan zen bederatzi urtez (2006-2015), Orangek hura erosi arte.

Garcia administrazio kontseiluko kide arrunt bat izango da, baina Zegonaren helburua da goiz ala berandu mahaiburua izatea, eta gaur egun Alberto Garcia Erauzkin konpainiako presidenteak edo Francisco Artetxe kontseilari ordezkariak betetzen dituzten aulkietan esertzea.

Azken horrek diplomaziaz hartu du Garciaren izendapena. «Berri ona» iruditu zaio Zegona administrazio kontseilura itzultzea, azken sei hilabeteetan ez baitu bileretan parte hartu, konpainiaren akziodun nagusi bilakatzeko estrategia garatzen zuen bitartean. Analistekin izandako bilera batean, Artetxek ziurtatu du «trantsizio epe bat» zabalduko dela orain Euskaltelen, eta horretan Garcia elkarlanean arituko dela beste kontseilariekin, gaur egungo plan estrategikoa garatzeko. Artetxek espero du epe horren ondoren Garciak «bere ideia propioak» aurkeztu ahal izango dituela.

Baliteke ideia propio horiek talka egitea Euskalteleko oraingo gidarien estrategiarekin. Garcia Erauzkinen gidaritzapean, Derioko telekomunikazio enpresak urratsez urratseko hedapena hautatu du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaldu zen lehenik, 2015ean Galiziako R Cable erosi zuen, eta 2017an, berriz, Asturiasko Telecable. Iaz Nafarroan hedatzeari ekin zion, eta aurten Katalunian, Errioxan eta Leonen ere hasi da zerbitzuak eskaintzen. Anbizio handiagoa du Zegonak:Espainiako merkatu osora zabaldu nahi du, ziurrenez Virgin markarekin —haren maileguak jaso ditu Euskaltelen akzioak erosteko—.

Plan horiek aurrera ateratzeko, Euskaltelek bi aukera ditu. Bata da oraingo zuzendaritza proiektu horretara batzea; bestea, berriz, administrazio kontseiluan gehiengoa lortzea oraingo taldea alde batera uzteko. Oraingoz, ordezkari bakarra du Zegonak.

Lehen hiruhilekoa, «zaila»

Euskaltelek CNMVra bidalitako jakinarazpenean eman du Garciaren izendatzearen berri. Agiri berean, Euskaltelek jakinarazi duurtarriletik martxora diru sarrera txikiagoak izan dituela iaz epe berean baino: 171,7 milioi eurorenak (-4,9 milioi). Konpainiaren EBITDA —interes, zerga, balio galeren eta amortizazioen aurreko irabazia— 81,1 milioi eurora apaldu da (-3,1 milioi). Artetxek ziurtatu du datuak ez direla esanguratsuak, hedapena finantzatzeko gastuak sartu dituztelako barruan eta Nafarroako bezero berrien diru sarrerak baizik ez dituztelako zenbatu. «Bagenekien 2019ko lehen hiruhilekoa urteko zailena izango zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.