Jaurlaritzak zerga kenkarien bidez merkatu nahi du alokairu pribatua

Merkatuko batez besteko preziotik behera kobratzen duten etxejabeak saritu nahi ditu

Etxebizitzak, Donostiako Amaraberri auzoan. JON URBE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak zerga politikari helduko dio etxebizitza pribatuen alokairuaren prezioan eragiteko: merkatuko prezioen batez bestekoa zein den kalkulatu ondoren, hori baino gutxiago kobratzen duten etxejabeei kenkariak ezartzea proposatu du. Alokairua hori baino garestiagoa kobratzen dutenek, berriz, ez lukete kenkaririk izango. Etxebizitza Sailak atzo aurkeztu zuen asmoa Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan, oniritzia jasotzeko. Ondoren, Iñaki Arriola sailburuak azaldu zituen nondik norakoak. Haren esanetan, neurri horiekin alokairua sustatu nahi dute: «Ez ditugu etxebizitzen erosketan dauden kenkariak kenduko, baina orekatu egin beharko dira, ez baitu zentzurik alokairuaren aldeko apustua egiten ari garen bitartean diru gehiago bideratzeak erosketa laguntzera».

Jaurlaritzaren iritzian, zerga politika «biderik eraginkorrena» izan daiteke «epe motzean» alokairuen goranzko joera eteteko, eta «epe ertain eta luzean etxebizitza politika progresista bat bultzatzeko». Kontuan izatekoa da zerga erreforma hori ez dela Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa, herrialde bakoitzarena baizik. Txosten batean neurriak proposatzera mugatu da Jaurlaritza.

Alokairuentzako erreferentziazko prezioa zehazteko —zer kopurutatik behera eman hobaria etxejabeei—, estatistika bat egingo dute, merkatuko prezioak zein diren jakiteko. Udalerri bakoitzak izango ditu bere prezioak. Behin muga ezarrita, eskala bat osatuko lukete, eta horren arabera ezarri kenkarien mailaketa. Zerga jaitsiera izango lukete etxeak alokairu publikorako uzten dituzten jabeek ere. Errentaren gaineko zergan ezarriko lituzkete kenkariak, baina sailburuak ez du baztertu ondare higiezinen gaineko zergan ere eragina izatea.

Aldaketak maizterrentzat

Etxejabeen arloan ez ezik, maizterren kenkarietan ere aldaketak egitea nahi du Jaurlaritzak. Izan ere, ez zaio «bidezkoa» iruditzen 1.000 euroko errenta duten familiek eta 100.000 eurotik gorakoa dutenek, biek, %20ko kenkaria edukitzea errenta aitorpenean.

Arriolaren arabera, gizartean «berebiziko kezka» dago etxebizitza politiken inguruan. Horri erantzuteko asmotan atondu dute zerga politikak egokitzeko proposamena. Jaurlaritzaren etxebizitza agentzian, Etxebiden, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 67.083 familia daude izena emanda, etxebizitza lortu zain. Sailburuak nabarmendu du bostetik lauk alokairua nahi dutela. Eta horietatik %70 dagoeneko alokairuan bizi dira, baina publikoa lortu nahi dute, «neurrizko prezioan» dagoen alokairua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.