Baimena izan arren, Tlaib AEBetako kongresukidea ez da Israelera joango

Demokratak ez ditu baldintza «zapaltzaileak» onartzen. Amona bisitatzeko baimena eman diote, baina «muga batzuk inposatuta»á

Rashida Tlaib AEBetako kongresukide demokrata, uztailean. JIM LO SCALZO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Atzo, Israelgo Gobernuak bezperako neurria zuzendu eta herrialdean sartzeko baimena eman zion Rashida Tlaib AEBetako kongresukide demokratari. Tlaib palestinarra da jatorriz, eta amona bisitatu nahi du —Zisjordanian bizi da—. Atzo, baina, Tlaibek jakinarazi zuen joateari uko egiten diola: haren esanetan, «kriminal baten gisara» tratatu dute, eta ez ditu onartzen Israelek bidaiarako jarritako baldintza «zapaltzaileak».

Izan ere, Barne Ministerioak datorren asteburuan amona bisitatzeko baimena eman zion, baina baldintza batzuk jarrita. Arie Deri ministroak atzo adierazi zuenez, Tlaibek gutun bat bidali zien ostegun gauean, «hitzemanez» Israelek egindako «eskaerak» beteko zituela: «inposatutako mugak errespetatzea bidaian, eta ez sustatzea Israelen kontrako boikotik». Tlaibek eskutitzean idatzi zuen «edozein murrizketa» errespetatuko zuela, eta «bisitan» ez zuela Israel boikotatzera deituko.

Herenegun, Donald Trumpek eskatutakoa bete zuen Israelek. AEBetako presidenteak Twitterren idatzi zuenez, Tel Avivek «ahultasuna»erakutsiko zuen Tlaib eta Ilhan Omar kongresukide demokratei sartzeko baimena emanez gero: «Israel eta herri judua gorrotatzen dituzte», nabarmendu zuen. Benjamin Netanyahu lehen ministroak sarrera debekatu zien herenegun, nahiz eta gobernuak neurria zuzendu zuen atzo —AEBetako juduen artean gehienek Alderdi Demokratari ematen dio botoa—. Tlaibek Trump kargugabetzeko asmoa azaldu izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.