Jose Luis Arastik iragarri du Nafarroak 200 guardia zibil gehiago izango dituela

EH Bilduk oroitarazi du lurraldeak «polizia ratio handienetako bat» duela. Geroa Baik «oso kezkagarritzat» jo du UPN Voxen atzetik joatea

Nafarroak trafiko eskumena izatearen aurkako larunbateko protesta. V. LOPEZ/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Nafarroako ordezkari izateko izendatu du berriz Jose Luis Arasti. Trafiko eskumenen auzia oraindik bideratzeko dagoela, larunbatean hiru polizia elkartek protesta egin zuten Foruzaingoak errepideko zaintza lanak hartzeko erabakiaren aurka; mobilizazioan bat egin zuten Vox eta Navarra Sumako agintariek, baita UPNkoek ere.Atzo, Arastik iragarri zuen Guardia Zibilak ez dituela kide gutxiago izango, alderantziz baizik. Haren esanetan, hil amaieratik beste 200 guardia zibil izango dira Nafarroan, hiri segurtasun arloan.

Auzia ez da berria. 2018ko urriaren 31n, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen trafiko eskumenak Nafarroari itzultzeko. Sanchezek apirileko bozetara deitu aurretik, bi gobernuek lehen harremanak izan zituzten prozesua aztertzeko, baina hauteskundeek dena geldiarazi zuten. Sanchezen inbestidurari begira abenduan PSOEk eta EAJk itundu zuten, berriz, Madrilgo eta Iruñeko gobernuek sei hilabetean zehaztuko zituztela prozesuaren nondik norakoak.

UPN, Voxekin batera

Akordio horrek, baina, eskuinaren muturreko erreakzioa eragin du. Larunbateko mobilizazioan, PPk, Ciudadanosek edo Vox-ek lehian jardun zuten, nork hitz gogorragoak erabiliko. Funtsean,Nafarroak eskumena bere gain hartzea kritikatu zuten: uste dute EAJren baiezkoari eta EH Bilduren abstentzioari Sanchezek jarritako prezioa dela, «amore emate bat». UPNko Carlos Garcia Adanero manifestazioan izan zen, eta hark esan zuen bateragarri dela Nafarroak eskumena hartzea eta guardia zibilak zeregin horretan aritzea. 1990eko hamarkadan, Foruzaingoak eskumena bere gain hartzea eta guardia zibilek Nafarroa uztea defenditzen zuen.

Testuinguru horretan, prentsaurrekoa eman zuen Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Zehaztu zuen prozesua «garden eta txukun» egingo dela, eta «harrituta» agertu zen alderdiok mobilizazio horretan parte dutelako. «Ekitaldi politikoa eta politizatua izan zen, Nafarroako autogobernuaren eta nazioaren gobernuaren aurkakoa».

Haren hitzetan, bost hilabete dituzte aurretik bi gobernuek transferentzia nola egingo den zehazteko. Negoziazioaz harago, aldaketak denbora beharko duela uste du:«Badakigu orain Foruzaingoak ez duela nahikoa kiderik eta baliabiderik eskumena bere gain hartzeko». Aukeren artean dago trafikoan egun dabiltzan guardia zibilak foruzain bihurtzea. Arastiren arabera, gaia gainetik aztertu dute, eta «oso gutxi» dira horretarako prest diren guardia zibilak. Arastiren arabera, gaur egun, Nafarroan «1.400 guardia zibil baino gehiago daude, ez dira 1.500era iristen» eta otsailean iritsiko diren berrehunekin 1.700 izango dira.

EH Bilduk neurri hori kritikatu du prentsa ohar batean. Koalizio abertzalearen arabera, ez du zentzurik 200 guardia zibil gehiago hartzeak, lehendik «polizia ratio handienetako bat» baitu Nafarroak. Iragarpen horrek «eskuinak eta eskuin muturrak deitutako elkarretaratzeari egindako erantzuna» dirudiela uste du. EH Bilduko ordezkari Adolfo Araizen ustez, «Nafarroa da lurralde bakarra zeinean segurtasun indar batzuek eta besteek eskumen berak baitituzte, eta eraginkortasun faltaren adibide argia da». Kolizioaren iritziz, Nafarroak «ahalik eta azkarrena» hartu beharko lituzke trafiko eta hiri segurtasun arloko eskumenak, «Foruzaingoa Nafarroako polizia erreferentea izan dadin».

Parlamentuko atzoko mahai eta eledunen batzordearen ondoren, Geroa Baiko Uxue Barkos «kezkatuta» azaldu zen autogobernuaren defentsan lidergoa galdu duelako UPNk. «Larria deritzot polizia elkarte batek transferentzia baten aurka manifestazioa egiteari. Nahasmen horretan Vox egotea ez zait harrigarri egiten;kezkagarria da oso UPN haien atzetik arrastaka ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.