Sestaoko ACB altzairutegia irekiko du Arcelor Mittalek urriaren hasierarako

Lantalde osoak ekingo dio martxoan etendako jardunari. Enpresak Euskal Herriko planta guztiak izango ditu lanean; haietako batzuk, motel

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Albiste onak salbuespen dira azken hilabeteetan euskal industrian. Koronabirusaren krisiak dardarka utzi ditu hainbat sektore, eta aurkako norabidean doan edozein erabaki azken minutuan sarturiko gola bailitzan ospatzenda. Atzokoan Arcelor Mittal izan zen goleatzailea, Sestaoko (Bizkaia) ACB altzairutegia berriz irekiko duela jakinarazi baitzuen. Alderaketa futbolistikoa ez da hutsala, ezustean hartu baitu erabakia. Iragan aste hasieran enpresak berak jakinarazi zuen zail ikusten zuela laster hura martxan jartzea, eta Sidenorrek aldi baterako espediente bat ezarri nahi izateak ez zen zantzu ona. Arcelor Mittalek, baina, «merkatu batzuetan» eskaerak pixka bat gora egin duela ikusi du, autogintzan batez ere, eta horregatik piztuko du Sestaoko labea. Horrenbestez, Arcelor Mittal taldeak Euskal Herrian dituen planta guztiak martxan egongo dira aurki. Hori bai, gehienak beren ekoizpen ahalmenaren azpitik daude.

ACB Sestao urriaren hasieran esnatuko da sei hilabeteko lozorroaren ondoren. Altos Hornos de Vizcaya zenaren oinordekoa aldi baterako erregulazio espedientean zegoen apirilaren 1az geroztik. Berez, urte bukaera arte luzatzeko asmoa zuen, baina enpresak «errekuperazio zantzu» batzuk ikusi ditu merkatuan, eta balizko eskaera horri erantzuteko egin du. Lantokian diharduten 205 langileak itzuliko dira, eta, haiekin batera, enpresa osagarrietako eta azpikontrataturiko beste 50 langile.

Hilaren 20an hasiko dira lehen langileak, eta urriaren hasierarako txanda guztiak martxan izan nahiko lituzke enpresak. Enpresak luze gabe hartu du erabakia, hori baita Sestaoko instalazioak dituen bertute handietako bat. Hainbat burdin urtu eta altzairu salda egiteko labea elektrikoa da, eta horrek azpiegitura arin pizteko edota itzaltzeko modua ematen du. ACBk martxoan zuen ekoizpen maila berean berrekingo dio jardunari. Hilabetean 40.000 tona altzairu ekoitziko ditu, 120.000rako ahal izan arren. 2019an, ACBko zuzendaritzak 300.000 tona ekoizteko helburua jarri zion bere buruari, baina 275.000 izan ziren bakarrik eta galerekin bukatu zuen urtea.

Ongi Etxebarri, besteak ez

Sestaokoa irekitzean Arcelor Mittalek martxan izango ditu Euskal Herrian dituen planta guztiak. Bizkaian Etxebarrin du beste bat, eta hura ahal betean ari da, jakientzako metala ekoizten baitu. Gipuzkoan, Bergaran eta Olaberrin ditu lantegiak; irekita daude, baina lan karga handiagoa hartu ahal izango lukete, eta, enpresako iturrien arabera, eskaeretan motelaldi bat sumatu dute azken asteetan. Nafarroan, azkenik, hiru planta ditu Arcelorrek: Lesakakoa, Legasakoa eta Berriobeitikoa. Lankarga badute, baina ahalaren «%50aren eta %60aren» artean daude egun. Lesakakoa geldirik egotera iritsi zen konfinamendu garaian. Arcelor Mittalek dio batez besteko ekoizpenak merkatuaren eskuetan daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.