Istanbulgo bozen errepikapena boikotatzea baztertu du CHPk

Erdogan presidenteak esan du hauteskundeak berriro eginda demokrazia indartuko dela

Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak Istanbulgo udal hauteskundeetan parte hartuko du, datorren ekainaren 23an. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP alderdiak jarritako helegiteak ontzat eman ditu Hauteskunde Batzorde Gorenak, eta joan den martxoaren 31n herrialdeko hiririk handienean egindako hauteskundeen emaitzak bertan behera utzi zituen, herenegun. CHP alderdi sozialdemokratako zenbait kidek planteatu zuten bozen errepikapena boikotatzea —Ekrem Imamoglu CHPko hautagaia nagusitu zen Istanbulen—, baina alderdiaren zuzendaritza atzo goizean bildu zen, eta aukera hori baztertzea erabaki zuen.

Erdogan, berriz, AKP alderdiaren parlamentarien aurrean mintzatu zen, atzo, eta nabarmendu zuen «krimen antolatuak eta ustelkeriak» eragin ziela Istanbulgo bozei. Martxoaren 31ko hauteskundeetan Turkiako hiri nagusiak galdu zituen AKP islamistak. Presidentearentzat, hauteskundeak berriro egitea da «onena» herrialdearentzako. Haren esanetan, errepikapenak balioko du «demokrazia indartzeko».

Istanbulgo emaitzaren berri eduki eta berehala kexu agertu ziren AKPkoak —islamistek 1994tik agintzen dute han—. Botoak berriro zenbatzeko eskatu zuten, eta bi aldiz zenbatu zituzten. Bigarren kontaketaren ondoren ere, Imamogluk 14.000 botoren aldea ateratzen zion Binali Yildirim AKPko hautagaiari. Hortaz, Istanbulgo Hauteskunde Batzordearen oniritziarekin, Imamogluk karguaren zina egin zuen apirilaren 17an. Ali Yerlikaya Istanbulgo gobernadoreak ordezkatuko du, behin-behinean.

«Istanbul irabazten duenak Turkia irabazten du». Horixe adierazi izan du Erdoganek behin baino gehiagotan. Horrenbestez, AKPkoek helegiteak jarri zituzten. Hauteskunde batzordeak ez du jakinarazi, oraindik, zein den bozak errepikatzeko arrazoia, baina AKPkoek diote hauteskunde mahaietako 225 presidente eta 3.500 kide ez zirela, legeak agindu bezala, funtzionario publikoak. AKPrentzat argudio hori onartu du hauteskunde batzordeak. EB Europako Batasunak eskatu dio batzordeari argitu ditzala errepikapenerako arrazoiak.

Protestak

Ohar bat kaleratu zuen CHPk, atzo, eta hauteskunde batzordeko kideen dimisioa eskatu zuen. Gainera, erabakiarekin botere banaketa «bertan behera»geratu dela azpimarratu du. Batzordearen erabakiaren harira, protestak egin zituzten Istanbulen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.