«'Brexit'-a ez da auzitegiaren kontua»

Parlamentua ixteko erabakia legezkoa den ala ez argitzeko epaiketa hasi dute Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean. Eskoziako eta Londresko auzitegien ondorio kontrajarriak aztertuko dituzte

Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Amaierara iristear da Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentua ixteko hartu zuen erabakiak eragindako eztabaida. Oposizioak egotzi zion erabaki hori brexit-a nahitaez aurrera eramateko trikimailu gisa erabiltzea, eta, orain, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak izango du azken hitza. Epaiak, ordea, ez du eraginik izango brexit-a «noiz eta nola» gauzatzeko erabakian, Brenda Hale Auzitegi Goreneko presidentearen arabera. Esan duenez, brexit-a ez da tribunalaren kontua, eta eurek Komunen Ganbera ixteko erabakia konstituzionala den ala ez aztertuko dute, ez besterik.

Hiru egun iraungo du atzo hasi zen epaiketak. 11 epailek aztertuko dituzte Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak eta Eskoziako Apelazio Auzitegiak emandako epaiak —normalean bederatzi izan ohi dira—.

Ingalaterra eta Galeskoan Gina Miller enpresariak aurkeztu zuen auzi eskaera, John Major lehen ministro ohiaren babesarekin. Ez zuten lortu helburua: tribunal horren arabera, legezkoa da erabakia. Ondorio berera iritsi zen Ipar Irlandako Auzitegi Nagusia ere joan den astean.

Eskozian, berriz, Auzitegi Zibil Nagusiak Londresekoarekin bat egin zuen arren, Apelazio Auzitegiak itxiera konstituzioaren aurkakoa zela argudiatu zuen, «parlamentua oztopatzeko asmo desegokiak» zituela eta.

Johnsonek Komunen Ganbera irailaren 10etik urriaren 14ra arte itxi du, bere legealdiko agenda osatzeko denbora behar duela argudiatuta. Oposizio osoa erabakiaren aurka agertu zen, haien iritziz helburua bat eta bakarra baita: diputatuek ahalik eta denbora gutxien izatea akordiorik gabeko brexit-a eragozteko.

'Brexit'-aren atarian

Urtero itxi ohi da parlamentua Erresuma Batuan, baina aurten erabakiak polemika sortu du herrialdean bizitzen ari den garai politikoa dela eta; urriaren 31 da brexit-a gauzatzeko ezarritako eguna. Parlamentuak egindako azken batzarrean —irailaren 9an— adostu zuten legea dela eta, akordioa urriaren 19a baino lehen sinatzen ez bada, atzeratu egin beharko du brexit-a Johnsonek.

Ostegunetik aurrera auzitegiak edozein unetan iragar dezake erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.