Turkiako armadak ariketa militarrak egingo ditu Mediterraneo ekialdean

Benetako munizioa erabiliko du ariketetan. Bruselak negoziazio mahaira itzultzeko eskatu die Greziako Gobernuari eta Turkiakoari

arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Grezia eta Turkiaren arteko harremanak ozpinduz joan dira azken hilabeteetan; lehenik, Ankarak Siriako iheslariei Grezia aldera igarotzen utzi zielako, eta gero, Mediterraneo ekialdean gasa ustiatzeko lanak hasi zituelako. Frantziak Italia eta Greziarekin batera hiru eguneko maniobra militarrak iragarri izanak are gehiago garraztu du egoera, eta orain Turkiak iragarri du ariketa militarrak egingo dituela berak ere, datorren asteartean eta asteazkenean, benetako munizioa erabiliz.

Zipretik gertu topatutako gas putzu baten ondorioz piztu dira azken liskarrak. Ankarak 320.000 milioi metro kubo gas topatu ditu han. Aurkikuntza oinarrizkoa da Recep Tayyip Erdogan presidentearen herrialdearentzat; izan ere, azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa dela-eta, herrialdeak gas ugari xahutzen du. Ankarak esportatu egiten du erregai horren zatirik handiena, eta, ondorioz, gasa erostera bideratu behar du bere aurrekontuen zati handi bat. Mediterraneo ekialdean topatutako putzuak, ordea, gas esportazioen merkatuan sartzea ahalbidetuko lioke herrialdeari, ekonomiari bultzada bat emanda.

Greziak, ordea, salatu du «legez kanpokoak» direla ustiaketak, Zipre inguruko itsas eremua bere menpekoa delako. Turkiak, aldiz, ohartarazi du Mediterraneoan, Itsaso Beltzean eta Egeo itsasoaren gain dituen eskubideak baliatuko dituela. Frantziak, bere aldetik, Atenasen alde egin du, eta aste honetan bertan Florence Parly Atzerri ministroak ohartarazi du nazioarteko legedia «bete beharrekoa» dela: «Mediterraneo ekialdea ezin da izan gutxi batzuen helburuak lortzeko baliabide hutsa».

Kostaldeko mugak

Turkiaren mugimenduei bere kostaldeko mugak mugituz erantzun dio Greziak. Aste honetan bertan, Kiriakos Mitsotakis lehen ministroak legebiltzarrari eskatu dio presta dezala proposamena mendebaldeko kostaldeko mugak sei itsas miliatik hamabira zabaltzeko. Mitsotakisen arabera, Italiak eta Libiak badute erabakiaren berri, eta legebiltzarrak datozen egunetan bozkatuko du egitasmoa.

Dena den, Greziako gobernuburuaren asmoa litzateke kostaldeko mugak zabaltzea bi estatuen arteko tartea 24 itsas milia baino gutxiagokoa den eremu guztietan. Turkiak, ordea, ohartarazi du Egeo itsasoan halako mugimendurik egingo balu «gerra deklaraziotzat» joko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.