Pekin-Washington akordioa, «zatika»

Txinak iragarri du AEBekin adostu duela 2018ko martxoaz geroztik elkarri ezarritako tarifa bereziak kentzea. Balizko itun komertzial zabal baten barruan, «lehen zatia» litzateke muga zergak kentzea

xabier martin
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez da erraza jakitea zer neurritan beteko den Trumpekin egindako akordio bat, edota bezperan adostutakoak zutik jarraituko duen biharamunean, baina Txinak iragarri du itun bat duela AEBekin, eta, haren arabera, bertan behera geratuko lirateke potentzia biek gerra komertzialaren barruan elkarri jarri dizkieten muga zergak, «zatika» bada ere, Gao Feng Merkataritza ministroak zehaztu zuenez, atzo. Pekinek aditzera eman zuen itun zabal bat egin dutela herrialde biek, eta haren lehen urratsa dela indarrean dituzten tarifa bereziak bertan behera uztea. Gaok azaldu zuen talde negoziatzaileak «ados» jarri direla azken asteetan, «elkarrizketa zabalen, serioen eta eraikitzaileen bidez».

Merkataritza ministroaren esplikazioek, ordea, gerra komertzialaren amaiera ez dela berehala izango pentsaraztera daramate. «Alde biek adostu dute muga zergak baztertzea aurrerapausoak egiten diren heinean. Txinak eta AEBek akordio bat egiten badute lehen fasean, alde biek tarifa bereziak erretiratu beharko lituzkete, aldi berean eta neurri berean». Ministroak erabilitako baldintza esaldiak iragarritako akordioaren garrantzia apaltzen du. Negoziatzaileek «espero dute» gatazka gainditzea, «elkarrenganako errespetuan eta berdintasunean», erantsi zuen.

Pekinek urriaren 26an esan zuen estreinakoz elkarrizketa bide onetik zihoala, eta aurrerapenak zeudela itun komertzial bat erdiesteko; are, balizko akordio horren atal teknikoak ere eginda zeudela ziurtatu zuen. AEBetako presidente Donald Trumpek, ordea, itun baten «lehen fasea» baizik ez zuen aipatu, eta azaldu zuen paktua hiru alditan egin zitekeela; edonola ere, Txinari ezarri behar zizkion azken muga zergen sorta bertan behera utzi zuen. Orain, berriz, ez du ezer txiokatu gaiaren inguruan, eta kontuan hartu behar da haren TW kontua bihurtu dela Etxe Zuriaren aldizkari ofiziala.

Nolanahi ere, Txinak konpromisoa hartu zuen AEBetako nekazaritza produktuak erosteko 40.000 eta 50.000 milioi dolar arteko balio batekin —36.200 eta 45.200 milioi euro—. Pekinek orain arte AEBei erositakoaren bikoitza baino gehiago litzateke azken kopurua, Trumpen hitzetan; hirukoitza ere izan daitekeela gaineratu zuen.

Ez dago idatzita

Pekinek eta Washingtonek uko egin diote orain arte balizko akordio baten inguruko ezer ofizialik publikatzeari, baina Etxe Zuriak esan du Txinako dibisa debaluatzeko neurriak jasoko dituela merkataritza itun berriak, eta jabetza intelektualari buruzko arau berriak ere bai; ez dirudi erraza Pekinek horrelakorik onartzea. Gai horiek bigarren fase batean adostu beharrezkoak direla ere erantsi zuen. Bestalde, Huawei konpainia teknologikoari ezarritako betoaren auzia beste negoziazio batean jorratzen ari dira bi aldeak, itun nagusitik at.

Txinak zabalik du beste fronte handi bat: Europako Batasunarena. Phil Hogan Merkataritza komisarioa Pekinen da egunotan, eta esperantzak hauspotu ditu alde biko inbertsio plana dela eta, orain arte zazpi urteko negoziazioa eragin duena emaitzarik gabe. Txinako eta Erresuma Batuko sor-marka duten hainbat janari eta edari babesteko akordioa egin eta gero —tartean Arabako Errioxako eta Nafarroako ardoa—, Hoganek azaldu ditu zein diren oztoporik handienak Bruselarentzat inbertsio itun handi bat egiteko Pekinekin: industriari emandako laguntza publikoak, Txinako merkatu zurrunean sartzeko zailtasunak eta teknologiaren transferentzia, azken horierabat estrategikoa Pekinentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.