Italiako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du

Mattarella presidenteak gaur hasiko ditu Conteren ordezkoa aukeratzeko kontsultak

Giuseppe Conte, parlamentura sartzen, atzo Erroman. CLAUDIO PERI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Kargua utzi beste aukerarik ez du izan Giuseppe Conte lehen ministroak. Atzo eman zion bere erabakiaren berri Sergio Mattarella presidenteari, eta hark iragarri zuen gaur hasiko dituela alderdiekiko kontsultak koalizio gobernu berri bat osatzeko arduraduna erabakitzeko. Contek jardunean jarraituko du gobernu berria osatzen duten arte.

Contek dimisioa eman izanak ez du esan nahi, hala ere, hark amore eman duenik; izan ere, badu oraindik aukerarik agintera itzultzeko, horretarako beharrezko babesak lortzen baditu. Mattarellak berak, ordea, ez zuen aurreratu zer asmo duen, eta soilik iragarri zuen Diputatuen Ganberako eta Senatuko buruekin bilduko dela lehenik, eta jarraian alderdiekin, ordezkaritza txikiena dutenetatik hasita.

Orain arte gobernuburu izan denaren itxaropena litzateke Mattarellak bere gain uztea beste koalizio bat osatzeko ardura. Horretarako aukerak, ordea, gutxituz joan zaizkio Conteri; izan ere, haren gertukoek zail ikusten dute Italia Bizirik-eko buru Matteo Renzirekin berriz adiskidetu ahal izatea.

Aukerak

Renzirekin dituen liskarrek eragin dute Italiako Gobernuaren azken krisia. Koronabirusaren kudeaketa eta, batez ere, Europako Batasuneko funtsekin Contek eta koaliziokide zituen M5S 5 Izar Mugimenduko kideek egin nahi zuten erabilera «okerra» zela argudiatuta, gobernutik irten ziren Italia Bizirik-eko bi ministro, eta gutxiengoan geratu zen koalizio gobernua. Horren ostean, bi konfiantza moziori egin behar izan zien aurre Contek: Diputatuen Ganberan lehena, eta Senatuan bigarrena.

Renzi alde batera utzita, Silvio Berlusconi gobernuburu ohiaren Forza Italia litzateke beste alternatiba, baina azken horiek jakinarazi dute ez dutela babestuko Conteren gobernua, eta irtenbide bakarra dela «larrialdi egoera batean herrialdearen batasuna islatuko duen koalizio bat sortzea», beste edozein bide «blokeoa luzatzea» litzatekeela arrazoituta.

Ez dute azaldu, ordea, zer-nolako koalizioa behar lukeen. Aldiz, M5Sko kideek eta PD Alderdi Demokratikoak dagoeneko esan dute prest leudekeela Contek zuzenduriko beste koalizio batean parte hartzeko. Horiez gain, baina, babes gehiago ere lortu beharko lituzke Contek, hirugarren aldiz koalizio berri bat osatzeko.

Italian ohikoak dira gobernu krisiak. 1989tik, bi urtean behin gobernu aldaketa bat izan dute herrialde hartan. Azken hamarkadan bakarrik, sei gobernuburu izan dituzte. Conte bera 2018an izendatu zuten presidente M5Sk eta Matteo Salviniren Legak hala erabakita Conte ez zen hauteskundeetara aurkeztu.

Adostasunak 2019ko abuztura arte iraun zuen, Salvinik, migratzaileen krisiak eragindako liskarrek bultzatuta, koalizioa uztea erabaki zuen arte, eta orduan Matteo Renziren PDk hartu zuen haren tokia. Renzik PD utzi eta Italia Bizirik sortuz geroztik, eta batez ere pandemiak Italiako errealitatea irauli ostean, bigarrenez hautsi zen adostasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.