Palestinak independentzia deklaratuko du Israelek anexio plana betetzen badu

Xtayyeh PANeko lehen ministroak Tel Avivi zigorrak jartzeko eskatuko dio EBri. Alemaniako Atzerri ministroa Israelgoarekin bilduko da gaur

Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroa, atzoko agerraldian. A. MOMANI / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Israelen Zisjordania anexionatzeko planen aurrean, Palestinako Aginte Nazionala (PAN) presio diplomatikoa egiten hasi da. Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak atzo ohartarazi zuen Gazaren eta Zisjordaniaren independentzia deklaratuko duela, eta, hortaz, Palestinako Estatua aldarrikatuko duela —1967ko mugetan—, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bere asmoekin jarraitzen badu. Xtayyehren hitzetan, «mehatxu existentzial baten» aurrean daude palestinarrak.

Berez, Tel Avivek hiru aste barru, uztailaren 1etik aurrera du Zisjordania ekialdeko kolonia juduetan eta Jordango haranean «subiranotasuna aplikatzeko» aukera, Netanyahuk eta Benny Gantzek koalizio gobernua osatzeko adostu zuten akordioaren arabera. Donald Trump AEBetako presidentetzara iritsi zenetik, Israelek palestinarren interesen aurkako geroz eta pauso gehiago eman ditu, eta, joera hori ikusita, PANeko lehen ministroaren atzoko adierazpenak nazioartearen erreakzio bati begirakoak izan ziren: «Anexio plana atzerakorik ez duen kolpe bat izango da».

Testuinguru horretan, independentzia deklarazioa mahai gaineratzeaz gain, Xtayyehk jakinarazi zuen Israelen aitortza bera ere «zalantzan» dagoela Palestina Askatzeko Erakundearen partetik. Eta, balizko presio ekonomikoari begira, PANeko lehen ministroak jakinarazi zuen Europako Batasunari (EB) eskatuko diotela Tel Aviven aurkako zigorrak ezartzeko: «Israelen, eztabaida ez da okupazioaren edo bakearen artekoa, baizik eta statu quo-a mantentzearen edo anexioaren artekoa».

Ez litzateke lehen aldia izango palestinarrek estatua aldarrikatzen dutela; esaterako, Jasser Arafatek horixe bera egin zuen 1988an, eta, bide horretan, 2012an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) begirale gisa onartu zuen Palestina, estatu kide izan beharrean. Dena den, PANeko presidenteak esandakoa beteko balitz, praktikan sinbolikoa litzateke, Israelgo segurtasun indarrek kontrolatzen baitute palestinarren eremua.

Nazioartearen aitortzaz, Xtayyeh baikor agertu zen: «Europako gobernuak oso serioski ari dira [auzi] honi begira. Entzun dudan tonua oso desberdina izan da». Hain justu, horren lehen zantzuak gaur ezagut daitezke, Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroa Gabi Ashkenazi Israelgoarekin batzartuko baita.

Palestinaren proposamena

PANeko lehen ministroak jakinarazi zuenez, NBEri, EBri, Errusiari eta AEBei «kontraproposamen bat» aurkeztu diete egunotan.

«Abiaburu gisara, estatu palestinar subirano bat sortzeko deklarazio konstituzional bat planteatu dugu, independentea eta militarizatu gabea, mugen aldaketa izango lukeena beharrezkoa izango balitz». Palestinarren eta israeldarren elkarrizketek sei urte daramatzate etenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.