Albistea entzun

Ordizia, igeriketaren erakusleiho berriz ere

Gaur jokatuko da Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, Majori kiroldegian. COVID-19a dela eta, ohi baino nazioarteko igerilari gutxiago izango dira, baina parte hartzea goi mailakoa izango da
Lidon Muñoz kataluniarra eta Caba Siladji iazko irabazleak.
Lidon Muñoz kataluniarra eta Caba Siladji iazko irabazleak. ORDIZIA IGERIKETA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Fernandez Guridi -

2021eko abenduak 29

Hainbat zailtasunekin izan bada ere, gaur jokatuko da Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa Ordizian (Gipuzkoa). Azken asteetan pandemiak izandako bilakaeraren ondorioz txapelketa zalantzan egon arren, 300 igerilarik baino gehiagok egingo dute salto uretara txapelketaren 39. aldian.

COVID-19aren probetan positibo emanda, 50 bat igerilari ez dira Ordizian izango. Antolakuntzak 600 igerilari baino gehiagoren eskaera jaso zuen txapelketan parte hartzeko, baina, iraupenagatik eta igerilekuaren tamainagatik, ezin izan zituzten guztiak onartu. Parte hartuko duten igerilari gehienak atzo heldu ziren, eta, COVID ziurtagiria edo PCR edo antigeno proba negatibo bat aurkeztu eta gero, proba baten aurretik egiten duten ohiko entrenamenduari ekin zioten. Iaz gertatu zen bezala, parte hartzaileek egun gutxi egingo dituzte Ordizian edo inguruko herrietan. Izan ere, beste txapelketa batzuk ere badira hurrengo egunetan, eta igerilariek ez daukate denbora askorik.

Pandemiaren ondorioz, ez dira nazioarteko igerilari asko arituko. Dena den, lehia bikaina ikusteko aukera egongo da Majori igerilekuan. Emakumezkoen artean, proba irabazteko hautagai nagusiak Jessica Vall eta Lidon Muñoz (Herrialde Katalanak), Francesca Fangio eta Anna Pirovano (Italia) eta Simona Kubova dira (Txekiar Errepublika). Maria Ramos 15 urteko gaztea ere (Espainia) tartean izango da; duela gutxi, Espainiako marka ezarri zuen 50 metroko bular estiloan. Gizonezkoen artean, berriz, faboritoak Hugo Gonzalez (Espainia) eta Mateo Mili (Italia) dira. Alberto Lozano espainiarra ere lehia berean egotekoa zen, baina, azken orduan positibo eman eta gero, ez du txapelketan parte hartuko. Beraz, hirugarren posturako borroka are interesgarriagoa egongo da.

Igeriketa egokituak ere bere tokia izango du. Hiru euskal igerilarik eman zuten izena: Nahia Zudairek, Richard Oribek eta Iñigo Llopisek. Baina Llopisek positibo eman zuen PCR proban, eta ez da Ordizian izango.

Ahalegin handia

Antolatzaileak ahalik eta igerilari gehien ekartzen saiatu dira. Francisco Jose Gonzalez Txesko da talde horren parte, eta adierazi du oso pozgarria dela halako kirolari onak herrian izatea: «Txapelketa honen helburua igerilari ezagunak gure taldeko igerilariei gerturatzea da. Hemengo igerilari gehienak ez dira lehiatzen maila gorenean, eta polita da gertutik ikusteko aukera eskaintzea. Guretzat pozgarria da hori».

Oraingo honetan, ez da zalerik izango Majori igerilekuan. Txikia bada ere, zaleentzako espazioa igerilarientzat utziko dute, osasun neurriak betetzeko. Gonzalezek zera aitortu du: «Giro hori ez dugu izango, eta oraingo honetan igerilariek sortu beharko dute. Ez da gauza bera izango, baina ez dugu beste aukerarik izan».

Alde horretatik, antolakuntzak esfortzu handia egin du txapelketa telebistan eman dezaten. Hara joan ezin diren zaleek Goierri Telebistatik ikusteko aukera izango dute, 10:00etatik aurrera, eta ETB4 kateak arratsaldeko finalak emango ditu (18:30).

Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa Euskal Herriko igeriketa probarik garrantzitsuena da, eta kanpoan ere izen handia eskuratu du. Datorren urtekoa 40. aldiz jokatuko da, eta orain arte egindako lanari balio handia eman diote ordiziarrek: «Ez da erraza horrelako txapelketa bat antolatzea, zentzu guztietan. Herritarren esker hitzak jasotzeak indarra ematen digu datorren urtean berriz antolatzeko. Polita da herritarren gertutasuna sentitzea», nabarmendu du Gonzalezek.

Txapelketa honi esker, Ordiziak eta inguruko herriek ere zenbait onura izaten dituzte: «Sortzen den diru mugimendua oso garrantzitsua da. Gainera, urte batzuetan zenbait talde lauzpabost egunez etorri izan dira, eta horrek gastu handiagoa dakar. Honek guztiak Ordizia mapan jartzeko balio du; bestela, askok ez lukete jakingo non dagoen».

Dena den, Gonzalezek kezka azaldu du txapelketaren inguruan herrian sortzen den giro berezia galtzen ari delako: «Urteen poderioz, geroz eta igerilari profesionalagoak etorri dira, eta ez daukate hemen galtzeko denborarik: etorri, lehiatu, eta etxera bueltatzen dira. Duela urte batzuk, elkartetan afaltzeko ohitura zegoen, eta, horri esker, giro polita sortzen zen herrian».

Diru laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak mantendu baldin badira ere, babesle pribatuak galdu dituzte. «Gehienak tabernak edo jatetxeak ziren. Garai gogorrak bizitzen ari dira, eta nahikoa lan daukate».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan
 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».
Unai Laso eta Jon Ander Peña joaneko partidan. ©JON URBE/FOKU

Laso-Imaz eta Peña II-Eskiroz arituko dira gaur, Hendaian

Berria

Lasok eta Imazek lau garaipen daramatzate jarraian, eta Eskirozek bigarrenez hartuko du Mariezkurrenaren tokia
Mikel Vesga penaltiz gauzatutako gola ospatzen, zuri-gorrien hirugarrena ©Biel Aliño / EFE

Kopako finalerdietara sailkatzea lortu du Athleticek, beste behin

Beñat Mujika Telleria

Zuri-gorriak 1-3 nagusitu dira Mestallan. Partida osoa jokatu gabe,baina lanari etekina aterata lortu du Athleticek finalerdietara sailkatzea, laugarren urtez jarraian.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.