Erritmoa ezartzera joango dira

Urrutikoetxea eta Ezkurdia gustura daude lau eta erdiko finalerdietarako hautatutako pilotekin. Sarrera gutxi saldu dira oraingoz

Mikel Urrutikoetxea eta Joseba Ezkurdia, pilotak aukeratzen, atzo, Bizkaia pilotalekuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxea prest daude igandean Lau eta erdiko Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatzeko. Biek ondo ikusten dute euren burua, eta badakite partidaren erritmoa ezartzea lortzen duenak izango duela eskura garaipena. Ezkurdiak iragarri du norgehiagokari bizitasuna ematen ahaleginduko dela. «Ez diot beldurrik partida luzatzeari. Orain arteko jokoa errepikatu behar dut: sakea aprobetxatu eta erritmoa jarri tantoan». Azkartasuna lortzen saiatuko da, badakielako hori aldeko izango duela. Baina, era berean, badaki Bizkaia pilotalekua «gaitza» dela abiadura lortzeko.Urrutikoetxeak ohartarazi du«indarberrituta» dagoela, partida luze bati aurre egiteko.

Atzo hautatu zuten materiala, Bilboko frontoian. Biak gustura agertu ziren. Urrutikoetxeak esan zuen antzekoak direla lau pilotak, nahiz eta iruditu bereak apur bat biziagoak direla. 106,8 eta 105,7 gramo dituzte Ezkurdiarenek; 105,4 eta 104,4g dituzte Urrutikoetxeak aukeratu dituenek.

Finalera pasatzeko moduan ikusten dira bata zein bestea. Urrutikoetxeak estatistika du alde: Ezkurdiak inoiz ez dio irabazi banakako jokoan. Hirutan lehiatu dira; birritan buruz buruko txapelketan, eta behin, lau eta erdikoan. Iazko urrian izan zen azken norgehiagoka hori, final-laurdenetako ligaxkan, eta bizkaitarra nagusitu zen: 22-14.

Halere, Urrutikoetxeak ez du uste erreferentzia modura erabil daitekeenik. «Orain dugun egoera fisikoa eta duela urtebetekoa ez dira berak. Ez nituzke konparatuko». Izan ere, hiru hilabetez ariketa fisikorik egin gabe egon da uda partean Urrutikoetxea, mononukleosiak jota. Hala ere, gustura dago txapelketan orain arte egin duen lanarekin. «Indartsu» sumatzen du bere burua. Ligaxkan jokatu dituen hiru partidetatik azkenak egin dio «huts», Retegi Biren aurka jokatutakoak. Kostata lortu zuen finalaurrekoetan sartzea. Aitortu du nekea sentitu zuela eta «zangoak motel» izan zituela.

Ezkurdia, berriz, bikain aritu da ligaxkan, «indartsu». Hala ere, nafarrak ez du bere burua faborito ikusi nahi izan. «Urrutikoetxea teknikoki oso ona da».Txapelketan egindako lanarekin «gustura» sentitzen da. Halere, ez da atzera begira geratu. «Ligaxkan partida onak egin ditut, baina finalaurrekoa igandean jokatuko da, 18:00etan, eta orduan aurretik egindakoak ez du balioko». Asko entrenatu da, eta eguneroko lan hori fruitu onak ematen ari dela iruditzen zaio. Udako jaialdietan «gogor» ibili da. Eta ilusiorik ere ez zaio falta. «Berezialitzateke finala jokatzea, eta gehiago Nafarroan jokatzea».

Orain arte jende gutxi dabil txapelketan, eta igandeko finalaurrekoak ere ez du aparteko interesik piztu oraingoz. Atzo, soilik 390 sarrera zeuden salduta. Hurrengo egunetan mugimendu handiagoa espero dute leihatilan, baina kostako da mila ikusle baino gehiago biltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.