Lehen Mailako aurkari bakarra, Realarentzat

Kopako final-hamaseirenetan Espanyol hartuko dute Anoetan txuri-urdinek. Athleticek Bigarren Mailako Elx izanen du kontrario, eta Eibarrek eta Osasunak, Bigarren B-ko Badajoz eta Recreativo

ALBERTO ESTÉVEZ / EFE.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako final-hamaseirenen zozketa egin zuten atzo, Madrilen. Lau euskal taldek jarraitzen dute txapelketan, Lehen Mailakoak guztiak —Alaves ez bertze denak—. Maila txikiagoko taldeak kanporatu dituzte orain arte, baina final-hamaseirenetan haietako batek kategoria bereko aurkari bat izanen du: Realak Espanyol hartuko du Anoetan. Bertze hirurak maila apalagokoen aurka ariko dira berriz ere: Athletic, Bigarren Mailako Elxen aurka, eta Osasuna eta Eibar, Bigarren B-ko taldeen kontra —Huelvako Recreativo eta Badajoz, hurrenez hurren—. Hilaren 21 eta 23 artean jokatuko dute kanporaketa, aitzinekoak bezala, partida bakarrera.

Atzoko zozketaren berezitasuna zen Espainiako Superkopa jokatu duten lau taldeen sarrera. Lehiaketan jarraitzen duten Bigarren B Mailako zortzi taldeen artean zozkatu zituzten lau horiek, eta Lehen Mailako gainerako hamalauak hasierako sortan atera ez ziren Bigarren B-ko bertze lau taldeen eta Bigarren Mailako seien artean banatu zituzten. Lehen Mailako lau gelditu ziren bikotekiderik gabe; horien artean zen Reala, eta haren bolatxoa Espanyolena baino lehen atera zenez, Donostian ariko dira, hilaren 22an, asteazkenarekin.

Txuri-urdinen aurkaria krisi handi batean dago denboraldi honetan. Ligan azken postuan dago, eta bi entrenatzaile bidali ditu. Eguberrietan Abelardo Fernandez Alaveseko prestatzaile ohia fitxatu zuen. Bi partida zuzendu ditu oraingoz, eta emaitza onak lortu ditu: ligan, 2-2 Bartzelonaren aurka, etxean; Kopan, berriz, Bigarren B Mailako San Sebastian de los Reyes kanporatu zuen joan den asteburuan (0-2). Realak liga honetan 1-3 irabazi zion Espanyoli, bortzgarren jardunaldian. Bi taldeak azkenekoz 1976-1977ko denboraldian aritu ziren elkarren aurka Kopan, final-zortzirenetan. Espanyolek Reala kanporatu zuen.

Athletic, berriz, lehen kanporaketako zelaira itzuliko da hilaren 22an, Hirugarren Mailako Intercityk Elxen estadioan jokatzea erabaki baitzuen bizkaitarren aurkako partida hura. Elx zazpigarren dago Bigarren Mailako sailkapenean, eta Kopako aitzineko kanporaketan Bigarren B Mailako Yeclano kaleratu zuen (1-2). Lehen Mailan 21 denboraldi jokatutakoa da, azkenekoz 2014-2015ean —ordainketa arazoengatik jaitsarazi zuten, eta horri esker eutsi zion mailari Eibarrek—. Lorpen historiko handiena 1969ko Kopako finala du; hain zuzen, Athletic izan zuen kontrario, eta zuri-gorriek irabazi zuten (1-0).

Aspaldiko ezagunak

Osasuna izanen da jokatuko duen lehen euskal taldea, hilaren 21ean, Huelvan (Espainia). Nafarrek Kopako finalerdiak galdu zituzten Recreativoren aurka 2003an, bi taldeak Lehen Mailan zeudela —espainiarrek Mallorcaren aurka galdu zuten finala—. Recreativok 2008-2009ko sasoian jokatu zuen azkenekoz Lehen Mailan. Joan den astean Bigarren Mailako Fuenlabrada kanporatu zuen, penaltietan.

Eibar izanen da jokatuko duen azkena, hilaren 23an, Badajozen zelaian. Hamabi denboralditan jarraian izan zuen aurkari Bigarren Mailan —1991-1992tik 2002-2003ra arte—. Badajoz hura 2012an desagertu zen, arazo ekonomikoengatik, eta kluba birsortu egin zuten. Bigarren B Mailan ari da orain, eta Bigarren Mailako Las Palmas bidali zuen Kopako azken kanporaketan (2-1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.