Muhammad Ali Sadpara. Alpinista

«Pakistanen ez naiz inor berezia zortzimilakoak igotzeagatik»

Mendia behetik igotzen hasten dela ondo daki: zamaketari izan zen aurrena, altuerako xerpa gero, eta alpinista da gaur egun, lorpen historiko bateko protagonista: Nanga Parbateko neguko lehen igoera.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Oñati
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk Muhammad Ali Sadpara alpinista (Skardu, Pakistan, 1977) Euskal Herrian bueltaka dabilena, Bilboko Mendi Film jaialdiaren aitzakian. Nanga Parbat neguan igo zuten hiru alpinistetako bat izan zen, Alex Txikonekin eta Simone Mororekin batera, aurtengo otsailean. Egun batzuk barru, orain ere Txikon bizkaitarraren laguntzarekin, Nepalerako bidea hartuko du, erronka berrien bila.

Hitzordua Araotzen izan da (Oñati, Gipuzkoa). Alex Txikonekin eta Ashgar Ali Porik lagunarekin gerturatu da. Autotik jaitsi orduko, bostekoa eman, eta eskua bihotzera eraman du, esker ona adierazteko. Kazetariaren motxila eramateko prest ere agertu da. Umiltasuna eta apaltasuna ditu ikur.

Orain, alpinista ezagun bihurtu zara mundu guztian, baina egia al da ia 18 urte zenituela jakin zenuela zortzimilakoen berri?

Egia da, bai. Harrigarria badirudi ere, gu bizi garen lurraldean, Pakistanen, oso jende gutxik daki zortzimilakoen berri.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak mendian?

Etxean arazo ekonomikoak genituen. Aitak gobernuarentzat lan egiten zuen. Askotan errepikatzen zidaten inbertsio handia egin zutela nigan, nire ikasketetan. Nik argi neukan haiek egindako ahalegina bueltatu behar niela,era batera edo bestera. Hasieran,mendi txikietan ibiltzen nintzen, zamaketari lanetan. Lan hura egiten nuen bitartean, goi mailako mendiekin liluratuta sentitzen hasia nintzen.

Zein oroitzapen duzu zamaketari lanetan ibiltzen zinen garai haietaz?

1995 inguruan hasi nintzen lanean. Kanpaleku asko dago altuerako zamaketarientzat, eta, garai haietan, espedizio komertzial asko mendi magaletan ibiltzen ziren. Ibilbide zirkularrak egiten zituzten. Batzuetan, inguruko mendi batzuetara igotzen ginen: alde batetik igo eta beste aldetik jaitsi. Gehienetan Europatik joandako jendearekin egiten nuen lan. Hala ere, oso espedizio gutxi izaten ziren Pakistandik. Nik goi mendietara joan nahi nuen, baina ez ninduten gogoan, eskarmentu faltagatik. 2004ra arte itxaron behar izan nuen.

Zein izan zen zure lehen lan gogorra?

2004an, Ipar Koreako espedizio batekin. K2ra [8.611 metro] igo nahi zuten, eta goi altuerako xerpa lanak egin nituen.

Egia al da orduan jarri zenituela lehen aldiz kranpoiak eta uhaleria?

Bai, hala da. Gogoan dut bigarren kanpalekuan geundela jantzi nituela lehen aldiz.

Noiz iritsi zitzaizun zortzimilako batera joateko lehen aukera?

Nire bezeroen bidez iritsi nintzen lehen aldiz zortzimilako batera. Lehenik, beheko kanpalekuetara joaten nintzen; gero, lehen eta bigarren kanpalekuetara joaten hasi nintzen; ondoren iritsi zen goi-kanpalekuetara joateko aukera; eta horrela iritsi nintzen gailurretara. Espedizioetan sokak jarri behar izaten nituen oso altuera handian, eta, halako batean, zortzimilako bat egiteko aukera izan nuen. Hasi nintzenetik beti buruan neukan nik ere alpinista izan nahi nuela, eta prozesua naturala izan da.

Noiz eta non izan zen lehen zortzimilakoa?

Gasherbrum-II [8.035 metro], 2006an, ia nahi gabe. Banekien ez neramala fundamentuzko materialik. Izugarrizko hotza egiten zuen, gainera. Ez neraman, ez bota onik, ezta beroki lumadunik ere. Azken unera arte zalantzan izan nintzen, igo ala ez. Gailurra egin bezperan erabaki nuen nik ere tontorra zapaldu nahi nuela. Oso une polita izan zen hura. Alemanen espedizio bat zen.

2008an Muztagh Atara (7.546 metro), igo zinen, Txinan. Pasadizo bat gertatu zitzaizun orduan.

[Barreak] Bai, ederra izan zen. Bi hirugarren kanpaleku zeudela esan ziguten, eta nik, bezeroei, bigarrenera igotzeko eskatu nien. Aurrean jarri eta pixkana-pixkana igotzen joan nintzen. Leku batean espedizio bateko kideak ikusi nituen. Harriduraz begiratzen zidaten. Ea hura hirugarren kanpalekua zen galdetu nien. Erantzun zidaten ezetz, gailurrean nengoela.

Zein da alpinista on baten sekretua?

Egoera larrienetan erabaki onak hartzeko behar den argitasuna edukitzea. Buruak lan handia egiten du horrelako kasuetan. Zortzimilakoetan dena zailtzen da,eta orduan ikusten da alpinista on baten eta erdipurdiko baten arteko aldea.

Zein dira zure bertuteak?

Altuerara oso ongi egokitzen naizela. Ez dut arazorik izaten altuerarekin. Bestalde, espedizioetan jendearekin ondo moldatzea gustatzen zait. Lasaitasunari eusten diot egoera larrienetan eta estutasun handiko egoeratan.

Alpinismotik bizi al zara?

Nahiko nuke, baina ez [barreak]. Orain, oporretan nago, baina animalia asko ditut zaintzeko Sadparako eta Deosaingo basetxe batean: ahuntzak, arkumeak... Gauzak asko aldatu dira, hala ere, eta baditut babesle eta laguntzaile batzuk. Nire seme-alabek heziketa on bat izatea nahiko nuke, eta irabazten dudan dirua horretara bideratzeko asmoa dut.

2015ean, Nanga Parbateko saiaaldia egin eta gero, neguko espedizioak utziko zenituela zin egin omen zenuen. Zergatik erabaki hura?

Zailtasun handiko erronkak dira. Han egiten duen hotza eta haizea ikaragarria izaten da. Saialdia egin eta gero, jende askok esan zidan pena handia hartu zuela ez genuelako tontorrik egin. Denbora batera, nire asmoa aldatu nuen. Zerbait zor niela pentsatzen nuen. 2016an, tontorrean nintzela, jende hartaz gogoratu nintzen aurrena. Arantza ateratzeko aukera izan nuen.

Zein oroitzapen duzu neguan igotako Nanga Parbatetik?

Nire ametsa zen. Inork ez zuen ezer jakin nahi 2013ko udan beheko kanpalekuan izandako hilketez [11 alpinista hil zituzten]. Inork ez zuen ezer jakin nahi Nanga Parbatez eta Pakistanen gertatzen ziren gauzez. Mendia itxi egin zuten, bai udan eta bai neguan ere. Pena handia ematen zidan egoerak. Txikonekin izaten nituen elkarrizketetan, behin eta berriz eskatzen nion lagun ziezadala berriro ere mendia irekitzen. Eta, horrela, hurrengo urteetan neguan joan izan gara. Berriro ere, jende ugari etortzen ari da mendira. Beraz, han, neguan, gailurra egiteak izugarrizko poza eman zidan. Gai horretan asko dugu Alex Txikoni eskertzeko.

Tontorra igo eta gero ongietorria ere egin omen zizueten.

Bai, bai, izugarria izan zen. Hango agintariek ikaragarrizko festa prestatu zuten, eta jende andana bildu zen guri eskerrak emateko. Jendea konturatu zen gure lorpenak berriro ere jendea erakartzeko balioko zuela, eta horrek ere Baltistan lurraldeko ekonomian eragina izango zuela.

Zer diozu eskertzeko Alex Txikoni?

Uf, gauza asko. Ikaragarri lagundu dit azken urte hauetan. Lehen esan bezala, berriro ere jendea Pakistanera etortzen ari da, eta hori, neurri handi batean, Alexi esker izan da. Bestalde, niretzako babesleak lortu ditu, nire familia ere ezagutzera etorri zen, eta, alde horretatik, asko zor diot. Bestalde, mendian sokalagun aparta da. Neguan esperientzia handia du eta azken espedizioetan agerian gelditu da.

Zer pentsatzen duzu Mendebaldeko alpinistei buruz?

Batzuekin gertatu izan zait ni gutxiestea. Azpikontratatu baten rola jokatzen duzu horrelakoetan. Lana lepo eginarazi bai, baina azken argazkitik kanpo uzten zaituzte inolako arazorik gabe. Poloniar batzurekin gertatu zitzaidan, 2012an, baina ezin duzu ezer egin. Alde handia nabaritu dut Alexekin, ordea: taldeko kidetzat onartu nau lehen egunetik, nire iritziak aintzat hartzen ditu, eta hori oso eskertzekoa da.

Errespetatua sentitzen al zara beste alpinisten aldetik?

Bai, orain bai. Ezagutzen dituzte azken urteetan egindako zortzimilakoak eta nire lorpenak.

Eta Pakistanen?

Euskal Herrian eta Espainian daramatzadan egun hauetan jende gehiagok ezagutu nau, Pakistanen baino. Herrikoek eta ingurukoek badakite nor naizen eta zer egiten dudan, baina Islamabaden, esaterako, ia ezezaguna naiz.

Gaur egun, nolakoa da xerpen egoera Pakistanen?

Egoera zaila da Pakistango xerpentzat, zaila dute lan egitea. Bi gauza komentatu nahi ditut: batetik, teknika ona duten xerpak joaten dira Himalaiatik Pakistanera, baina ez dute lurraldea pakistandarrek bezain ondo ezagutzen; bestetik, gure xerpak ez dira batera ondo prestatzen, ez dute prestakuntzarik jasotzen eta horrela zaila da lan egitea. Bezeroek, beren segurtasunari begira, nahiago dute eskarmentua duten xerpekin joatea. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri. Dakidan guztia espedizioetan ikasi behar izan dut. Asko erreparatzen nien besteek gauzak nola erabiltzen zituzten, nola lan egiten zuten...

Ba al duzu hamalau zortzimilakoak igotzeko asmorik?

Bai, noski, nire ametsetako bat da. Hala ere, badakit oso zaila izango dela. Babeslerik gabe ezinezkoa dirudi, eta Pakistanen inork ez du dirurik jartzen espedizioetarako. Hangoentzat, ez naiz inor berezia zortzimilakoak igotzen ditudalako. Gezurra badirudi ere, askok ez dakite K2, Nanga Parbat, Gasherbrumak edo Broad Peak mendiak existitzen direnik ere.

Neguan igotzeko gelditzen den mendi bakarra K2 da. Saiatzeko asmorik bai?

Amesten dudan gauza bat da, baina ia ezinezkoa ikusten dut. Hala ere, egunen batean hara joateko aukerarik banu, ondoan Alex Txikon izatea gustatuko litzaidake. Askotan amesten dut gailurreko argazkiarekin [barreak].

Zure beste ametsetako bat neguan Everest igotzea da.

Orain, berriro ere, Nepalera joango gara. Aukeratzeko erronka asko ditugu han. Everest hor dago, esaterako. Niri denak igotzea gustatuko litzaidake: Shisha Pangma [8.013 metro], Makalu [8.463 metro]...

Beti besteen babesean ibili izan zara espedizioetan. Inoiz pentsatu al duzu zureproiektu propiorik egitea?

Ez dut pentsatu ere egiten horretan. Ekonomikoki, ezinezkoa litzateke horrelako proiektu bat aurrera ateratzea Pakistanen ditudan baliabideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.