Bilboko Arte Ederren Museoak Zuloagaren lau obra berritu ditu

Arrateko santutegirako egindako deboziozko multzoa zaharberritu dute. Irailera arte museoan egongo dira ikusgai lau margolanak

Zaharberritutako lana Bilboko Arte Ederren Museoan jarri dute ikusgai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bilbo
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoak Ignacio Zuloagaren lau mihise zaharberritu ditu, Zumaiako (Gipuzkoa) Zuloaga museoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Zuloagak (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) Eibarko Arrateko Ama Birjinaren santutegiko erretaularako egin zituen lau margoak. 1904an margotu zituen, Sevillan (Espainia), eta haren nazioarteko arrakasta goiztiarraren oinarri izandako zenbait artelanen elementu eta modelo berak dituzte.

Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak aurkeztu zuen proiektua, atzo, Zuloagaren jaiotzaren urteurrena «aitzakiatzat» baliatu dutela esanez, haren obrak «kontserbatu, zaharberritu eta ezagutarazteko». Enrique Laborde Suarez-Zuloaga margolariaren birbilobari eman zion hitza, eta horrek, hunkituta, eskerrak eman zizkien proiektua «traba oroz gaindi» aurrera atera duten denei.

Javier Novo museoko kontserbazio eta ikerketa koordinatzaileak Zuloagaren lanak testuinguruan jarri zituen. Adierazi zuen artistak Arrateko santutegiko aldare barroko nagusirako margotu zituela, eta Ama Birjinaren irudia dagoen kamarinaren alde banatan jarri zituela. Talla gotikorantz doazen erromesen eta otoizgile fededunen eszenak ikus daitezkeela azaldu zuen Novok, baita Zuloagak zergatik egin zituen ere: «Dirudienez, Ama Birjinari hitzeman zion egingo zituela, bere alaba Luciaren osasuna hobetuz gero».

XX. mendearen hasieran Zuloaga finkatzen ari zen estiloaren ezaugarriak antzeman daitezke mihisetan, Novoren iritziz: «Estilo harekin, Europako figurazioan iraultza eragiten ari zen». Horren adierazle dira hodei adierazkorrak, «sinbolismo eta naturalismoaren nahasketa betean», eta antzerki giro «nabarmena».

Novoren ustez, aipatzekoak dira Zuloagak «berezkoa duen» atzealde-figura binomioa eta kolore argitsuak. Batez ere, urdina, arrosa eta moreak: «Tonu horiek ohikoak dira Zuloagaren 1903tik 1905erako ekoizpenean, eta bizitasun aparta dute hemen». kontserbazio eta ikerketa koordinatzaileak oroitarazi zuen margolanek «gorabehera asko» izan zituztela, eta gehitu artistak pare bat aldiz zaharberritu behar izan zituela. 36ko gerran, adibidez, denboraldi batez lau mihiseak Bilbora eraman zituzten zaharberritzera. Bilboko Arte Ederren museoa da, Novoren ustez, «espezialistarik handiena Zuloagaren obra tratatzen eta zaharberritzen». Izan ere, «lan luze baten ostean», Arrateko santutegirako deboziozko multzoak «jatorrizko itxura du berriro».

Museoko kontserbazio eta zaharberritze departamentuak 2019an ekin zion Zuloagaren lau mihiseak zaharberritzeari. Maria Jose Ruiz-Ozaita departamenduko buruak azaldu zuenez, ikusmen analisiak egin zituzten lehendabizi, eta horiek agerian utzi zuten margo geruzak «aldaketa handia» jasan zuela.

Koloreak efloreszentzia zuri «nabarmenak» zituen, eta horiek multzoaren konposizioa eta kromatismoa «eraldatzen» zituzten. Degradazioaren azterketa teknikoek «berretsi» egin zuten haien hipotesia, Ruizek azaldu zuenez: «Orbanen zergatia saponifikazio prozesu kimikoa zen».

Museoko arduradunaren arabera, olioaren aglutinatzailearen zenbait gantz-azido eta pigmentu batzuetan dauden metal partikulak elkarrekin konbinatzean gertatzen dira aldaketa horiek. Erreakzioa kolore geruzan azaltzen da, eta xaboi edo gatz metalikoak eratzen ditu.

Hasieran, margolanak erretaulatik kendu, eta Bilboko Arte Ederren Museora eraman zituzten. Ruiz-Ozaitak erantsi zuen bertan konposizio-aldaketak «agerian» geratu zirela X izpi eta erreflektografia infragorrien bidez.

Kalte biologikoa nola geldiarazi zuten ere argitu zuen: «Anoxia prozesu baten bidez egin genuen: hau da, oxigenoa guztiz kendu eta gas inerteak isuriz». Horren ondoren, disolbagarritasun probak egin zituzten mihiseetan esku hartzen hasi baino lehenago. Jarraian, presio baxuko mahai bat erabiliz, tratamendu bat eman zitzaien «deformazioa zuzentzeko eta materia piktorikoa egonkortzeko». Koloreak «berrosatuz» eta berniza emanez amaitu zuten.

Bilboko Arte Ederren Museoko Alfabetoaren O aretoan dago ikusgai orain Zuloagaren lana, irailaren hasieran multzoa bere jatorrizko tokira itzuli arte: Arrateko santutegiko aldare nagusira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.