Euskararen lehen amua

Solas gidak lurralde, hizkuntza eta kultura ezezagun batera hurbiltzeko lehen heldulekua izan ohi dira turistentzat. Mini-ikastaro konprimituen antzera hartzen dira usu, eta euskarak ere baditu bereak. Atzerritik heldu den bidaiariak estimuan izan ohi ditu.

Hainbat solas gida, tartean euskararen berri ikasi nahi duenari zuzenduak. BERRIA.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Uda sasoia hurbiltzearekin batera, antzaldatu egiten dira paisaiak, eta beste horrenbeste gertatzen zaie liburu dendetako erakusleihoei ere. Opor giroak, literatur nobedadeak eta turistaren moldera egokituko diren argitalpenak aterarazten ditu lehen planora; besteak beste, solas gidak.

Lurralde berria ezagutu nahi duenak hizkuntzari erreparatu behar izaten dio ezinbestean, eta, horregatik, ez da harritzekoa komunikatzeko ahalmen minimo bat emango dion baliabiderik aurkitzea bidaiariaren ekipajean. Teknologia berriek, batik bat sakelako telefonoetarako asmatu diren aplikazio eta tresnek, abantaila bat baino gehiago jartzen dute eskura. Alabaina, hamar eurotik behera saltzen diren liburuxkek ez dute berorien aldean tokirik galdu merkatuan. Batetik, ez dutelako aparteko baliabiderik eskatzen, ez konexiorik, ez energiarik, ez bestelakorik. Gainera, sakelan eraman daitezkeelako. Edo eskuetan, aise.

Iñigo Zurbano hizkuntza didaktikan aditua da, eta irakasle, Gasteizko IKA euskaltegian. Erabiltzaile gisa ezagutu ditu liburuxkok, ez ofizioak hala eskatuta. Italierazko gida bat du etxean, Italia ezagutzera jo zuen baterako erosi zuena, For dummies (hasiberrientzat) bildumakoa. Haren ustez, oso positiboak izan litezke solas gidak: «Bidaian joateko lagungarri dira, hizkuntza ikasteko lehen pausoa dira, baina, horrez gainera, kulturara hurbiltzea ahalbidetzen dute, xumeki bada ere. Murgilketa errazten dute, eta entretenigarriak ere badira. Jakina, ematen duten informazioak egoki eta zuzena behar du izan. Liburuak ongi idatzita behar du ezinbestean. Era berean, ahoskeraren gaineko azalpenak eman behar ditu».

Zurbanok tokian tokiko mintzaira baliatuz erakusten den jarrera nabarmendu du, eta, alde horretatik, hizkuntza modu konprimituan erakusten duten gida horien balioa goraipagarria da: «Hemen ere gustatzen zaigu gureganako ahalegina. Abegikorragoak gara beti, kaixo, egun on eta eskerrik asko esaten digutenean. Bertokoengana beren hizkuntzan hurbiltzea positiboa da, irribarre zabala egitea bezain emankorra; betiere, hurbilketa saiakera besterik ez dela ahantzi gabe. Hizkuntzari eta kulturari benetan heldu nahi dionak ikastaro serio bat egin beharra dauka».

Euskal Herriko saltokietan, ingelesezkoak dira solas giden artean estimatuenak, eta atzetik frantsesezkoak. Ondoren, aski atzerago, alemana eta italiera datoz. Txinerazkoa ere ageri da rankingean, beherago. Elkar Banaketa enpresako Aitor Mendizabalen arabera, «egiten dituztenek nahi baino gutxiago saltzen dira beharbada, baina, hala ere, erraz saltzen dira. Batik bat, kanpora doanak bilatzen ditu halako produktuak». Euskaraz ere badira hainbat solas liburuxka, eta aipatu enpresak berak Baionan duen dendako langile Nahia Dumazek dioenez, «batez ere udan dira estimatuak, turistak heltzen direnean. Oso gogoko dituzte. Ikasturtea hasten delarik ere saltzen dira, euskara ikasteko metodo arrunt eta mamitsuagoekin batera».

Baina nola hautatzen dira? Dagoen aukera zabalean, zein irizpideren arabera hobesten da bat ala beste? Hizkuntzaren ezagutzarik ez dagoenean, eta, ondorioz, kalitatea neurtzeko gaitasunik ere ez, normalki argitaletxeari erreparatzen dio erosleak, liburuxka editatu duena ezaguna ote den. Hori bera da bermea gehienentzat. Dumazek turista frantsesak ezagutzen ditu batez ere, Baionako saltokian dauzkaten euskarazko solas gidak frantses hiztunentzakoak baitira oro har: «Normalki, Le Basque pour les Nuls [Euskara ezer ez dakitenentzat] hautatzen dute lehendabizi, marka oso ezaguna zaielako, edozein gaik baduelako Pour Les Nuls delakorik. Gero, begira-begira jartzen dira, eta, azkenerako, geure argitaletxeak plazaratutakoa eramaten dute askok, oso praktikoa zaielako, gaika sailkatuta dagoenez eta hiztegia ere baduenez. Bere txikian, gainerakoak baino erabilgarriagoa egiten zaio turistari. Mamitsua izatea ez da beti egokiena haientzat».

Topikoak nagusi

Zurbanoren aburuz, «Euskal Herria txikia da, eta gure txokoak ezagutzeko aski dira egun gutxi batzuk. Hona etortzen diren turistei ezin zaie Euskal Gramatika Osoa edo hiztegi mardul bat eros dezaten eskatu. Erosoa eta erraz kontsumitzeko modukoa izan behar du, nahitaez».

Hemengo berri mundura zabaltzeko ere balio dezakete, beraz. Eta askorentzat, Euskal Herriaz eta euskal hizkuntzaz jabetzeko lehen iturrietako bat direla aintzat hartuta, arreta merezi dute. Zein da, ordea, solas gida hauen bidez ematen den irudia?

Liburuon azala bera esanguratsua izaten da, normalki topikorik handienari heltzen baitzaio: monumenturik ezagunena ez denean —Eiffel dorrea frantsesaren kasuan, edo Big Ben, ingelesarenean—, gizonezko estereotipatua izaten da. Euskararen kasuan, xistera edo pilota eskuetan eta txapela buruan duen gizonezkoak betetzen ditu topikoak.

Jasone Salaberria hizkuntzalaria da, eta, era berean, Baionako campuseko irakasle eta Le Basque pour les Nuls solas-gidaren egile, Jean-Baptiste Coyosekin batera. Edizio berrienak azalean ikurrina eta Lapurdiko erlaitzeko argazki bat erakusten baditu ere, lehen edizioak gizon txapelduna ageri zuen. Salaberria gogor borrokatu zen horren aurka: «Argi adierazi genien ez ginela batere ados, baina haiek tematu egin ziren, esanez bretoiek ere badutela liburuxka, eta haienean beren txapela jantzita ageri direnez, hemen ere hala behar zuela. Taldean amore eman behar izan genuen azkenean».

Azalean ez ezik, mamian ere hainbat topikori heldu behar izaten diete egileek. Batetik, txantiloien gainean egin behar izaten dutelako lan. «Le Basque pour les Nuls [Euskara zure patrikan] gidaren kasuan, epe biziki laburra ukan genuen lana burutzeko», dio Salaberrik: «Bi hilabete eskasetan burutu behar izan genuen. Beraz, artikuluak Coyosen eta bion artean banatu, eta garrantzia zein euskalkiri emango genion erabaki ostean, lanari ekin genion. Gaitxoetan askatasun handiagoa izan genuen, eta nagusiki frantsesentzakoa izanik, saiatu ginen haiek nola ikusten gaituzten kontuan hartzen, eta, ahal den neurrian, topikoei aurre egiten. Ez da beti erraza, turistak udan etortzen baitira, eta haientzako ekitaldi eta egitarauak topikoz josita daude. Hastapenean, liburua egitea proposatu zitzaigularik, irri egin genuen, liburuok ez dutelako euskara ikasteko balio. Hizkuntzalari naizen neurrian, ongi dakit hizkuntza ikasteko jendea behar dela inguruan. Baina gero, hobeki pentsatu eta egin behar zela ikusi genuen. Oso bilduma hedatua delako, eta euskarak ere hor egon behar duelako».

Salaberriren eta Coyosen Le Basque pour les Nuls solas gida gaztelania hiztunentzat egokitu zuten gerora, Bartzelonan, «itzulpen hutsa egin zuten, ordea. Gaztelania hiztunek nola ikusten gaituzten ez zuten kontuan hartu, eta ikuspegi hori garrantzitsua da».

Mugak muga, liburu txukuna da Le Basque pour les Nuls, profesionala eta serioa, bere funtzioa ongi bete dezakeena. Ezin beste horrenbeste esan gainerako gidaliburu guztiez. Sarritan, okerrak eta zabarkeriak dituzte, kosturik minimoenean argitaratu nahi izatearen ondorioz. Eta batzuetan, hizkuntza urrituei zaien gutxiespen eta begirune eskasaren ispilu dira. Horren adibiderik argienetako bat, Le Basque dans votre poche (Euskara zure poltsikoan) liburuxka litzateke. Salmenta postuetan arrakasta lortzeko ezaugarri guztiak biltzen ditu: merkea da (3,50 euro), txikitxoa, sakelarik koxkorrenean ere sartzeko modukoa, tapaki gogorra du —gizonezko dantzaria, espartinak, ezpata eta txapel gorria soinean—, lelo eder bat atzealdean —Motzean, egunerokoan eta edozein egoeratan mintzatzeko behar zenukeen guztia—, egitura intuitiboa, diseinu erakargarria eta Larousse argitaletxe prestigiotsuaren bermea. Hona hemen hainbat adibide.

Osasuna atalean: «Naiz antibiotikoak dut / Je suis sous antibiotiques» (antibiotikoak hartzen ari naiz). Erosketak atalean: «Hogeitahamar eta zortziko izaria behar izan / Je chausse du 38» (38 zenbakia dut oinetan). «Zaindu dugu niri, eskerrik asko / On s'occupe de moi, merci». Hirian atalean: «Aitzinean eskubidea da? / C'est tout droit?» (Dena zuzen?). «Ezin dit esango nola geltokira joan mesedez duzu?/ Pourriez-vous m'indiquer comment aller à la gare, s'il vous plaît?» (Esango zenidake otoi, geltokira nola heldu?). «Daiteke jatetxe on bat emango diguzu?».Aisia atalean: «Gustuko klasikora musika entzuteko?/ Elle aime écouter de la musique classique» (Emakumeak musika klasikoa maite du). «Ni historia interesa dut».

Zure burua nola aurkeztu atalean: «Gaztelako menderatuko hitz egiten du / Elle parle couramment l'espagnol». (Emakumea ongi mintzo da gaztelaniaz)…

Zer egin beharko litzateke halako produktuen aurrean? Zurbanoren ustez, «argitaletxera deitu, eta zer argitaratu duen garbi esan; geure hizkuntza ez narrasteko eskatu. Eta turistarik liburuxka eskuan duela ikusiz gero, adierazi eskuetan duen produktu horrek ez duela ez punta eta ez ipurdi. Bertakoek ez diotela ezer ulertuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.