Koronabirusa

Datuak okerrera egiten ari dira: beste 585 kasu atzeman dituzte

Hego Euskal Herrian azken hilabeteetan detektatutako positiboen daturik txarrena da. Positiboen portzentajea %5,5era igo da

Osakidetzako langile batzuk, Agurainen (Araba) baheketa bat egiten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Beheranzko joera amaitu, eta datuek nabarmen egiten dute okerrera: beste 585 lagunek eman dute positibo COVID-19a atzemateko probetan. Horrenbestez, positibo berrien datua azken hilabeteko okerrena da. Positiboen portzentajearena ere ez da hobea: herenegun Osasunbideak eta Osakidetzak egin zituzten 10.564 probetatik, %5,5ek positibo eman zuten. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolatzen hasteko ezarritako %5eko mugaren gainetik dago.

Egoerari lurraldez lurralde erreparatuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien: 242 izan dira, eta otsailaren 23tik erregistratutako daturik txarrena da. Goranzko joera nagusi da Nafarroan ere: beste 119 positibo izan dira; daturik okerrena otsailaren 9tik. Gipuzkoan, gorabeheratsua da azken egunetako kopurua, eta, herenegungo proben ondorioz, beste 118 kasu atzeman dituzte. Araban, kopuruak apalagoak izan arren, beste 99 lagunek eman dute positibo, eta otsailaren 11tik ez zuten atzeman hainbeste positibo. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren zazpi herritarrek ere positibo eman dutela. Birusa hedapena etete aldera, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du baheketa bat egingo duela Ermuko(Bizkaia)Abeletxe egoitzan. Zehazki, txertoa hartu ez duten langileei eta egoiliarrei bisitak egin dizkieten senideei egingo dizkiete PCRak.

Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleei dagokienez, herenegun beste 39 lagun ospitaleratu behar izan zituzten. Nafarroako Gobernuaren arabera, 69 gaixo daude ospitaleratuta. Eusko Jaurlaritzak ez du datu horren berri eman, baina adierazi du 92 pertsona larri daudela, zainketa intentsiboetako unitateetan.

103.875 bigarren dosi

AstraZenecaren txertoarekin egitekoak ziren txertaketak bertan behera utzi arren —Iparraldean atzo arratsaldean ziren berriz ekitekoak—, aurrera jarraitu du txertaketak Pfizerrekin eta Modernarekin. Hegoaldean, 103.875 herritarrek hartu dituzte bi dosiak oraingoz. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 193.411 lagunek hartu dute dosi bat, eta 72.996k biak. Beraz, 266.407 txerto jarri dituzte.

Lehen dosia hartua dute zahar etxeetako egoiliar eta langile, Osakidetzako profesional eta ertzain guztiek. Gainera, aurreneko txertoa hartu dute osasun pribatuko eta osasun garraioko langileen %78,2k, bestelako zentro soziosanitarioetako langileen eta erabiltzaileen %97,7k eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza langileen %65,8k.

Bigarren txertoa jende gutxiagok hartu du: zahar etxeetako egoiliarren eta langileen %99,3k, Osakidetzako langileen %84,8k, osasun pribatukoen %5,2k eta beste zentro soziosanitarioetako langileen eta erabiltzaileen %2,4k.

Nafarroako Gobernuak atzo emandako datuen arabera, berriz, 97.662 txerto jarri dituzte guztira herrialdean, eta 30.879 lagunek bi dosiak dituzte dagoeneko. 80 urtetik gorakoak txertatzen jarraitzeko asmoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.