Osakidetza lehen tximino-baztanga kasu susmagarria aztertzen ari da

Bi edo hiru egunen buruan espero dute kasua baieztatzea edo ezeztatzea. Kezka zabaltzen ari da: OMEk larrialdiko bilera batera deitu du

Gasteizko Txagorritxu ospitalea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Osakidetzak tximino baztangaren lehen kasu susmagarria atzeman du. Gaixoa gizonezko bat da, eta tximino baztangarekin bateragarriak diren sintomekin hasi da, bidaia batetik itzuli ondoren. Osakidetzako Arabako Unibertsitate Ospitalean artatu dute, eta, sintoma larririk ez duenez, etxean bakartzeko agindu diote. Gaixoaren laginak aztertuta, espero dute bi edo hiru egunen buruan baieztatzea edo baztertzea tximino baztanga ote daukan.

Osasun Sailak ziurtatu duenez, gaixoari jarraipena egingo diote, eta harekin kontaktua izan duten pertsonak aztertzen ari da: «Euskadik [Espainiako] Alerta eta Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin koordinatuta lan egiten du kasu susmagarri horiek aztertzeko, eta baieztapenaren zain egon beharko du».

Osasun arduradunak, adi

Gaixotasuna kezka eragiten ari da. Horren erakusle da OME Osasunaren Mundu Erakundeak premiazko bilera batera deitu izana. Europako Batzordeak esan du «oso-oso adi» aztertzen ari direla gertatzen ari dena: «Harreman estua daukagu estatu kideekin eta Osasun Segurtasuneko Batzordean parte hartzen duten beste estatuekin. [Batzordea] aste honetan bildu da, eta datorren asteartean elkartuko dira berriro». Lehen kasu susmagarria agertuta, Osasun Sailak eta Osakidetzak ere «erne» daudela nabarmendu dute. Hemendik aurrera, baieztatutako kasuen berri emango dute. Oraingoz, Nafarroako Gobernuak ez du esan kasurik atzeman duenik.

Tximino baztanga zenbateraino zabalduta dagoen ez dago zehatz-mehatz esaterik, baina ECDC Gaixotasunaren Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak datu batzuk eman ditu. Haren esanetan, transmisio «neurritsua» du gaitzak. Erresuma Batuak alerta bat jarri zuen joan den igandean, lau kasu atzeman zituelako, eta, herenegun, mundu osoan 38 kasu zituzten baieztatuta, horietako 26 Europako Batasunean: hamalau Portugalen; bederatzi Erresuma Batuan; bina Kanadan eta Belgikan; eta bana Ameriketako Estatu Batuetan, Italian eta Suedian. Gainera, Espainiako eta Frantziako osasun agintariek zazpi kasu eta kasu bat jakinarazi dituzte, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.