Israelek bi asteko itxialdia ezarriko du

Neurri hori datorren ostiralean sartuko da indarrean, juduen urte berriaren ospakizunaren bezperan. Kasuek ugaritzen jarraitzen dute

Judu ultraortodoxoak ikasten, COVID-19aren aurkako babes neurriak hartuta. ABIR SULTAN / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19aren bigarren olatua gogor jotzen ari da Israel, eta pandemiaren aurka lanean ari den herrialdeko koordinazio taldeak iragarri du neurri gehiago hartuko dituela kutsatuen kopurua arintze aldera: bi asteko itxialdia ezarriko du. Erabakia datorren ostiralean sartuko da indarrean, juduen urte berriaren (Rosh Hashana) ospakizunaren bezperan. Horretarako, gobernuaren onespena falta da, eta bihar emango du erabakiaren berri.

Asteotan kutsatuen kurbak goranzko joera hartu du Tel Aviven, eta, hain justu, egun bakar batean atzemandako inoizko positibo gehien hauteman zituzten herenegun: 4.000 baino gehiago. Horren harira, gauean iragarri zuten itxialdia ezarriko dutela. Jakinarazi zutenez, birusaren hedapena mantsotzea da asmoa. Bigarren oldea iritsi zenetik estatu osoan konfinamendua agintzen duen lehen herrialdea litzateke Israel.

Kabineteak proposaturiko planak hiru fase aurreikusten ditu. Aurrenekoan, bi asteko konfinamendu zorrotza ezarri nahi dute, eta herritarrak euren etxetik 500 metrorainoko tartean soilik mugitu ahalko dira; gainera, ia komertzio eta eskola guztiak itxiko dituzte, ezinbestekoak salbu. Bestalde, lehen etapa horretan, otoitza espazio irekietara mugatuko da, eta datek bat egiten dute Rosh Hashana —hilaren 19an eta 20an— eta Yom Kippur —hilaren 28an— judaismoko festekin. Familien bilkurak ez egiteko eskatu dute.

Malguagoa izango da bigarren fasea, eta espazio irekietan hogei pertsona elkartzea onartuko da; leku txikietan, hamar lagun. Lantoki batzuk ere martxan jartzeko baimena izango dute, baina aurrerantzean ere debekatuta egongo dira hirien arteko joan-etorriak. Hirugarren eta azken fasea, berriz, kutsatzeen bilakaeraren araberakoa izango da, eta agintariek eskualde bakoitzeko egoera nolakoa den aztertuko dute, horren araberako neurriak ezartzeko; hots, orain indarrean dagoen planari eutsiko diote berriro. Tokiko agintariek autonomia handiagoa izango dute orduan.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan zuen neurriak hartu beharra dagoela, eta adierazi «bandera gorria» ezarri duela Ronni Gamzu pandemiaren aurka lanean ari den taldeko buruak: «Aldez aurretik erabaki bat hartu behar dugu jaiegunetarako antolatu ahal izateko. Irtenbidea aurkituko dugu erikortasuna geldiarazteko eta murrizketak modu mailakatuan eta arduratsuan leuntzeko». Netanyahuk kritika ugari jaso ditu pandemiaren kudeaketagatik, eta bere interesen arabera jokatzea egotzi diote.

Bigarren olatua indartsu iritsi da Israelera, eta 145.000 positibo baino gehiago hauteman dituzte; horietatik 34.700 kasu aktibo daude. 1.086 pertsona hil dira, eta larri daude 482 gaixo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.