Mugarriz mugarri dabil

Asier Martinezek urrezko domina irabazi du Europako Txapelketan

Asier Martinez, garaipena ospatzen, atzo. RFEA.
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Non lehia, han Asier Martinezen erakustaldia. Europako Atletismo Txapelketan izan da azkenekoa, Munichen (Alemania). Zizur Nagusiko (Nafarroa) atletak urrezko domina irabazi zuen atzo 110 metroko hesidunean. Faboritoetako bat zen, hark baitzuen denboraldiko markarik onena Munichen ariko zirenen artean, Sasha Zhoya frantziarrarekin batera: 13,17. Baina oso diziplina zaila dira hesiak, eta are eta gehiago 110 metrokoa bezalako proba laburra. Goizegi irten, beranduegi, hesi bat ukitu, hura bota... Makina bat arrisku daude, eta huts txikiena oso garesti ordaintzen da, ia ez baitago suspertzeko astirik.

 

Baina Martinez sekulako lehiakidea da. Nekez egiten du huts. Azkenaldian, batere ez. Horri esker dabil mugarriz mugarri: iaz, laugarren izan zen 60 metroko hesidunean pista estaliko Munduko Txapelketan; ondoren, 23 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen 110 metrokoan, eta seigarren Tokioko Olinpiar Jokoetan; eta aurten, brontzezko domina irabazi du Munduko Txapelketan, eta urrezkoa Europakoan. Eta 22 urte besterik ez ditu. Ikusgarria da daraman garapena.

Finalerdietan eman zuen aurreneko abisua: bete-betean aritu gabe, nagusitasunez irabazi zuen lehena (13,25). Zortzi finalisten artean marka onena egin zuen ere bai. Eta finalean, berriz ere izan zen azkarrena. Hura baino bizkorrago irten ziren zenbait aurkari, baina, ohi bezala, atzetik aurrera egin zuen, bizi-bizi, hesiak garbi gaindituz. Lehena helmugaratu zen, eta 13,14ko marka egin zuen, bere marka onena baino hiru ehuneko hobea. Bigarren izan zen Pascal Martinot-Lagarde frantziarra, Europako azken txapelduna, denbora berarekin. Segundo batzuetan zalantza egon zen nork irabazi zuen, baina milaren batengatik nagusitu zen Martinez. Hirugarren beste frantziar bat izan zen: Just Kwaou-Mathey (13,33).

Gaur, berriz, Arantza Moreno lehiatuko da. Xabalina jaurtitzaile ermuarra sailkapenean ariko da 09:00etatik aurrera. Bi aukera ditu finalera pasatzeko: 61 metro jaurtitzea edo aurreneko hamabiren artean sailkatzea. Bigarrena dirudi aukerarik onena, sailkatzeko marka baino metro bat eta 31 zentimetro gutxiagokoa baita haren markarik onena: 59,69 metro. Sailkatuz gero, etzi ariko litzateke finalean, 20:25ean hasita.

Zoriontsu, beste deus baino gehiago

Asier Martinezek ohikoa duen dotoreziaz ospatu zuen garaipena; grinez, baina lehiakideenganako errespetuz eta begirune handiz. Ezin ezkutatu zuen, ordea, barrenean zuen poza. Era berean, zoriona disimulatu ezinik egin zituen adierazpenak kazetarien aitzinean. «Oso zoriontsu nago. Egia esan, ez dut bizitakoa deskribatzeko beste hitzik aurkitzen».

Lasterketa irabazi izanak bakarrik ez, helmugara norekin iritsi den, horrek ere izan zuen ikustekoa atleta nafarrak sentitutako hunkiduran. Kazetariei aitortu zienez, idolotzat baitu Pascal Martinot. «11 urte ditudanetik naiz zalea. Haren lasterketa guztiak ikusten jarraitzen dut oraindik ere, entrenamenduak ere bai. Izugarria da harekin batera ailegatu izana; berak irabazi edo nik irabazi, berdin litzateke izugarria. Eta jakina, nik irabazita, are gehiago [irriz]».

Halaber, Martinezek onartu du arindua ere sentiarazi diola urrezko dominak. Azaldu duenez, txapelketaren aurreko asteak aski zailak izan dira. «Txapelketa konplikatua izan da, nire ondoan izan denak ongi daki hori. Nahikoa arazo izan dut urduritasunarekin, presioarekin. Onartzen dut esperientziagabea naizela honetan; ikasiko dut. Garaipena bakarrik ez, lezioa ere badaramat etxera gaur».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.