Bide beretik itzuli nahi du

Athleticek gaur ekingo dio berriro ere ligari, Betisen zelaian. Bi taldeek 24 puntu dituzte

Oihan Sancet Athleticeko jokalaria, Valladolideko jokalariz inguratuta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Athleticek azaroaren 8an jokatu zuen bere azken ligako norgehiagoka. Valladoliden aurka izan zen. Zuri-gorriek 2-0 irabazi zuten, eta laugarren tokian joan ziren Munduko Txapelketa zela-eta izandako etenera. Gaur, orduko bide beretik segitu nahi dute, eta aldaketaz betetako urte honi amaiera biribila eman. Aurkari zuzen baten zelaian jokatuko du Valverderen taldeak: Betisenean (19:15, Dazn). Bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, 24 punturekin. Athletic laugarren dago, eta Betis, seigarren.

Valverdek adierazi zuen «gogoz» daudela berriro ligari heltzeko. «Partida garrantzitsua da guretzat; batetik, Betis aurkari zuzena delako, eta, bestetik, etenaren aurretik etxetik kanpo ez ginelako nahi bezain ondo ari. Oreka bat bilatu behar dugu bien artean. Gainera, hil berri den Txetxu Rojori eskaini nahi diogu garaipena. Arrazoi asko ditugu biharko [gaurko] partidari ilusioz heltzeko».

Aurkariaren inguruan ondorengoa adierazi zuen. «Jokoan egonkortasun handia duen taldea da, eta horrek ahalbidetu dio goian egotea. Jokalariak faltako ditu, baina talde luzea du. Aurrean jokalari erabakigarriak ditu, eta zelai erdian partidaren erritmoa kontrolatzeko gaitasuna dutenak. Adi egon beharko dugu». Zuri-gorrien artean, Ander Herrera faltako da, ez baita guztiz osatu azkenerako.

Athletic kantuz

Gaur, gainera, egun berezia izango da Athleticeko zaleentzat, 125. urteurreneko ospakizunak hasiko baitira, San Mamesen egingo den Athletic Kantuz ekitaldiarekin. 17:30ean hasiko da ospakizuna San Mamesen. Bertan biltzen diren zaleek propio aukeratutako euskal kantutegiko hamasei kantu abestuko dituzte, hainbat talde eta abesbatzetako kideek lagunduta. 18:30ean, Jose Angel Iribarrek eta Eli Ibarrak urteurreneko bandera igoko dute, eta gero Betisen aurkako partida ikusi ahalko da pantaila erraldoietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.