Azken uneraino hor egon da

Gutxigatik bada ere, Bidasoa Europako Ligatik kanpo dago. Jacobo Cuetararen taldeak ezin izan zion eutsi, atzo, joaneko partidan lortutako hiru golen errentari. 34-28 galdu zuen Sporting Lisboaren aurka, eta ezin izan du final-laurdenetarako urratsa egin. Lehen zatian kontrakarrean aritu zen, baina burua hotz izanda, eta lan nekeza eginez, kanporaketa barruan egon zen bigarren zatian. Detaile txikietan, ordea, etxekoak hobeto aritu ziren, eta portugaldarrentzat izan zen sailkapena.
0-1 aurretik hasi arren, ez zuen lehen denbora ona egin Bidasoak. Sufritzea egokitu zitzaion. Seigarren minuturako portugaldarrek berdinduta zuten kanporaketa: 4-1. Defentsan ez zen nahi bezain sendo aritu Jacobo Cuetararen taldea, eta Sportingek erraz aurkitu zituen zuloak: 7-3 (11. min.). Erasoan, berriz, kosta egin zitzaion zuloak topatzea, eta baloi inozo batzuk galdu zituen. Zuloak topatu zituztenean, gainera, Carlos Maciel atezainarekin egin zuten topo irundarrek. Joanekoan ez bezala, argentinarrak baloi erabakigarriak atera zituen. Zortzi gelditu egin zituen lehen zatian. Horma bat izan zen.
Minutu dezentetan hiruzpalau golen errentari eutsi zioten etxekoek, eta atsedenaldirako bost minuturen faltan sei golera igo zuten. Bidasoa kontrakarrean ari zen. Baina lehen zatian bi gauza on izan bazituen, zera izan zen: Jakub Skriniarzen geldituak —sei baloi atera zituen lehen zatian— eta burua hotz izan zuela. Lan isil horrek, eta lehen zati horretako azken erasoetan apur bat gehiago asmatu izanak, alde murriztu, eta atsedenaldira 15-12 joatea ahalbidetu zion Bidasoari.
Kanporaketa berdinduta zegoen. Hori zen onena irundarrentzat. Bigarren zatia golak trukatuz hasi zen. Bira ere jarri zen Bidasoa: 18-16. Biziagoa izan zen erritmoa, eta portugaldarrek baloiren bat galdu zuten. Nahiz eta gero berriz laura igo zuten errenta: 22-18. Baina erasoan lehen zatian topatu ez zituzten zuloak aurkitu zituzten Cuetararenek, bizkorrago jokatuz. Defentsa koska bat igotzeak ahalbidetu zien hori.
11. minutuan 22-20 ziren. Ondo zegoen Bidasoa. Minuturik onenak izan ziren. Baina epaileak ez zituen argiak ziruditen bi falta adierazi, eta kontraerasoan bi gol argi lortu zituen Sportingek. Hala, berriro ere bost golen aldea berreskuartu zuen, bigarren zatiaren erdian: 26-21.
Baina une horretan ere ondo erantzun zuen Bidasoak, jarraian bi gol sartuz. Azken txanpan, ordea, galdutako pare baloik eta zutoinera joandako bizpahiru jaurtiketek kondenatu zuten.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.