Greba hasi dute Bielorrusian

Lukaxenkok entzungor egin dio oposizioaren ultimatumari. Protestetan 670 lagun atxilotu dituzte

Herritarrak Lukaxenkoren aurkako protestan, atzo, Minsken. STR/EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bielorrusiako oposizioak greba mugagabea abiatu zuen atzo, Aleksandr Lukaxenko presidenteak haren ultimatumari entzungor egin ostean. Hiru eskaera nagusi egin zizkioten agintariari: boteretik alde egitea, indarkeria gelditzea eta «preso politikoak» askatzea. Lukaxenkok hori onartu ezean greba mugagabea hasiko zutela agindu zuen igandean Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruak; hala, atzo goizean ekin zioten greba mugagabeari Bielorrusian. «Helburua da erakustea inork ez duela erregimenarentzat lanik egiten», nabarmendu zuen Tikhanovskaiak. Gainera, produkzio grebaz harago, kontsumo greba egiteko deia ere egin zuen politikariak.

Oposizioko taldeen arabera, jarraipen zabala izan zuen grebaren lehen egunak. Hainbat unibertsitatetan eskolak eten zituzten, eta karriketara atera ziren protestara irakasleak eta ikasleak. Gainera, zenbait hedabidek zabaldu zutenez, herrialdeko enpresa handietan hainbat langilek eten zuten beren lan jarduna protestekin bat egiteko; jatetxeetan, tabernetan eta kafetegi batzuetan ere ateak itxi egin zituzten, protestariei elkartasuna adierazteko.

Aleksandra Isaeva gobernuko bozeramailearen hitzetan, normaltasuna izan zen nagusi, eta ez zen enpresa handietako jarduna eten. Istiluak egon arren, Piotr Parkhortxik Industria ministroak ere nabarmendu zuen enpresek lanean jarraitu zutela; Hezkuntza Ministerioak ere «normaltasuna» helarazi zuen.

Abuztuaren 9an bozak egin zituztenetik hamaikagarren igandez jarraian, herenegun ere 100.000 herritar inguru hiriburuko karriketara atera ziren, oposizioak deituta. Istiluak izan ziren hainbat manifestaziotan, eta 520 bat lagun atxilotu zituzten, Barne Ministerioaren arabera; atzo beste 150 bat manifestari eraman zituzten polizia etxeetara.

Gertakari horiek ikusirik, Europako Batasunak atzo adierazi zuen greba egitea «oinarrizko eskubidea» dela, eta Lukaxenkori eskatu zion ekinbide hori «errespetatzeko». Bielorrusiako oposizioak talde komunitarioko erakundeen eta agintarien babesa jaso du hainbatetan, eta horren erakusle da iragan astean Europako Parlamentuak Sakharov saria eman izana Tikhanovskaia buru duen mugimenduari. David Sassoli europarlamentuko presidenteak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako mugimenduaren «adorea, erresilientzia eta irmotasuna» nabarmendu zituen sariaren garailea jakinaraztean, eta Bielorrusiako estatuburuari eskatu zion «herria entzuteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.