Eszena musikalari omenaldia

Sega Sound Killers taldeak bere bigarren diskoa kaleratu du: 'Dolu'. Bihar dute lehen kontzertua

Sega Sound Killers musika taldeko kideak. GALDER IZAGIRRE.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Giro elektronikoa rock zantzuek blaituta, bere bigarren diskoa kaleratu berri du Sega Sound Killers taldeak, Dolu izenburupean. Iñaki Altolagirre Matxet, Ektz, Eneko Larrañaga eta Eneko Lusar musikariek osatzen dute taldea, eta hamabi kantaz jositako diskoa ondu dute. Bihar emango dute lehen kontzertua, Donostiako Dabadaba aretoan.

Underground kulturaren aldarria dago lanaren funtsean, eta eszena musikal horri halako omenaldi bat egin nahi izan diote. Hala azaldu du Matxetek: «Omenaldi bat da hor aritu garen aretoei, taldeei...Gure eszena pikutara joan da bi urte hauetan. Pertsonalki eta musikalki, giro horietan hazi gara, eta halako omenaldi moduko bat egin nahi genuen».

Badute zerbait galdu deneko sentipena, baztertu izanekoa, eta hortik sortu da Dolu. «Euskal Herriko talde handi bat ateratzen denean, jendea identifikatuta bezala sentitzen da; baina talde horiek azpitik hasi ziren, eta eszena horretan hazi dira», dio Matxetek. Horri balioa eman behar zaiola uste du, eta fokua hor ere jarri behar delakoan dago. «Bi urte hauetan, ezagutzen ditugun talde asko pikutara joan dira, edo areto askok itxi egin behar izan dute. Pena bat da, oso beharrezkoak direlako». Hala ere, etorkizuna ikusten jarraitzen du «lur zoruko giroan». Historian zehar arteak eta kulturak izan duen garrantzia azpimarratu du musikariak, eta salatu krisi egoeretan beti sufritzen dutela artistek, «arte guztietan, esparru guztietan».

Doluaren fase ezberdinak jasotzen ditu haien azken lanak: «Hitzak idazteko garaian, konturatzen hasi ginen zerikusia zuela doluaren historiarekin. Faseka ditugu abestiak sartuak diskoan». Eta badago iluntasunetik argitasunerako bide bat ere: «Hasiera nahiko bortitz eta ilun hasten da, eta azkeneko abestia da alaiena edo, argi handien duena». Izenburuetan erreparatu besterik ez dago: Arnasik ez eta Dolu dira diskoko lehen bi kantuak, New sound eta Love azkenak.

Proiektua aurrera ateratzeko, finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri zuten martxan Sega Sound Killerseko kideek. Ibilbide luzea duten musikariak dira laurak, eta Matxetek azaldu du aurretik izan dituzten proiektuetan kontzertu bidez funtzionatu izan dutela. Pandemiak, ordea, galarazi egin die hori. «Talde berrientzat eta, normalean zaila da diskoetatik etekin asko ateratzea». Diru laguntzak eta finantzaketa kolektiboa izan dituzte euskarri, eta lortu dute lana taxutzea. Ez da, ordea, erraza izan bidea: «Pazientzia izan dugu, eta itxaroten egon gara... baina jende askok utzi du. Gogorra izan da». Hain zuzen, 2019. urte amaieran kaleratu zuten aurreneko diskoa. Kontzertuak ematen hasiak ziren, «gustura» zebiltzan, baina bidea moztu zien koronabirusak. Disko berriko kantu asko pandemia aurretik sortutakoak direla aitortu du.

Musika plurala

Musika elektronikoa egiten du taldeak, baina bere zentzu zabalean, eta rock kutsuarekin. Musikalki disko plurala dela uste dute. «Guk, rocka, metala eta halakoak izan ditugu gure lehengo proiektuetan, eta hori ezin duzu kendu zure DNA-tik». Dualtasun hori lortu nahi izan dute, beraz: batetik, rock bortitza, eta, bestetik, elektronika. Elementu organikoak sartzen dizkiote elektronikari, eta «hibrido» bat egin.

Eta esparru horretan ere, plurala da diskoa: kanta bakoitzak badu estilo propioa. «Rock bortitzaren barnean pila bat detaile daude, eta elektronikan zer esanik ez. Abesti bat dubstep girokoa da, beste bat atmosferikoagoa; asko gustatzen zaigu elektronika frantsesa ere». Izaera eklektikoa du diskoak.

Gainera, kolaborazio askorekin kontatu du lanak: horietako batzuk dira Zuriñe Hidalgo, Juantxo Arakama, Femin Muguruza, Ainhoa Mertzero, Aintzane Gamiz, Okene Abrego eta Gorka Urra. Abesti batzuek emakumeen ahotsa sartzea eskatzen zietela dio Matxetek, eta, horrez gainera, festa estudiora eramateko modu bat izan da, «kakotxen artean». «Denak lagunak dira, estudioan oso ondo pasatu genuen. Gero, gainera, asko esperimentatu dugu. Uste dut kolaborazio denek abestiari puntu bat gehiago eman diotela; hau da, abestia hobetu dutela». Haiekin lan egitea «plazera» izan dela aitortu du.

Hitzekin gida moduko bat egiten zuten, musikariei bidali, eta libre utzi «beraien ukitua» emateko. Prozesua «gozamena» izan dela dio. «Eta bide batez, dolu musikalaren inguruko ideia hori sendotu dugu; guztiak eszena berean ibili gara». Pozik daude lortutako emaitzarekin, eta birari ekiteko «gogotsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.