Santixauak Ermuan

Santixauetako antzoki berezia

Larunbatean hasi ziren motorrak berotzen, eta atzo abiatu zituzten jaiak, ofizialki. Jesus Cimarro antzerkigilea izan da txupineroa

Paella txapelketako parte hartzaileak. BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Egun, Meridako Antzerki Klasiko Jaialdiko (Espainia) zuzendaria eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako zuzendaria da Jesus Cimarro; jaiotzez, ermuarra. 32 urte daramatza antzerkigileak herritik at. Madrilera lekualdatu zen oso gaztetan. Han eman ditu azken hamarkadak, eta azken zazpi urteetako udak Meridan igaro ditu. Ermuko aurtengo jaietako suziria jaurtitzeko ardura antzerkigileari eman diote. «Ustekabean eta ilusioz», hartu zuen albistea Cimarrok, Carlos Totorika alkate ohiaren eskutik. Ohore handia dela adierazi du, etxera buelta goxoa. Ezohiko agertokia izan zuen Cimarrok bart: oholtza,herriko plaza. Ikusleak, Ermuko herritarrak. Eta, gidoia, festen hasierako agurra. 19:00etan ekin zioten festari ermuarrek, astebete lehenago motorrak berotzen hasiak baziren ere. 52 urte ditu orain antzerki zuzendariak, eta asko aldatu dira gauzak berak herria utzi zuenetik: «Santixauen funtsa berbera da, baina jendea aldatuz joan da». Haren ustez, gazteek gozatzen dituzte gehien jaiak, eta, gaur egun, beste «nolakotasun eta beharrizan» batzuk dituzte.

Labur eta zuzen mintzatu zen Cimarro: herritarrei esker oneko hitzak eskaini zizkien, eta jaietaz gozatzeko gonbita egin zien. Keinu berezi gisa, jaien lelo bihurtu den abestiari eskaini zizkion hitzartzearen azken berbak: La Polola. Kantaren jatorria eta egilea misterio bat dira, baina, zalantzarik gabe, santixauetako ikur bihurtu da La Polola pertsonaia eta haren abestia. Urteak joan, urteak etorri,Ermuko sena barruan daramala erakutsi nahi izan zuen Cimarrok.

Santixauak ofizialki atzo hasi baziren ere, egunak daramatzate herriko fanfarreak kaleak girotzen. Jai ibiltariak dira santixauak, eta txarangen doinuek kaleak musikaz eta kolorez betetzen dituzte gau eta egun. Adin eta gustu guztietarako egitarau oparoa eskaintzeagatik ere ezagunak dira Ermuako santixauak, eta hala baieztatu du Cimarrok: «Urtero, antzeko eskema betetzen dute festek, eta publiko guztientzako ekintza ugari eskaintzen dira».

Orotara, 105 ekintza daude egitarauan. Erritmoa ez ezik, gastronomia eta kirola izaten dituzte ermuarrek festetako protagonista. Gaur gaueko rock jaialdi eta berbenaz gain, tripa betetzeko aukera izango dute bertakoek.Jaien itxiera egunean, ostiralean, paella txapelketa antolatu dute, urteroko ohiturari jarraiki. Arrozarekin batera, sardinak edota txokolatea dastatzeko aukera izango dute herritarrek, dantzan xahututako energia berreskuratzeko. Zuzeneko kirol erakustaldiak ez dira faltako: esku-pilota partidak, aizkolari eta harri jasotzaile erakusketak eta sokamuturra, besteak beste.

Akuilu-makuilu gainean

Euskal Herrian hain ohikoak diren euskal dantza erakustaldietatik urrun, eta txupineroaren ofizioari keinu eginez, Mulier ikuskizuna aurkeztuko du Valentziako Maduixa konpainiak, bihar. Bost emakumeren gorputz adierazpenaren bitartez, dantza, emozioak eta ikusizko poesia uztartzen dira Mulier-en. Eta hori gutxi balitz bezala,dena akuilu-makuiluen gainean dantzatuko dute. Emakumezkoak abiapuntu, orekaren eta dantza fisikoaren mugak ikertu nahi dituzte, magiaz beteriko ikuskizunean. 2004an hasi ziren publiko guztientzako dantzaldiak antolatzen, baina, Maniatics lanarekin ekin zioten bide profesionalari. Ordutik, ibilbide oparoa izan dute. Ermuko biztanleek ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bihar, 22:30etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.