Txantreako bestak

Txantrear zirkuaren ziri zoroa

Zirika Zirkus konpainiak botako du suziria Iruñeko Txantrea auzoan. Gaur abiatuko dira bestak

Zirika Zirkus taldearen Tren geltokia ikuskizuneko irudi bat. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Irriak eta algarak. Horiek dituzte elikagai, eta horiek sortzea helburu Zirika Zirkus konpainiako kideek. Iruñeko Txantrea auzoan sortu eta erroturiko taldeak hamasei urte daramatza zirkua txoko guzietara eraman nahian. Auzoan ere bai, noski: ikuskizunak eta tailerrak eskaintzen ditu, baita zirku eskola ere. Auzoaren alde egindako lana eskertzeko, txupinazoa botatzeko aukera eman diete. Gaur abiatuko dira auzoko bestak, irria ahoan jantzirik.

Luis Lainez Boli eta Ainhoa Juanizek sortu zuten Zirika Zirkus. Madrilen lanean ari ziren, antzerkia eta zirkua egiten, baina beren kabuz ibiltzea erabaki zuten. Vallecas auzoan hasi ziren, gune okupatu batean. Prestatutako ikuskizuna euskaratu, eta Txantrean eman zuten. Astebete eman zuten auzoan entseguak egiten, euskaltegian eta Auzotegin, euskarazko estreinaldira arte. «Jendeari gustatu zitzaion, eta beste bi ikuskizun atera zitzaizkigun. Herrimina nuen, denbora eman nuelako kanpoan, eta, Bolik baiezkoa eman zuenez, etorri egin ginen», azaldu du Juanizek.

Ez zuten deus. Auzokide batzuek furgoneta bat oparitu zieten, lagunen etxean egon ziren bizilekua topatu arte... Horrek eragina izan du gerora konpainian: «Hemengo jendeak lagundu gintuen, eta guretzat eskertzeko modua izan zen Madrileko zirku eskolan ikasitakoa auzoko gazteei ematea». Ikuskizunak prestatzearekin batera, zirku klaseak ematen hasi ziren.

Emanaldiak Txantrean

Eskola horretan 4 urterekin hasi ziren bi lagun Zirika Zirkusen lanean ari dira orain: Iraia Garcia eta Amaia Leoz. Beste ikasle batzuek ere jarraitu dute zirkuan, eta eskolak ematen dituzte Zirika Zirkusen. Txantreari estu lotzen dituen soka, beraz, ez da eten; aurtengo bestetan argi ikusiko da hori. Izan ere, bi emanaldi eta zirku tailer bat emango dituzte. «Urtero ekartzen dugu talderen bat; hori da Zirika Zirkusek jai batzordeari egiten dion ekarpena. Baina aurten guk egin beharra genuen», azaldu du Juanizek.

Bihar Egun on, Sikiera taldearen azken lana emanen dute, 17:00etan, Arriurdiñeta plazan, eta igandean Ondorengoak, ordu berean, Garcia Galdeano eskolaren parean. Azken hori hamabosgarren urteurreneko ikuskizuna da. «Gure bonboia da. Horretan zirku teknikei garrantzia gehiago eman genien». Ez baitute zirkua bakarrik egiten ikuskizunetan: antzerkia, musika eta dantza erabiltzen dituzte. «Gure trukoa izan da umorea, zirkua eta antzerkia nahastea. Errazagoa da, edo jende askori gustatzen ahal zaio», azaldu du Juanizek.

Txantrean ez ezik, Euskal Herrian barna ibiltzen da Zirika Zirkus. Euskaraz aritzen dira. «Euskaraz lan egitea gustatzen zaigu». Aste honetan Iruñean ikusteko parada izanen da. Bestak igandean bukatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.