Argentina. Macriren aro berria

Giza eskubideak Macrirenean

Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako Amen presidentea atxilotzeko aginduak kritiken erdian jarri du Mauricio Macriren gobernua. Presidentearen zazpi hilabeteak esanguratsuak izan dira

Hebe de Bonafini, herenegun, atxilotzeko aginduari muzin egin eta Maiatzeko Plazan protesta egin zuenean, herenegun. ALBERTO ORTIZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Atzo goizean, gaubeilaren ostean,Maiatzeko Plazako Amen egoitzaren aurrean jarraitzen zuten giza eskubideen aldeko taldeetako ekintzaileek, Hebe de Bonafini elkarteko presidenteari babesa ematen, hura atxilotzeko agindua poliziek bete dezaten eragozteko. Marcelo Martinez Giorgi magistratuak bezperan deklaratzera deitua zeukan Sueños Compartidos auzian, estatuaren dirua bidegabeki erabili zuen galdetzeko, beste 40 inputaturekin batera. Baina ez zen joan, eta ez du joateko asmorik. Mar de Platan zeukan hitzordura joango zela esan zuen atzo, epailearen agindua desafiatuz. Auzi-ihesean dago, eta ezin da atera Argentinatik. Baina umorez hartu du bere bizitza luzeko atal berriena: «Gaur barre egiten dugu; pozik gaude kalean, eta ez dizuegu beldurrik». Mauricio Macriren gobernuari eta munduari ez die beldurrik Bonafinik, bainauste du egoerak ezin duela horrela jarraitu: «Nahikoa egin duzue zazpi hilabetean. Macri, utz ezazu jada behingoz».

Oraindik orain hartu zuen Argentinako presidente kargua Mauricio Macrik, duela zazpi hilabete, baina harrezkero ur asko igaro da zubi azpitik. Diktadura osteko giza eskubideen alorreko politikei dagokienez, ezin eztabaidatuzko erreferente da Argentina, eta Cambiemosen gobernuak ezaxola erabatekoz eta arduragabekeria handiz jokatu izan du.

Presidente izan aurretik, Buenos Airesko Hiri Autonomoaren gobernu kudeaketaren buru aritu zen ia hamar urtean, eta, han eta orduan, nabarmen erakutsi zuen bere politikak nondik nora joko zuen alor horretan. Ez zuen argi eta garbi erakutsi gobernu nazionalak —kirchnerismoaren esku— bultzatzen zituen politiken kontra zegoenik, baina egin ezaz utzi zuen agerian bere erresistentzia. Kontua are nabarmenago egin zen 2004an, haren blokea bakarrik abstenitu baitzen gizateriaren kontrako delituak ezin preskribatuzkoak direla kongresuak berretsi zuen bozketan.

Diktadura (1976-1983) amaitu aurretik hasitakoa da Argentinan giza eskubideen aldeko erakundeen historia, Maiatzeko Plazako lehenbiziko Amekin eta Amonekin hasi ere, eta, gero, ezin konta ahala erakunderekin osatu. Kaleko borroka izan da, Nestor Kirchner agintean jarritakoan instituzionalizatua. Izan ere, gutxiago edo gehiago, Kirchnerri eta Cristina Fernandezi aitortu izan zaie berentzat hartu izana giza eskubideen aldeko borroka. Kirchnerrek eginiko keinuetatik gogoangarrienetako bat da, esaterako, 2004ko martxoaren 24an armadako buruari emandako agindua: jaits zitzala Kolegio Militarreko galerietako batean zeuden koadro batzuk, Jorge Rafael Videla eta Reynaldo Benito Bignoneren argazkiak zituztenak —diktadura garaian Junta Militarreko kide izan ziren biak—.

Aurpegiratu izan zaizkien kontuetan, berriz, bi dira nabarmentzekoak: batetik, beren lerroetan eustea Cesar Milani armadako buru gisa, zeina diktaduran parte hartzeagatik salatu izan baitute; eta, bestetik, ez ematea Julio Lopez igeltseroaren desagerpenaren berri: haren lekukotasuna giltzarria izan zen estatu terrorismoaren inguruko epaiketa batean;bahitu egin zuten, eta oraindik ez da agertu 2006ko irailaren 18tik, deklaratzen aritu eta egun gutxi barru pasatuz geroztik—.

Presidentearen jarrera

Presidente kargua hartu eta gutxira, giza eskubideen aldeko erakundeek bilera bat egiteko eskatu zioten Macriri, baina hark uko egin zion, astirik ez zuela argudiatuta, eta, hala, erakunde haiekin biltzeari uko egin zion lehen presidentea bihurtu zen. Ezin jakin ziur zergatik, beharbada hori erabaki izanak hedabideetan oihartzun kaltegarria izango zuelako,edo Barack Obama Argentinara joatekoa zelako estatu kolpearen 40. urteurrena iristear zegoela, baina, azkenean, Macrik erakundeekin biltzea erabaki zuen; haiek agiri bat aurkeztu zioten, kezka nagusiak zekartzana.

Agiriko puntuetako batean zetorren nola Giza Eskubideen idazkari Claudio Avrujek uko egiten zion Terrorismoaren Biktimei Buruzko Lege Ikerketen Zentroko kideekin biltzeari. Erakunde horretan bildutakoek lanean dihardute estatu terrorismotik bizirik atera diren erakunde armatuetako aktibistak epai ditzaten. Era berean, Nunca Mas-eko hitzaurrea aldaturik —lehen bertsiora jo du berriz, eta ezkerreko terrorismoa eta eskuinekoa parekatu—, gerraren ideia ezartzera jo dute, ezen ez estatu terrorismoarena.

Gizarte aktiboa

Argentinako gizarteak argi utzidu giza eskubideei buruzko politikak ez direla agintean bidegabeki daudenen ondare Argentinan, baizik eta urteetako borroka nekaezinaren erakusgarri, Dario Loperfido Buenos Aires Hiriko gobernuko Kultura idazkari negazionistak karguari uko egin ziezaion ere lortzeraino. Macrismo garaiko lehenbiziko funtzionarioa da bere kargua utzi behar izan duena, deklaratu zuelako Argentinan ez zirela izan 30.000 desagertu. Harrezkero, escrache-ak egin zizkioten sitematikoki, eta, Buenos Airesko kultura alorreko jendeak kanpaina antolatu zuen haren dimisioa eskatzeko.

Orain, ikuskizun dago zein izango den estatuko politiken etorkizuna azkeneko diktadura garaiko giza eskubideei dagokienez. Gobernua aldatu aurretixe, Konplizitate Ekonomikoak Identifikatzeko Ganbera biko Batzordea sortu zuten. Haren helburua da estatu terrorismoaren zigorgabetasun handieneko hobian ikertu ahal izatea. Horren harira, kasu gutxi epaitu izan dira, nahiz eta froga nahikoa eta gehiegi eduki enpresa zuzendari askok beren erantzukizuna izan zutela, bai segurtasun indarrei beren enpresetan esku hartzeko eskatu zietelako, bai beren langileei buruzko informazioa entregatu zutelako haiei jazar zekizkien.

Besteak beste, talde ekonomikoek estatu terrorismoarekin izan duten erantzukizuna ikertzen dutenean, ziur asko, gaur egungo presidentearen izena agertuko da zerrendetan, Macrirekin loturiko enpresen onura nagusietako bat izan baitzen, hain zuzen, diktadura garaian ezarritako truke aseguruen sistema bidez nazionalizatzea pribatuen zorra. Era berean, ez da harritzekoa memoriari eta justiziari bide horretatik bultzaka ari direnentzat ez izatea albiste ona funtzionario bilakaturiko enpresari talde horren etorrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.