Euskarazko hedabideak. BERRIAren laguntza

Inoizko laguntzarik eskasena BERRIAri

Egunkariarentzako laguntza gehiago gutxitu du Jaurlaritzak berriro: 2013tik 2018ra, 300.000 euroko jaitsiera, %20koa. Aurrekontuan gero eta pisu txikiagoa dute diru laguntzek

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Beste koska bat behera. Orain bi urte hasitako murrizketa bidean beste pauso bat eman du Eusko Jaurlaritzak, eta berriz gutxitu du BERRIArentzako diru laguntza datozen hiru urteetarako. Iazkoarekin alderatuta, honatx: aurten, 17.000 euro gutxiago; datorren urtean, 61.000 euro gutxiago; eta, bi urte barru, 84.000 euro gutxiago. Jaitsiera etengabea da. Gogoan izatekoa da, gainera, iazko kopurua nabarmen murriztua zuela BERRIAk aurreko urteen aldean; 2014an 210.000 euroko mozketa izan zuen, eta, iaz, beste 10.000 eurokoa. Beste behin, marka hautsi da, beraz: inoiz baino babes eskasagoa izango du BERRIAk Jaurlaritzatik datozen hiru urteetan. Eta norabidea hori da: egunkariaren aurrekontuan gero eta pisu txikiagoa dauka laguntza publikoak.

Berritasun handiak ditu Jaurlaritzak egunotan plazaratu duen ebazpenak. Batetik, epeak: urtebeterako ez, hiru urterako laguntzak banatu ditu Jaurlaritzak. Urteetan eskatu du sektoreak hori, urte baterako baino gehiagorako banaketa egitea, egonkortasuna bilatze aldera. Bestetik, diru aldetik daude aldaketa batzuk. Aurreko urteetako mozketari 2018ra arte eutsiko diote: 4.875.000 euro banatuko dituzte urtean; 2012an ezarri zuten kopuru hori, aurreko bi urteetako laguntzak %15 jaitsita. Mozketa hori sei urtera luzatuko dute orain. Hala ere, hedabide gehienek diru gehiago eskuratu dute aurten. Arrazoia: Nafarroako hedabideak Jaurlaritzaren laguntzetatik atera dituzte, eta, beraz, eskatzaile gutxiagoren artean banatu du Jaurlaritzak laguntza. BERRIAk gutxiago jaso du, hala ere.

Irizpide aldaketak daude horren oinarrian. 2014an, ordura arteko banaketa irizpideak aldatzea erabaki zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta irismen kontzeptua bihurtu zuen giltzarri: puntuen %75. Irismena sartuta, pisurik gabe geratu dira ordura arteko bi irizpide nagusiak: proiektuen finantzaketa propioa —BERRIAk puntuazio maximoa jasotzen du atal horretan, gainerako hedabideek baino autofinantzaketa handiagoa baitu portzentajeak begiratzen badira— eta produktuen kalitatea —ez dute aipatu ere egin hori irizpideetan—.

Irizpideen kaltea

Laguntzen irizpideei buruz hainbat gomendio egin dizkio Hekimen hedabideen elkarteak Jaurlaritzari. Batzuk aintzat hartu ditu gobernuak —adibidez, irakurleek zenbateko ahalegina egin behar duten hedabidea kontsumitzeko, harpidetzekin eta—, baina ez beste batzuk. Maiztasuna da gakoetako bat: hedabide bakoitza zenbat alditan iristen den kontsumitzaileengana. Ehun puntutik bost dira horren araberakoak. Beraz, hedabide bat zenbat kontsumitzailerengana iristen den, horrek 75 puntu ditu, baina horiengana zenbat aldiz iristen den, 5 puntu. Maiztasun handieneko hedabidea denez, kaltea da BERRIArentzat.

Papereko hedabideen bideragarritasun eredua aldaketa betean dagoen garaian iritsi da Jaurlaritzaren mozketa. Bi aurpegikoa da egoera. Batetik, aurrerapausoa: inoiz baino herritar gehiagorengana iristen da BERRIA, papera eta Internet aintzat hartuta. Bestetik, ordea, zailtasunak: inoizko audientzia handiena nola bihurtu diru. Gehitu horri krisiaren bueltan publizitatea zenbat jaitsi den.

Egoera horretan, aurrekontua jaitsi behar izan du BERRIAk; murrizketak, produktuan eta lantaldean. Jaurlaritzak argudio hori eman izan du jaitsiera zuritzeko: BERRIAren aurrekontua jaisteak laguntza gutxitzea dakarrela. Badauka eragina, baina irizpideetan dago giltzarria. Argigarria da ikustea zein neurritan jaitsi den Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren pisua BERRIAren aurrekontuan: 2013an, irizpideak aldatu aurreko urtean, kazetaren aurrekontuaren %23 estali zuen laguntzak. Harrezkero, behera, urtez urte: 2014an, %21,4; 2015ean, %20,7; 2016an, %20,4; 2017an, %19,7; eta 2018an, %19,4. Etenik gabeko jaitsiera, hori da norabidea. Laguntza publikoen pisua beste hedabideetan baino txikiagoa da BERRIAn, eta gero eta eskasagoa da estilo horretako neurriekin. Galera dirutara eramanda, honatx: 2013ko laguntza baino 235.000 euro txikiagoa da aurtengoa (%16ko jaitsiera), eta 2018rako, 300.000 eurotik gorakoa da beherakada, %20koa.

Hiru urterako laguntzak banatuta utzi ditu, beraz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Legealdi berria dator. Hekimen elkarteak hainbat eskari jarriak dizkio mahai gainean gobernuari. Orain ebatzitako laguntza deialdiaren hutsuneez ohartarazia du: batetik, hiru urterako laguntzak horrela banatzeak atea ixten duela «proiektu berriak» garatzeko; bestetik, irizpideak adostu gabe daudela oraindik hedabideekin. Diru poltsa handitzeko beharra ere askotan aipatu du: 2,5 milioi gehiago behar direla laguntzetan.

Laguntza deialdien ordez bide egonkorragoak hartzea proposatu du oraindik orain Hekimenek: itun eredu bat. Lege esparru bat garatzea, euskarazko hedabideei «aitortza eta bermea» emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.