Zoru klausulak. Europako Batasuneko auzitegiaren epaia

Abusatzeko zorurik ez

EBko Auzitegiak erabaki du bankuek zoru klausulen bidez bildutako diru guztia itzuli behar dietela beren bezeroei, eta ez soilik 2013tik aurrera jasotakoa

Zoru Klausulak Stopeko kideak,70 salaketa aurkeztu zituzteneanDonostiako auzitegian, iazko urrian. ZORU KLAUSULAK STOP.
Iker Aranburu.
2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bankuen eta haien bezeroen arteko harremanetan, bigarrenen alde egin du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Zoru klausulen ondorioz jasotako diru guztia itzuli beharko dute, eta ez soilik 2013tik aurrerakoa. Urte horretan zoru klausula asko abusuzkoak izan zirela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta bankuak behartu zituen epaiaren ondoren bezeroek ordaindu zizkieten gainkostuak itzultzera. Luxenburgoko auzitegiak, ostera, erabaki du atzerako eragina mugatzea EBko araudien aurka dagoela, eta kobratutako guztia itzuli beharko dutela. Epaia ustekabekoa izan da, uztailean egindako saioan bankuen alde egin zuelako Europako Batasuneko abokatuak, eta haren iritzia hartzen dute aintzat epaileek kasu gehienetan.

Ikusteko dago bankuentzat faktura zenbatekoa izango den, baina gehienez 4.000 milioi eurokoa izango dela ziurtatu du Espainiako Bankuak.

ZER DIRA ZORU KLAUSULAK?



Euriborraren jaitsiera bizkorrari aurre egin eta beren irabaziak ziurtatzeko Espainiako bankuek bere etxebizitzetarako maileguetan asmatutako klausula batzuk dira. 2009an hasi ziren ezartzen, krisi ekonomikoari aurre egiteko banku zentralek interes tasak hondoratu zituztenean. 2008ko irailean, Lehman Brothersen porrotak ekonomia seko geratu aurretik, %5,384an zegoen Euriborra, etxebizitzak erosteko maileguetan gehien erabiltzen den indizea; urtebete geroago, %1,261 baizik ez. Jaitsiera horrek beren irabazi tarteak txikitzen zituenez, bankuek zoru klausulak asmatu zituzten, bezeroei gutxieneko interes tasa bat ezartzeko. Klausula horren ondorioz, milioika bezerok ezin izan diote probetxurik atera Euriborraren amiltzeari —negatiboan zegoen atzo,-%0,080an alegia—. Bezero batzuek %4,5eko zoru klausulak ere ordaindu zituzten, baina ohikoagoak izan ziren %2 eta %3 artekoak. Hego Euskal Herrian eta Espainian indarrean dauden hamar milioi hipoteka maileguetatik hiru milioi inguruk izan dituzte zoru klausulak, eta bezeroentzat gainkostua 3.000 eta 6.000 milioi artekoa izan da. Horietatik bi milioi leudeke oraindik indarrean.

LEGEZKOAK DIRA?



Legezkoak izan ziren Espainiako Auzitegi Gorenak klausuletan gehiegikeriak izan zirela ebatzi zuen arte, 2013ko maiatzean. Berez, Gorenak argitu zuen klausulak ez direla legez kontrakoak, betiere bezeroei ongi azaltzen bazaie zehazki zer diren, eta zein unetan ezartzen diren. Hau da, ez baziren soilik hizki txikiekin ezkutatuta azaltzen. Abusuzkotzat jo zituen, berriz, bezeroak haien arriskuaz espresuki abisatuta ez bazeuden. Inplizituki azken hori gertatu zela onartu zuten bankuek, ezin dutela erakutsi garden jokatu zutela. Gorenaren epaia iritsi eta gutxira zoru klausulak kendu zituen BBVAk bere mailegu berri guztietatik, eta berehala beste banku batzuek jarraitu zioten. Badira, ordea, klausulekin tematu direnak. Sabadellek ziurtatu du epaiak ez diola zuzenean eragiten, bere langileek ongi azaltzen dituztelako zer diren, eta horrela jokatuz gero legezkoak direla gogorarazi du. Aitortu du, ordea, bezero batzuekin banan- banan negoziatu duela klausula horiek kentzea.

BANKUEK DIRUA ITZULI ZUTEN?



Epaiaren ondoren gehiegi kobratu zutena baizik ez. Gutxi gorabehera mila milioi. Hau da, bezeroek maileguetan ordaindu zutena, Euriborra gehi diferentziala kenduta. Baina, bankuen pozerako, Gorenak ez zion atzerako eragina eman epaiari; hortaz, bankuek ez zuten itzuli behar izan epaiaren aurretik bezeroek ordaindutako gainkostua.

ZER DIO LUXENBURGOKO AUZITEGIAK?



Auzitegi Gorenak atzerako eragina ez ezartzea zalantzagarria iruditu zitzaien kaltetuen abokatuei eta Europako Batzordeari, eta afera Europako Batasuneko Justizia Auzitegira iritsi zen, Luxenburgora. Epaitegi horrek argi utzi du zoru klausulengatik ordaindutako dirua oso-osorik itzuli behar zaiela engainatutako bezeroei.

ZENBAT DIRU DA?



Espainiako Bankuak kalkulatu du 4.100 milioi euro izango direla. Baina beste iturri batzuek faktura5.000 milioira arte igo dute. Baliteke azkenean txikiagoa izatea faktura, Gorenaren epaia iritsi zenetik bankuek neurriak hartu dituztelako itzuli beharreko kopurua gutxitzeko. Dozenaka edo ehunka mila mailegu kontratu negoziatu dituzte beren bezeroekin, eta zoru klausulen ordez beste baldintza batzuk finkatu dituzte. Bankuekin akordioa lortu duten bezeroek ezingo dute justiziara jo diru esker. Cinco Días egunkariak finantza erakundeen iturriak aipatuz kaleratu duenez,zoru klausula zuten bezeroen %60-%80k interes finkoko maileguak dituzte orain. Azken bi urteotan, interes finkoko maileguak bultzatzen aritu dira bankuak, interes aldakorrak behe-behean zeudela ikusita. Hori bai, aurretik ez bezala, interes erakargarriagoak eskaintzen dituzte orain, %2 eta %3 artekoak. Ipar Euskal Herrian, interes finkoko maileguak dira ohikoenak.

ZER DIOTE BANKUEK?



Presio egiteko, iradoki izan dute kontrako epai batek arriskuan jarriko lukeela Espainiako banku sistema osoa. Tesi horrekin bat egin du Espainiako Gobernuak, eta horregatik arindua hartu zuen EBko abokatuak atzerako eraginaren aurka egin zuenean. «Epaia orekatua izan da», esan zuen orduan Rafael Catala Justizia ministroak. Orain, ordea, Luxenburgoko epaiari garrantzia kendu nahian dabiltza, eta ordaintzeko arazo berezirik ez dutela izango diote, dirua baztertu dutelako balizko kontrako epai bati aurre egiteko. Merkatuek zalantza batzuekin hartu dituzte adierazpen horiek. Atzoko saioan, erorketa ikusgarriekin hasi zuten eguna bankuen akzioek, baina itxieran %1ean geratu zen erorketa. Salbuespena Banco Popular izan da (-%5,8), ahulena Espainiako bankuen artean.

ZENBAT DIRU ITZULIKO DU BANKU BAKOITZAK?



Goldman Sachsen azterketa baten arabera, BBVAk itzuli beharko du diru gehien (1.815 milioi); Bilbon sortutako bankuak, ordea, zehaztu du 404 milioi baztertuko dituela erreklamazioei aurre egiteko, eta diru hori 2016ko irabazietatik kenduko duen arren ez diola eragotziko gutxieneko kapital eskakizunak betetzea. Popularrek kalkulatu du 334 milioi itzuli beharko dizkiela bere bezeroei, 150 milioi Unicajak, eta 83 milioi Liberbankek.

Agiri baten bidez, Laboral Kutxak nabarmendu du EBko auzitegiak ez dituela zoru klausulak debekatzen, eta auzitegietan helegiteak bizirik daudela. Edonola ere, azaldu du bere hipoteka maileguen %1,5ek soilik dituztela—Ipar Kutxatik oinordetzan hartutakoak—, eta horiek kitatzeak 9,9 milioi kostatuko litzaiokeela. «Estaldurak direla eta, ebazpenak ez du aurtengo emaitzen aurreikuspena aldatuko».

Kutxabankek azaldu izan dugehientsuenak Caja Surretik hartutakoak direla. Kordobako bankuan izan daitezke arazoak, mozkin txikiak agian ez zaizkiolakonahikoak izango gainera datorkionari aurre egiteko. Bere lantaldea txikitzeko aurten indarrean jarri duen erregulazio espedientea gogortzea ekar dezake horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.