Mausoleo frankistan, hilotzak ere gatibu

1936ko kolpea goratzeko eraiki zuten Madrilgo Erorien Harana. Monumentua bete ezinik, ordea, han hobiratu zituzten 12.000 errepublikanoren hilotzak ere. Ordutik, behin bakarrik onartu du Espainiak mausoleoa irekitzea: 1980an izan zen, eta Nafarroako hainbat herritako 133 gorpu atera zituzten handik.

Ion Orzaiz.
Lodosa
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ilun eta hotz daude Erriberako bazterrak goizaldean. Lehen eguzki errainuek ez dute oraindik zerua urratu, eta, ilargiaren azpian, zilarraren kolorea hartu dute lantzurdak estalitako soroek. Behe laino artean, lau puntu agertu dira, dirdiraka. Bi autobusen aurreko argiak dira. Ordu horietan, haientzako bakarrik dute errepidea. San Adriandik (Nafarroa) atera dira 05:00etan, eta ia sei orduko bidaiaren ostean heldu dira Madrilera. Autobuseko leihoetatik ikusi dute helmuga markatzen dien harrizko gurutze handia. Erorien Haranean daude, Francoren eta Primo de Riveraren hilotzak gordetzen dituen mausoleo erraldoian, aurretik inork egin ez duen zerbait egiteko: hilobia ireki eta handik 133 fusilatu errepublikanoren gorpuak ateratzeko. Bukatzear da Itzulera operazioa.

1980ko otsailaren 18a zen. Bederatzi herritako familiak zihoazen bi autobus horietan: Allo, Azagra, Corella, Iruñe, Larraga, Lodosa, Los Arcos, Mendabia eta San Adriango biztanleak. Espainiako Gobernuko ordezkariekin hitzordua egina zuten El Escorialen, gorpuzkiak hobitik atera eta Nafarroara eramateko. Oroimen historikoaz hitz egitea tabua zen garaian, ezinezkoa zirudiena egin zuten 133 errepublikano eta ezkertiar horien senideek. Ez zen, baina, prozesu samurra izan.

Adituen arabera, Erorien Haranean ia 34.000 gorpu daude lurperatuta. Horietatik bi heren frankistenak dira. Gainontzekoek ezezaguna etiketa daramate. Identifikatu gabeko errepublikanoak dira. Frankismoak hildakoak, frankismoaren omenezko monumentuan preso. Krimenaren gainean, iraina.

1978an hasi ziren Nafarroako hobiratuen familien eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak. Ordura arte, ez zekiten gorpuak Madrilen zeudenik ere. «Ez genuen arrastorik ere; inork ez zigun baimenik eskatu gorpuak El Escorialera eramateko, ezta abisurik txikiena eman ere», gogoratzen du Ana Mari Egizabal lodosarrak. Guardia Zibilak hil zituen haren aita eta osaba, Tomas eta Luis Egizabal, 36ko estatu kolpea hasi eta egun gutxira. Ez ziren milizianoak, ezta kargudun publikoak ere, nekazariak baizik. «Errepublikaren alde egotea, hori izan zen euren delitu bakarra».

Hasiera batean, Muniaingo errepide ertzean lurperatu zituzten, baina, 1958. urtean, gorpuak ebatsi eta Erorien Haranera eraman zituen Guardia Zibilak, Erriberako beste dozenaka fusilaturekin batera. Propio egindako hilkutxak erabili zituzten horretarako. Bosna hilotz, kutxa bakoitzean.

«Gure senideen gorpuak Madrilen egon zitezkeela esan zigun Terencio Ruiz izeneko lagun batek, bere aitaren hezurrak ere toki horretara eraman zituztelako», dio Egizabalek. Ruizek berak egin zituen lehen peskizak, eta, gorpuak Erorien Haranean zeudela baieztatuta, Itzulera izeneko operazioa abiarazi zuten: hainbat bilera klandestino egin zituzten Espainiako Gobernuko eta UCD alderdiko goi kargudunekin. Senideen ordezkari gisa, Terencio Ruiz eta beste bi errepublikano joan ziren Madrilera: Claudio Gainza eta San Adriango alkate Jose Antonio Ruiz.

Azken urteetan, Espainiako zenbait hedabidek Adolfo Suarezen eskuzabaltasunaren keinu gisa aurkeztu dute Nafarroako 133 gorpuak hobitik atera izana. Oso bestelako kontakizuna egiten dute, baina, garai hartako lekukoek: «Hasieratik ezetz eta ezetz. Erorien Haraneko mausoleotik gorpuak ateratzeko trabak jarri besterik ez zuten egiten gobernukoek, hilobiak eta eraikina bera oso egoera txarrean zeudela argudiatuta», azaldu du Egizabalek.

Nafarroako ordezkariek, ordea, ez zuten amore eman, eta ate guztiak jo zituzten. «Gobernuak ezezkoa emanda ere, Madrilgo Gotzaintzara jo zuten, eta hor ere bizkarra eman zietenean, hordagoa jo zuten: gorpuak ateratzeko baimena eman ezean, auzia argitara aterako zutela ohartarazi zuten. Eta hara non, mehatxuen aurrean, Espainiako Gobernua kikildu egin zen».

Inflexio puntua izan zen hura negoziazioetan, Espainiak ez baitzuen frankismoaren gehiegikeriak haizatzeko batere gogorik; are gutxiago, eredugarri gisa aurkeztu nahi zuten trantsizio baten erdian. Hortaz, Suarezen gobernuak baiezkoa eman zion 133 gorpuak Erorien Haranetik ateratzeari. «Baldintza bakar bat jarri ziguten: ahoa itxi eta afera honi buruz inori ezer ez kontatzea», gogoratu du Egizabalek.

Halaxe egin zuten. Isilpean, bi autobus alokatu eta Madrilera joan ziren errepublikano nafarren senideak. Erorien Haranean, zain zuten Javier Tusell, Espainiako Kultura Ministerioko Museo, Artxibategi eta Ondare Artistikoko zuzendari nagusia. 12:00etan, meza egin zuten hango basilikan, fusilatuen omenez. Mausoleoa zaintzen duten monje beneditarrek uko egin zioten elizkizunetan parte hartzeari, eta, haien ordez, Nafarroatik propio joandako apaiz batek eman zuen meza. «Hori izan zen egun hartako oroitzapenik garratzena; gure senideen omenezko meza Francoren hilobiaren aurrean egin behar izan genuela», dio lodosarrak, malenkoniaz.

Elizkizuna bukatuta, bidean jarri ziren berriz. San Adrianen banandu zen taldea, eta familia bakoitzak bere herriko hilerrira eraman zituen gorpuzkiak. Hurrengo egunetan, hileta eta omenaldi ugari egin zituzten. «Aspaldiko zorra kitatu ahal izan genuen azkenik».

Senide guztiek, ordea, ezin izan zuten pisu hori gainetik kendu, eta Itzulera operaziotik 37 urte igaro diren arren, familia horietako askorentzat, amesgaiztoa ez da oraindik bukatu.

Galdutako 52 iruindarrak

Misterioak lainotzen du Erorien Haranean hobiratutako 133 nafarren hilotzak erreskatatzeko operazioaren azken zatia. 1980ko otsailaren 19rako, etxean ziren jada Erriberako errepublikanoen gorpuak. Iruñekoei, ordea, arrastoa galdu zitzaien. Guztira, 52 gorpu dira gaur egun desagerturik segitzen dutenak: Valcalderako sarraskian hil zituztenak, hain zuzen.

1936ko estatu kolpearen hurrengo egunetan atxilotu, eta Iruñeko kartzelan sartu zituzten. Urte horretako abuztuan, ordea, libre utziko zituztela jakinarazi zieten: «Ez beldurrik izan. Egun gutxiren buruan, gerra egonkortzen denean, etxera joanen zarete. Matxinadagatik atxilotuak izan zirenek soilik jarraituko dute preso. Gainerakoak, etxera», esan zien Benito Santesteban karlisten buruak. Euforia piztu zen Iruñeko kartzelan. Gezurra zen, ordea.

Kartzelatik aterata, eskuburdinak lotu eta ondoan aparkatuta zeuden kamioietara igoarazi zituzten preso errepublikanoak. Cadreitara eraman zituzten, Valcaldera izeneko korta batera. Han, zain zuten falangistaz, karlistaz eta apaizez osatutako segizioa. Hamarnako taldetan banatu zituzten presoak, eta apaizen aurrean bekatuak aitortzera behartu. Une horretan, eztabaida piztu zen falangista eta karlisten artean: batzuek uste zuten errepublikanoak konfesatu gabe exekutatu beharko lituzketela; besteek ezin zuten halakorik onartu. Konfesatu zituzten, azkenik. Eta, gero, fusilatu.

53 presoen artean, bakar batek lortu zuen ihes egitea: Honorino Artetak. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta, handik, Frantziara. Gainontzekoei Valcalderan bertan lur eman zieten hasieran, eta, 1959. urtean, gorpuzki guztiak atera eta Erorien Haranera eraman zituzten.

Espainiako Gobernuaren agirien arabera, Nafarroatik joandako senideei eman zizkieten hilkutxak. Gorpuzkiak, ordea, ez ziren Iruñeko hilerrira iritsi. «Fusilatu iruindarren familien izenean, bi ordezkari joan ziren Madrilera, 1980ko operazio hartan», azaldu du Nafse36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Jokin de Carlosek: «Madrildik itzultzean, San Adrianen gelditu ziren bi autobusak, eta, handik, familia bakoitzak bere bidea hartu zuen. Bada, Iruñekoekin inork ez daki zer gertatu zen».

Senideen beldurrak eta instituzioen opakutasunak zurrunago bihurtu zuten isiltasun errezela. «Iruñeko bi senide horietatik bat hilda dago jada, eta besteak ez du gertatutakoaz hitz erdirik ere esan nahi», gaineratu du De Carlosek. Nafse36 elkarteak ahaleginak eta bi egin ditu azken urteetan, misterioa argitzeko, baina, oraingoz, lan horrek guztiak ez du fruiturik eman: «Sekulako ikerketa egin dugu, Erorien Haranean hilobiratu zituzten gainontzeko fusilatu nafarren herrietan ere galdetu dugu, hilerriak miatu, senideei galdetu... Hala ere, boluntarioak gara, eta muga handiak ditugu gisa horretako lan bati ekiteko. Horregatik, laguntza eskatu diegu Nafarroako nahiz Espainiako administrazioei, eskura duten informazio guztia argitara eman dezaten».

Hain zuzen, Espainiako Gobernuak auzi honetan izandako jarrera «koldarra» salatu du De Carlosek: «Nafarroako errepublikanoen hilkutxak kriptatik atera zituzten egunetik gaurdaino, ezinezkoa izan da Erorien Haranetik gorpuzki gehiago ateratzea, Madrilek ez duelako baimentzen. 37 urte eman dituzte familien borondateari bizkarra emanda. Horrek agerian uzten du trantsizioa iruzur hutsa izan zela, eta instituzioek, oraindik orain, lehenetsi egiten dutela frankismo zaharraren nostalgia, biktimen eskubideen gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.