PUNTUZ PUNTU

2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gaixotasun ezohikoen inguruko hainbat jakingarri:

Ez ohikoak, baina ez urriak. 10.000 biztanleko bost laguni baino gutxiagori erasaten dieten gaixotasunek hartzen dute ezohiko edo arraro abizena. Ezezagunak dira horregatik sarritan, eta, ondorioz, diagnostikatzen eta tratatzen aski zailak. Arazoa da eritasunak urri hedatuta badaude ere asko direla 7.000 gaixotasunetik gora, adituen arabera, eta, ondorioz, gaixoen kopurua ez dela hain apala; Hego Euskal Herrian egindako kalkuluen arabera, 80.000 bat dira. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, populazioaren %7ari erasaten diote patologia klase horiek. Tankera asko dituzte. Klase askotako eritasunak dira; ondorio fisikoak, kognitiboak edo portaerarekin lotutakoak izan ditzakete. Gaixotasunen %65 larriak dira, eta pazienteen gaitasunak urritzen dituzte. Pazienteen %70 inguruk gaitasungabetzea onartzen dien ziurtagiriren bat dute, baina asko ez daude ados horretan onesten zaien gaitasungabetze mailarekin; iruditzen zaie, gaitza ongi ez ezagutzearen ondorioz ez zietela ongi ebaluatu prozesuan parte hartu zuten osagileek. Gehienek behar dute laguntza motaren bat; hamarretik bat bakarrik moldatzen da bere kasa.

Diagnostikoa, kostata. Erien elkarteek emandako datuen arabera, pazienteek batez beste bost urte behar izaten dituzte diagnostiko bat izateko. Bost pazientetik batek hamar urte behar izaten ditu. Askotan, umetxoak izaten dira, eta, diagnostikorik gabe, asti aski baliotsua galdu ohi da eritasuna tratatzen hasteko. Hain justu, gaixotasunen hirutik bi umetan agertzen dira, haurrek 2 urte bete aurretik.

Tratamendua, ez beti. Hainbat ikerlanen arabera, pazienteen %40k ez dute gaixotasuna tratatzeko tratamendurik; %26k badute, baina ez da egokia haientzat. %72ek diote inoiz edo behin sentitu dutela ez dituztela behar bezala artatu; kexa ohikoa izaten da, esaterako, zer duten asmatu ezin, eta, arazo psikosomatikoak direlakoan, psikologoarengana edo psikiatrarengana bideratzen dituztela eriak osagileek.

Bazterkeria. Gaixoen %75ek nolabaiteko bazterkeria sentitu dute gaixotasunaren ondorioz. Aisialdian eta osasun artan %32k; hezkuntzan %30ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.