Erreka urez gainezka dator

Gazte talde batek Gasteizko Errekaleor auzoko 26. zenbakia duen etxea okupatu zuen orain urtebete. Geroztik, erabat aldatu da hango bizimodua.

Gasteiz
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Leihoak adreiluz estaltzen dituzten bi langileez gain, ia ez dago arimarik Errekaleor auzoko kaleetan. Elizak itxita dauzka ateak, baita frontoiak ere, eta ez dago dendarik. Itxura zaharreko telefono kabina ez dago lekuz kanpo ingurune horretan». Hala deskribatu zuten egunkari honetan Gasteizko Errekaleor auzoaren egoera 2012ko urtarrilean. Ia hiru urteren ostean, argazkia erabat aldatu da. Egun Gasteizko auzorik bizienetakoa da Errekaleor. Pilotalekua, gizarte etxea eta zinema irekita daude, eta, gainera, azken urteetako bizilagun kopururik handiena du auzoak, eta gehienek 25 urte baino gutxiago dituzte. Iazko irailean, gazte talde batek 26. zenbakian dagoen etxea okupatu zuen, eta geroztik bide bera hartu dute beste hainbatek. «Gutxi gorabehera 70 bat lagun bizi gara auzoan, eta etxe jabeak hogei bat baino ez dira», esan du Asier Agirrek, abuztuan Errekaleorrera bizitzera joandako gazteak. Idortutako errekak berriro ere ura dakar.

1950eko hamarkadan eraiki zuten Errekaleor auzoa, bizitzeko tokirik ez zuten beharginentzat. Arabako hiriburuan industria garatzen ari zen, eta milaka lagunek hara jo zuten lan bila. XX. mendearen bukaeran auzoa hustuz joan zen, hango biztanleak Gasteizko beste auzoetara mugitu baitziren. Gasteizko Udalak 2002an erabaki zuen auzoa eraistea, etxe berriak egiteko. Baina auzokideen erresistentziarekin topo egin zuen. Batzuek onartu zuten alde egitea, baina askok ez. Bost urte geroago, lanetarako dirurik ez zuelako, udalak behin-behinean utzi zuen Errekaleor botatzeko asmoa.

Auzoa sortu zenetik hirurogei urte baino gehiago pasatu dira, eta bizilagun olatu berria jaso du. Kasu honetan, egoera aldatu bada ere, etxebizitzaren beharrak eraman ditu gazteak Errekaleorrera. «Ikasle asanbladan ezagutu genuen elkar, eta frustrazio bat genuen. Ikasle mugimenduan ibiltzen ginen, baina errealitatearekin topo egiten genuen. Unibertsitateko matrikulaz gain, etxearen alokairua ordaindu behar genuen», dio Ane Goitiak. Hark lan egiten zuen, baina ezin zien gastu guztiei aurre egin. Beraz, gurasoei laguntza eskatu behar zien: «Kristoren dirutza da». Goitia iazko irailean joan zen Errekaleorrera bizitzera. Agirre, ordea, proiektua ezagutu ostean joan zen auzora. «Ezagunak nituen bertan. Auzoan gertatzen zena jarraitzen genuen. Beraz, sei edo zazpi lagun batu, eta abuztuan sartu ginen».

Goitiak eta Agirrek unibertsitatean ikasten dute, baina badira bestelako inguruetatik etorri direnak ere. «Gasteizko Okupazio Bulegoarekin harremanetan gaude, eta handik hainbat jende etorri da. Apiril bukaeran, San Frantzisko kalean zegoen etxe okupatua hustu zuen Ertzaintzak, eta auzora etorri ziren», azaldu du Goitiak. «Horiez gain, uda bukaeran etxerik gabe geratu den familia bat ere etorri da, eta lana galdu ostean etxeko alokairuari aurre egin ezin dion lagun bat ere bai».

Norbere etxea atontzeaz gain, auzoan lan egiten dute bizilagun berriek. Gizarte etxea ireki eta baratzea martxan jarri dute. Auzoko taberna oraingoz itxita dago, baina aurreikusia dute abian jartzea. Frontoia erabiltzeko aukera badago ere, teilatuan bi zulo daude, eta ura sartzen da; hori konpontzea egitekoen zerrendan dute. Zineman ere hainbat ekitaldi egin dituzte, baina argiarekin arazoak dituzte. «Iaz igandero ipintzen genituen filmak. Kontzerturen bat ere egin dugu. Baina argiarekin arazoak izan ditugu behin baino gehiagotan. Uste dut zinema ondoan bizi den auzokideak ez gaituela oso ondo hartu».

Gazteak ez dira auzoko azpiegiturak erabiltzen dituzten bakarrak. «Auzokideak zirenak bi tailer ematen dituzte gizarte etxean: eskulanak eta joskintza. Lagun kuadrilla moduko bat dira. Beti han batu dira, eta, giltzak dituztenez, biltzen jarraitzen dute». Horrez gain, gazteek euskarazko aisialdi jarduerak bideratu dituzte inguruko auzoetako umeentzat. «Euskara elkarteek euskarazko aisialdi jarduerak antolatzen dituzte Gasteizko auzoetan. Olarizu ingurukoek galdetu ziguten ea hemengo gizarte etxean egin zitekeen horrelakorik, eta guk baietz esan genien», dio Agirrek.

Auzoko ekinbide guztiak martxan jartzeko, dirua behar dute gazteek, besteak beste, orturako materiala erosteko eta sarrerako muralerako margoa erosteko. Horregatik, beste ekintza batzuen artean, Gasteizko gaztetxeko osteguneko jarduera kulturalak kudeatzen dituzte. Ostegun honetan Bartzelona jaia egingo dute; hurrengo ostegunerako, berriz, bertso saioa prestatu dute.

Hori guztia antolatzeko, auzo batzarra egiten dute bizilagunek hilean behin. Gainera, ostegunero koordinazio bilerak egiten dituzte, lantaldeek euren lanaren eta beharren berri emateko. Bost lantalde dituzte: ortua eta elikadura; komunikazioa, kartelak eta sare sozialak kudeatzekoa; KOD kultura ostegunak eta diruzaintza; harremanak lantzeko lantaldea; eta autodefentsa, egoera juridikoa kudeatzeko. Norbaitek auzora bizitzera joan nahi baldin badu, batzarretara bideratzen dute.

Harremanen garrantzia

Elkarbizitza gogorra da sarri. Egun, Errekaleorreko auzo proiektuan ia 50 pertsonak parte hartzen dute, eta horrek zailtasunak dituela onartu du Agirrek. Horretaz ohartuta sortu zuten harremanak lantzeko lantaldea. «Ikusi genuen tentsio handia zegoela proiektuan geundenon artean, hainbat gairen inguruan iritzi ezberdinak genituelako. Horri aurre egiteko, martxan jarri genuen harremanen taldea. Haien lana da gure artean sortzen diren arazoak identifikatzea eta horiei aurre egiteko dinamikak antolatzea».

Batzar handietan ez ezik, etxeetan sor daitezkeen gatazkak saihesteko neurriak hartu zituzten aspaldi 26. zenbakiko etxean. «Bi astean behin sentimendu bilera egiten dugu, elkarbizitzan gerta daitezkeenak lantzeko eta hobeto eramateko», azaldu du Goitiak. Halere, Goitiak uste du auzokide berrien artean talde izaera handia dagoela unean-unean gerta daitezkeen arazoen gainetik. «Denok ezagutzen dugu elkar. Batekin bestearekin baino hobeto konponduko zara, baina, zerbait gertatzen denean, denok agertzen gara, auzokoak garelako».

Errekaleorren aurretik zeuden auzokideekin, oro har, harreman ona dute. Hasieran, auzokide asko ez ziren fio gazteekin, baina, eguneroko lanarekin eta jarrerarekin, haien konfiantza irabazi dute, Goitiak berretsi duenez: «Betiko auzokideekin dugun harremana informala da. Kalean topatuz gero, elkar agurtu eta hitz egiten dugu, edo zerbait behar badute, etxeko txirrina jotzen dute».

Lege egoera

Gaur egun, auzokideak bi epaiketatan murgilduta daude. Auzokide historikoek administrazio auzitegian daukate auzia udalarekin, euren etxeko tasazioa igotzeko. «Udalak ez die etxea beste baten truke aldatzen. Prezio bat jartzen die etxeei, eta diru hori ematen die. Egun, 90.000 eurokoa da prezio finkatzea, eta hori igo nahi dute auzokideek», dio Agirrek. Epaiketa eguna gertu dagoenez, auzokideek ez dute BERRIArekin hitz egin nahi, zer gerta ere.

Errekaleorreko 26. zenbakiko gazteek, ordea, 21 Zabalgunea udal enpresarekin dute auzia. Udal ordezkariek osatutako kontseiluak hartzen ditu enpresaren erabakiak; EAJk, PSEk eta Bilduk hiruna ordezkari dituzte, eta PPk lau, alkatetza haren esku dagoelako. Gazteak, PPrekin izan ezik, beste alderdi guztiekin bildu ziren 21 Zabalguneak salaketa jarri baino lehen. «Bilduk esan zigun salaketaren aurka bozkatuko zuela, eta PSEk, oposiziotik abstenitu egingo zela; EAJ zalantzan zegoen, baina, azkenean, bozketa baino pixka bat lehenago deitu ziguten, esateko salaketaren alde bozkatuko zutela, eurek auzorako proiektu bat zutelako», gogoratu du Goitiak. Beraz, aurrera egin zuen Errekaleor 26 etxearen aurkako salaketak. Irailaren 9an zuten lehen saioa, baina urriaren 21era arte atzeratzea lortu zuten. Epaiketari begira, bi aukera aurreikusi ditu Goitiak: «Hauteskundeen aurretik bota nahi bagaituzte, azkar egingo dute. Bestela, prozesua asko luza daiteke, hurrengo udalak zer egin erabaki arte».

Zalantzazko etorkizuna dute Errekaleorreko auzokide gazteek. Hala ere, auzo proiektuarekin jarraituko dute. Hasieran batzuek okupatzeko hautua arrazoi ekonomikoengatik egin bazuten ere, egun bizimodu horrekin jarraitzeko beste mila arrazoi dituzte, Agirrek dioenez: «Gure bizitzaz jabetzea da, hainbat esparrutan galdu dugun jabetza berreskuratzea, hala nola etxebizitzan, kulturan eta elikaduran. Gure bizitzak gidatzen dituzten lerro horiek guk geuk definitzeko saioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.