Arrain bazterketa, itsaspean

EBk debekatu egin du nahi ez diren arrainak ontzitik itsasora botatzea. 2019tik aurrera, porturatu egin beharko dira arrain txikiegiak ere, baina ezingo dira saldu giza kontsumorako. Sektorea eta Azti sare selektiboak sortzeko ikertzen dabiltza, arrain gazteak ontziratu aurretik baztertzeko.

Arrain bazterketa, itsaspean.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Sareak ez du bereizten. Arrasteko arrantzontziek, itsas hondoan sarea arrastaka eramaten dutenean, parean gertatzen zaien guztia harrapatzen dute: nahi diren arrainak eta nahi ez direnak, krustazeoak, algak... Behin sarea itsasontzian hustutakoan, orduan baztertzen dituzte interesatzen ez zaizkien arrainak —tamaina edo espezieagatik porturatzea eta saltzea debekatuta dagoelako, edo saltzeko errentagarriak ez direlako—, eta kareletik behera botatzen dituzte, itsasora. Baina arrain bazterketa hori debekatu egin du Europako Batasunak, eta lege berrira moldatzeko beharrez dago arrantza sektorea. Hori dela eta, ikerketa betean murgilduta dabiltza arrasteko arrantzaleak eta Azti-Tecnalia, MenDes proiektuarekin. Arrain bazterketa ontzigainetik itsas hondora eraman nahi dute: sare selektiboak sortzeko ahaleginean dabiltza, arrantzatu nahi ez dituzten arrainei urpean bertan ihes egiten lagako dieten sareak.

Erlojuaren kontrako ikerketa bat da, neurri batean. Izan ere, 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean EBko legea, arrain bazterketa egitea debekatuko duena. Europako Parlamentuak eta Batzordeak 2013an ezarri zituzten oinarriak legedi berrirako, nahi ez diren arrain gutxiago harrapatzeko. Legea apurka-apurka ari da indarrean sartzen 2015az geroztik, eta erabateko indarraldia izango du datorren urteko urtarriletik aurrera.

Aurrerantzean, arrantzaleak behartuta egongo dira nahi ez arren arrantzatutako espezie guztiak sailkatu eta lehorreratzera. Behin lehorreratuta, portuan erregistratu egin beharko dituzte baztertutako arrainak: hartara, Bruselaren asmoa da kontrolatzea eta jakitea zenbat arrain baztertzen den eta zenbaterainokoa den arrantzagatiko arrainen heriotza tasa. Izan ere, bazterketari buruzko orain arteko kopuruak estimazioak baino ez dira.

Bada, itsasontzian bazterketarik egin beharrik ez izatea da euskal arrantza sektorearen helburua,edo, behintzat, ahalik eta txikiena izatea bazterketa. Funtsean, arrantza selektiboagoa egin nahi dute arrasteko arrantzaleek, hain zuzen ere hautaketa gutxieneko teknika darabiltenek.

Sareak, ihesbidearekin

Itsasontziak popatik askatzen du inbutu edo kono formako sarea, itsas hondoa jo arte, eta arrastaka mugitzen du. Sareak pisu batzuk izaten ditu, hondoan mantentzeko, baita flotagailu batzuk ere, sarearen ahoari zabalik eusteko. Sareko lastek itsaspeko lurra iraultzen dute, eta hondarpean dauden arrainak altxarazi. Batez ere legatza, zapoa, mihi arraina, oilarra, perlita eta txitxarroa harrapatzen dituzte. Ez da batere sistema selektiboa, eta kaltea eragiten dio itsas hondoko ekosistemari.

Arazoaren muinera jo nahi du Aztik: «Arrasteko teknika moldatu nahi dugu, nahi ez ditugun arrainak ez arrantzatzeko». Horretarako, Aztik proposatu du arrasteko sarearen atzeko aldean, arrain guztia elkartzen den tokian, gailu batzuk jartzea: «Iheserako atakak, arrain batzuk saretik atera ahal izateko».

«Ez da erraza; erronka bat da proiektu hau», azaldu du Esteban Puentek, Aztiko Arrantza teknologia jasangarrirako ikertzaileak. Hainbat sistemarekin ari dira probak egiten. «Sare begi karratuko panelak probatzen ari gara, adibidez. Arrain txikiak ateratzeko aukera handiagoa ematen du erronbo formako sare klasikoak baino. Eta erronka da sare barruan arraina ihes ataka horietara bideratzea».

Edozelan ere, arrasteko sistemak bere horretan jarraituko luke, itsas hondoko lurra irauliz, nahiz eta arrain txiki gutxiago harrapatu. «Ezin dugu aldaketa erradikalik egin. Apurka-apurka goaz aurrera». Zerbait sofistikatua egin behar dela dio Puentek: arrain gazteak ez harrapatzea erraza litzateke sarearen inbutu amaieran sare begi zabal-zabalak jarrita; alabaina, horrela, merkaturatu nahi dituzten arrain asko ere galduko lituzkete.

Arrain espezie bakoitzak sare barruan daukan portaera aztertzen ari dira, gailu fisiko bat garatu ahal izateko ale txikien ihesa errazteko. «Soluzio ezberdinak probatuko ditugu datozen hilabeteetan, arraina aipatutako panel horietara bideratzeko».

Zelan gidatu arrainak? «Saretak edo burdin sareak probatu ditugu sare barruan, arraina paneletara eramateko, baina espezie bakoitzak era batera erantzuten du», esplikatu du Puentek. Bestelako proba batzuk ere egin dituzte: «Argiak erabili ditugu, arrainak ihes ataketara erakartzeko, baina, oraingoz, ez du funtzionatu. Probatzen jarraitu behar dugu». Urteak daramatza Aztik ikerketa lerro horrekin, eta, EBko lege berriaren harira, indartu egin da ikerketa. Baina esplorazio fasean daude oraindik.

Bazterkinak, portura

Sektoreak argi ikusi du soluzioak eta alternatiba bideragarriak bilatu behar direla. «Ez da erraza, lege berriak erronka handiak ekarriko dizkiolako. Baina bidean gaude, arrantzan jarrai dezaten soluzioak bilatzeko bidean», nabarmendu du Puentek. Eta argitu du proiektuak ez duela zerikusirik Herbehereetan sektoreak planteatutako arrantza elektrikoekin. Sare elektrododunen teknika hori erabat debekatzeko eskatu zuen Europako Parlamentuak duela hiru aste.

Gaur egun ontziek egiten duten arrain bazterketen kopurua oso aldagarria dela azpimarratu du Puentek. Ez dago datu ofizialik, eta portzentajea asko alda daiteke arrantza teknikaren, arrain espezieen, eremu geografikoaren eta arrantza garaiaren arabera. Harrapatutakoaren %10etik %60ra bitartekoak izan daiteke bazterketa kasurik muturrekoenean.

Egoera hori iraultzeko jarri dute martxan MenDes proiektua hiru erakundek, elkarlanean: Aztik, OPPAO Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Elkarteak eta Opromar Galiziako Marin Portuko Arrantza Freskoko Elkarteak. Espainiako Arrantza Ministerioak finantzatzen du proiektuaren zati handi bat, eta horregatik hartu behar izan dute parte bi autonomia erkidegotako arrantza elkarteek. OPPAOk, hain justu, Ondarroako 18 arrasteontziak ordezkatzen ditu; hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan geratzen diren guztiak.

Arrasteko itsasontziek beste teknikak erabiltzen dituztenek baino arrain gehiago baztertzen dituzte, eta, hortaz, legeak gainontzekoei baino gehiago eragingo die. Puentek legatza jarri du adibide: «Orain arte, arrain txikiegiak baztertu egin behar ziren; ezin ziren porturatu. Aurrerantzean, aldiz, legatz txiki horiek portura eraman beharko dituzte. Baina kontua da debekatuta daukatela pertsonen kontsumorako saltzea».

Arrain horri beste aterabide bat topatu beharko zaio, baina, teorian, ezingo luke negozio bat sortu; horrek, era berean, arrain gazteen arrantza sustatuko bailuke. Aukeretako batizan daiteke arrain irinetarako erabiltzea, animalien pentsuetarako.

Edonola ere, Aztiko teknikariak azaldu duenez, nahi ez diren arrainak harrapatzeak «eragozpen handiak» eragingo dizkie arrasteko arrantzaleei aurrerantzean. Bazterketa egitea erraza zen: nahi zuten arraina gordetzen zuten, eta gainontzeko guztia itsasora botatzen zuten, hartaz arduratu barik. «Orain, ostera, prozesatu egin beharko dituzte arrain guztiak, bereizi, kaxatan jarri, pisatu... Lan gehigarri bat da itsasontzietan».

Baina ez al dago arriskurik paradoxa gertatzeko? Ez ote luke errentagarri bihurtuko legez kanpoko arrainen arrantza, lan karga gehigarria ekarri arren? «Teorian ez, eta, segur aski, EB gertutik zaintzen egongo da hori gerta ez dadin», Puenteren ustez. «Arrain guztia prozesatzeak lanerako denbora kenduko die, eta, ondorioz, sarea nahi baino gutxiagotan bota ahal izango dute uretara. Azken batean, arrantzaldi bakoitzeko diru sarrerak txikituko zaizkie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.