Kimua, iparraren bila

Haur Hezkuntzako 0-3 urte arteko zikloa eztabaidagai da azkenaldian: matrikulazioen gainbehera, doakotasun eskariak, leku banaketan desorekak, eskaintza publikoaren eta pribatuaren arteko harremana... Derrigorrezko hezkuntzatik at, sektorearen egoera aztertzeko eskatu dute eragile batzuek.

Kimua, iparraren bila.
Jon Rejado.
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Eztabaida politiko betean sartu da Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloa: Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Espainiako Kongresuan... Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko mobilizazioen ardatzetako bat ere izan da. Zergatik, baina? Hainbat eragilek iradoki dute hezkuntza sistemaren geroa iragar dezakeela aldi horrek: 0-3 zikloa nora, hezkuntza hara. Egoera horren aurrean, Haur Hezkuntzako lehen zikloaren eskaintza publikoaren egoera aztertu, eta etorkizuneko erronkak zehaztu dituzte hainbat eragilek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere eskatu dio iritzia BERRIAk, baina ez du eman nahi izan.

FUNTZIOA

Adostasun handia dago 0-3 zikloari buruz eragileen artean: «Funtsezkoa da». Zaintzaren eremua gainditu egiten duela azaldu dute. Europako Batasunak, Unicefek, Save the Childrenek eta beste hainbat erakundek ere aurrez hori argudiatu dute: HHko lehen zikloa desberdintasun sozioekonomikoak saihesteko eta aukera berdintasuna bultzatzeko tresna bat da.

Aitor Idigoras Steilas sindikatuko kideak funtzio horiek ahalbidetzen dituzten arrazoiak xehatu ditu: «Klase ertain-baxuko familientzat oso interesgarria da ibilbide pedagogikoa ahalik eta goizen hastea: hizkuntzen esparruan lagungarria da, sozializatzeko garrantzitsua, haurrek beste eredu batzuk izan ditzaten...». Halaber, «emakumeen askatasunerako eta laneratzeko» baliabidea dela nabarmendu du, amak arduratu ohi direlako zaintzaz.

EH Bilduk zenbait proposamen egin ditu Eusko Legebiltzarrean, HHko lehen zikloaren eragin eremua zabaltzeko. Rebeka Ubera legebiltzarkidea hori egitearen izaera estrategikoaz mintzatu da. Aurreko arrazoiez gain, pobrezia arriskuan dauden sendiak atzematen laguntzen duela azaldu du: «Familia horiek zenbat eta gehiago eta lehenago atzeman, handitu egiten da esku hartze goiztiarrak abiarazteko aukera».

NOLA DAGO ARAUTUTA?

Egun, Haur Hezkuntzako etapa ez da derrigorrezkoa Euskal Herrian. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 3 urtetik aurrerako haurrak eskolatzea nahitaezkoa izango da 2019-2020ko ikasturtean, baina zikloa ez dago hezkuntzako legediaren barruan. Hego Euskal Herrian, «asmo hezitzailea» du 0-6 urteko aldiak. Iparraldean tokiko gobernuen finantzaketa jasotzen dute nagusiki; Hegoaldean, erkidegoek dute eskumena. Dena den, 0-3 zikloko eskaintza publikoa ez dago bateratua: eredu asko daude.

Nafarroan lau eskaintza publiko mota daude, Ander Domblas Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Ordenazio, Orientazio eta Aukera Berdintasun zuzendariaren esanetan. Kasuan-kasuan, finantzaketa modua aldatzen da, baina familien kuota berdina da beti. Horiez gain, 2 urteko umeentzako eskaintza dute eskola publiko zein pribatu batzuek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere zatituta dago 0-3 urte bitarteko eskaintza publikoa. 0-2 urte arteko umeentzat bi aukera daude: udalen haur eskolak eta Haurreskolak partzuergoa —Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta hainbat udalek osatuta—. 0-3 urteko zikloa eskaintzen duten haur eskola pribatuak ere badaude: diru laguntza publikoak jasotzen dituzte, baina itunik sinatu gabe. Itunpetzea 3-6 urteko aldian hasten da. Idigorasek egoera horretaz ohartarazi du: «Ez da itundutako finantzaketa bat. Hau da, ikastetxeek nahi dituzten baldintzak jar ditzakete: ikasleen onarpena, erlijio eskolak... Kuotak ere molda ditzakete, eskaintza publikoarekin lehian sartzeko».

KUOTEN ZENBATEKOA

Nafarroan hiru aldagai dituzte hileko zenbateko kuota ezarri zehazteko: familiaren errenta, kide kopuruarekin zatituta (hamar multzo bereizten dituzte); guraso kopurua (bat edo bi); eta eskolan emango dituen orduak (lau, sei edo zazpi ordu).

Irizpide horien arabera, bi gurasoko familia batek, bi umerekin eta 61.000 euroko errentarekin, 233 euroko kuota ordainduko du hilero, zazpi orduko zerbitzuagatik: hamar hilabeteko ikasturtean, errentaren %3,8. Ordu kopuru beragatik, bi guraso, haur bat, eta 31.000 euroko errenta duen sendi batek 122 euro ordaintzen ditu: hamar hilean, errentaren %3,9. Azkenik, guraso bakarreko familia batek, ume batekin eta 6.600 euroko errentarekin, 21 euroko kuota du: errentaren %3,1. Domblasek azaldu du matrikulen %15 daudela errenta atal apalenean. «Oraingoz kuota horiei eutsiko diegu, eragina neurtzeko, baina tarifak jaisteko konpromisoa dugu, aurrerago, aurrekontua nahikoa den heinean».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzu publikoaren kuotak ez daude bateratuta. Haurreskolak partzuergoak bi aldagai baliatzen ditu: ordu kopurua (bost edo zortzi orduko zerbitzua), eta «errenta estandarizatua», hiru multzotan banatuta. Errenta hori zehazteko hainbat aldagai aztertzen dituzte: errenta, familia eredua, mendekotasun egoerak, edota genero indarkeriaren biktimarik ote dagoen familian.

Hartara, partzuergoaren barruko eskoletan, bi gurasoko familia batek, bi umerekin eta 61.000 euroko errentarekin, 208 euro ordaintzen ditu hilero, zortzi orduko zerbitzuagatik: errentaren %3,4, hamar hilabetean. Bi guraso, haur bat eta 31.000 euroko errenta dituen familiak 180 euroko kuota du zerbitzu beraren truke: errentaren %5,8. Azkenik, ordu kopuru beragatik, guraso bakarreko sendi batek, ume batekin, eta 6.600 euroko errentarekin, 118 euro ordainduko lituzke: errentaren %17,8.

Uberaren iritziz, Jaurlaritzak ez du «benetako apusturik» egin alor horretan. Kuotak zehazteko irizpideak berriki aldatu ditu partzuergoak: familiei zuzeneko diru laguntzak ematen zizkien lehen, eta errenta estandarizatua baliatzen du orain. «Inbertsio handiagoa egin beharrean, familien laguntzak kendu, eta diru hori lekuz aldatu zuten». Gaineratu du egungo kuoten ondorioaz gizartearen zati handi batentzat zailagoa dela zerbitzua baliatzea. 0-3 zikloko matrikulazioen eta 3-6 ziklokoen arteko aldea «esanguratsua» dela azaldu du.

Idigorasek pauso bat gehiago eskatu du: doakotasunaren alde egitea. «Egungo ikasle kopuruarekin, doakotasuna berma daiteke hamar milioi euro jarrita, eta hori lehen zikloko eskaintza pribatuari ematen zaionaren erdia ere ez da». Erantsi du kontraesanezkoa dela pribatua diruz laguntzea, publikoan leku libreak dauden bitartean. Eusko Legebiltzarrak berriki eskatu dio Jaurlaritzari 18.000 euro azpiko errenta duten sendiei doan eskaintzeko partzuergoko zerbitzuak.

TOKIEN BANAKETA

Zaila da zehaztea zenbat toki dauden HHko lehen zikloan Euskal Herrian, eta horietatik zenbat dauden bete gabe. Edonola ere, «desorekak» daudela hausnartu dute eragileek. Nafarroan azterketa bat egina dute, eskaintza eta eskaria aztertzeko. Argi mintzatu da Domblas: «Aldeak ikusi ditugu: leku batzuetan, gelak ez dira betetzen, eta beste batzuetan, toki beharra dago». Hori zuzentzeko diru sail bat onartu dute, «ez bereziki handia».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere desoreka dago: ia 240 zentro ditu Haurreskolak partzuergoak, eta 8.600 leku, baina herenak hutsik daude, gutxi gorabehera. Gehienak landa eremuan egoten dira; aldiz, hiri handietako eskola batzuetan itxaron zerrendak daude. Bilbon, esaterako, 611 toki dituzte, eta horien %88 hartuta daude, Jone Unzueta Bilboko Udaleko Hezkuntza zuzendariak jakinarazitakoaren arabera. «Zorrozgoitin daude plaza libre gehienak, auzo bat delako, hirigunetik urrun». Leku kopurua aldakorra dela gaineratu du, partzuergoak zehazten dituelako tokian tokiko beharrak. Azpiegitura berriak zabaltzeko lanean ari da egun udala, Haurreskolak partzuergoarekin ituna sinatuta.

Kontrako egoera gertatzen da landa eremuko herri askotan. Kanpezuko zentroa (Araba), adibidez, ixtekotan egon zen ikasturte honetan, bi ikasle baino ez zirelako matrikulatu; gela bat zabaltzeko, gutxienez, hiru ume egon behar dira. Idoia Arenaza zinegotziak gogorarazi du «beharrik ez zuten bizilagun batzuei» eskatu zietela umea matrikulatzeko. Halere, esan du herrian umeak badaudela, baina ez dituztela matrikulatzen: zerbitzua doakoa izateak eta ratio malguagoek lagunduko luketela uste du.

Halaber, haur eskolek herrietan duten garrantzia nabarmendu du: landa eremua «bizirik» mantentzeko. «Ditugun zerbitzuak mantendu nahi ditugu, pertsona baten bizitza osoari heltzeko». Gainera, herrian dauden migratzaile atzerritarren seme-alabak integratzeko garrantzitsua dela erantsi du.

ETA ETORKIZUNEAN, ZER?

Idigorasek bi kezka jarri ditu mahai gainean, etorkizunera begira: zerbitzuaren «pribatizazio prozesu bizia», eta gune batzuetako ikastetxeetan gertatzen ari den «jatorri eta maila sozioekonomikoaren araberako segregazioa». Pribatizazio prozesua «agerikoa» dela hausnartu du. Azken urteetan ume gehiago matrikulatu dira 0-2 urteko eskaintza pribatuan, publikoan baino. Horren atzean «kuota handiak» eta administrazioen apustu garbirik eza dagoela uste du.

Horrez gain, ikastetxe pribatu batzuek ematen duten «berme» bat aipatu du Idigorasek: «Umea 2 urteko gela pribatuan matrikulatuz gero, plaza bermatuko diote hezkuntza ibilbide osoan; Haurreskolak partzuergotik ateratzean, ordea, hutsetik hasi behar da plaza bilatzen». Beraz, ikastetxe pribatuak «segregazioaren hastapena» direla ohartarazi du. 0-3 adin tarterako hezkuntza eskaintzaren eredua berrikusteko eskatu du Steilaseko kideak: «Familiak ohitzen ari dira hezkuntzagatik ordaindu behar izatera».

Uberak iritzi bera agertu du. Segregazioaz gain, sare publiko eta itunpekoaren arteko «korapiloa» askatzeko balio dezakeela gaineratu du, baita gizarte aldaketari heltzeko ere. «Arrakala soziala hezkuntzan egonkortzen ari da. Horri oinarritik heldu behar zaio: aukera berdintasuna, kohesioa eta inklusioa nahi badugu,0-3tik bermatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.